2017/02/09

Larunbatean izango da Korrikaren urtemuga-jaia

20. edizioaren atarian, Korrikaren urtemuga-jaia ospatuko dugu, urte asko atzera, ideia ero bezain zoragarria izan zuten horiek omendu eta Korrikazale amorratuok festa-giroan elkartzeko asmoz. Hitzordua larunbatean, hilak 11, daukagu, Irungo Ficoba Erakustazokan.


Egun osoko jaia izango da, 13:00etan hasi eta 19:30ak aldera bukatu. Korrikaren ideia zoroa mahai baten inguruan egin ziren hainbat bileratan hasi zen gauzatzen, baina, otordu batean eman omen zitzaion behin-betiko forma. Horregatik, urtemuga-jaiaren ardatza bazkari berezia izango da, ezohiko otordua, sorpresaz betea. Besteak beste, honakoen eskutik: Txaranga Pasai, Reyes Prados, Eñaut Gantxegi, Nerea Arriola, Gorka Zubeldia, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Sara Cozar, Artzen Letona, Peru Iparragirre, Kike Amonarriz, Amaia Irurtia, Elene Sorozabal... Eta zirkoa, antzerkia, bertsoa, bakarrizketak, dantza...

Korrika sortzaileei omenaldia 18:00etan egingo zaie. Bertan Asier Amondo Korrika arduradunak, Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusiak eta Korrikaren sortzaileek hartuko dute parte, baita aurreko Korrikatan arduradun izan direnek ere.

Bat egitera. Zuk egitera. BaTZuk.
Euskaraz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina