2016/09/30

AEKren familia hiztegia

 oinarrizko hiztegia aek 2016 bilaketarekin bat datozen irudiak
AEKren 2016ko oinarrizko familia hiztegia duzue hau, egunerokoan seme-alabekin hitz egiteko balioko dizuen hitzekin. Euskarazko hiztegi honetan gaztelaniazko eta frantsesezko adierak aurkituko dituzue.
 
 
Hiztegia baliagarria den arren, euskaran gehiago sakontzeko euskara ikastaroak egitea izaten da onena. Hitz hauek eta beste hainbeste ikasiko dituzu AEKn. Kendu zama gainetik eta ikasi euskara Goiztiri AEKn, modu afektibo eta efektiboan. Eman izena!

2016/09/29

Puxika laranjak, selfie-ak eta afektibotasuna


Ikasturte berria ate joka dugunez, aurkezpen festatxoa egin genuen atzo Ordiziako D'Elikatuzen. Kanpaina aurkeztu genuen eta euskara ikasteko arrazoi nagusia afektiboa izaten dela azpimarratu genuen: lagunekin hitz egiteko, seme-alabekin edo bilobekin euskaraz bizitzeko...

AEK %100 afektiboa izateaz gain, efektiboa ere badela nabarmendu genuen; izan ere, laneko egoera edo curriculuma hobetzeko modua ere izaten da AEKn, hori baita euskara ikasteko bigarren arrazoi nagusia.

Hau guztia biltzen duen AEKren spota ikusi genuen jarraian:


Euskarak eta euskaltegiak helburu guztiak gainditzen dituela aipatu genuen eta, hori gutxi balitz, euskara oinarri duten harreman afektibo berriak ere sortzen dituela. Horretan laguntzen dute ikasturtean zehar egiten ditugun kultur ekintzek. Azpiko aurkezpenean daude jasota iazko kultur ekintzetako irudiak:



Ekintza berri bat pentsatu genuen ekainean, spota hain zuzen ere, eta hor ere ikasleak izan genituen protagonista. Hauxe izan da emaitza:



Ekitaldian afektibotasuna eta gozamena lantzeko, jolasa egin genuen selfie-ak eta spoteko hiru protagonista uztartuz. Hiru talde osatu genituen eta pistak jarraituz, hiru gunetara iritsi behar zuten. Gune bakoitzean spoteko protagonistetako bat zuten zain eta talde osoak harekin argazkia, selfie-a ahal izanez gero, atera behar zuen. 




Hori egin eta gero, azken erronka burutu behar zuten: kaleko bi laguni bata bestearen bizkar gainean jartzeko esan, spoteko leloa eskuetan hartu eta haiekin argazkia atera. Hau guztia behar bezala burutu zuen lehen taldeak lortu zuen garaipena, 2. taldeak hain zuzen ere. 


Festatxoa amaitzeko, berriz, mokadutxoa egin genuen D'Elikatuz zentroaren kanpoaldean.



Ederki pasa genuen beste behin ere eta argi geratu zen jolasean sortutako gozamena eta harremanak ikusita, AEK %100 afektiboa dela. 2016/17 ikasturtean ere izaera berarekin jarraituko dugu: %100 afektibo eta efektibo.
 

2016/09/28

Mertxe Mugika 'Ahoz aho' saioan izan da


AEKren koordinatzaile nagusia den Mertxe Mugika ETBko Ahoz aho saioan izan zen duela astebete eta Ilaski Serranorekin solasean aritu zen. AEKren matrikulazio kanpainari buruz hitz egin zuen eta helburua ahalik eta jende gehien euskaltegietara hurbiltzea dela azpimarratu zuen. Korrikari buruz ere aritu ziren hizketan. Ikusi bideoa!

2016/09/27

Aurkezpen festa egingo dugu bihar Ordizian

Ikasturtea ate joka dugu eta abagunea aprobetxatuz, aurkezpen festa egingo dugu bihar, hilak 28, Ordiziako D'Elikatuz zentroan, 18:30ean. Aurtengo kanpainaren nondik norakoak azaldu eta spotak ikusiko ditugu. 


Horretaz gain, aurreko ikasturteko irudi ederren bildumaz gozatuko dugu eta, amaitzeko, spoteko protagonistak eta selfiak uztartuko dituen jolasa egingo dugu. Modakutxorik ere ez da faltako!

Gonbidatuta zaudete!

2016/09/26

Irailaren 30era arte izena emateko aukera



Datorren astean, urriaren 3an, hasiko dugu ikasturtea baina oraindik baduzue izena emateko aukera. Euskalduntze maila guztiak, azterketak prestatzeko ikastaroak, autoikaskuntza eta on-line...hainbat aukera dituzu AEKn. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue gure eskaintza. Interesik baduzue, ahalik eta azkarren jarri gurekin harremanetan. Bide hauek dituzue horretarako:

  • Ordizia edo Beasaingo euskaltegitik pasa: Ordiziako euskaltegia Nafarroa Beherea kaleko 1.zenbakian dago, Lukusin plazatik gertu, lehengo gaztetxearen atzealdean. Beasaingoa, berriz, J.M. Iturriotz kaleko 14 zenbakian, Basakana tabernatik gertu, Jokin Mujika dendaren ondoan.
    • Ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era.
  • Telefonoz deitu: 943 88 91 74 (Ordizia) edo 943 88 93 40 (Beasain). 
  • E-posta bidali: ordizia@aek.eus edo beasain@aek.eus



Kendu zama gainetik eta ikasi euskara Goiztiri AEKn modu afektibo eta efektiboan! 


2016/09/22

AIZU aldizkariaren iraileko alea kalean da



AIZU! aldizkariaren iraileko alean Elena Caballero Villanueva rap kantaria dugu protagonista. Aurten Izotz Erregina lana kaleratu du eta horren aitzakian egin diote elkarrizketa.

Aldizkari barruko orrialdetan, berriz, gaurkotasun handiko lau erreportaje topatuko dituzue: historiaren lekuko itsaskorrak, Xarnegu lurraldean barna, pantailari begira auto barrutik eta atlantikotik mundura.

Horretaz gain, “Arin-arin” atalean Ibon Gaztañazpi kazetari eta esatariari elkarrizketa egin diote AIZU!-ko lagunek. Oso adierazpen interesgarriak egin ditu kazetariak.

Bada apustuaren inguruko testigantzarik ere; artekarien lanak jarraitzen ez badu frontoia gauza bera izango al da? 

Hau guztia eta gehiago AIZU! aldizkarian duzu.

2016/09/21

Spot laburtua

Honezkero ikusiko zenuten 16/17 ikasturteko kanpainarako egindako iragarkia, ezta? Kendu zama gainetik/ Quítate un peso de encima lelopean, modu umoretsuan egin nahi izan dugu euskara ikasteko gonbita. Azpian duzuena spotaren bertsio laburtua da. Ikusi eta gozatu!




Gogoratu, epe ofiziala amaitu arren, oraindik ere baduzuela matrikulatzeko aukera irailean. Kendu zama gainetik eta ikasi euskara modu afektibo eta efektiboan Goiztiri AEKn!




2016/09/19

AEKren oinarrizko hiztegi orokorra

oinarrizko hiztegia aek 2016 bilaketarekin bat datozen irudiak

AEKren 2016ko oinarrizko hiztegi orokorra duzue hau, zuen egunerokorako balioko dizuen hitzekin. Euskarazko hiztegi honetan gaztelaniazko eta frantsesezko adierak aurkituko dituzue.


Hiztegia baliagarria den arren, euskaran gehiago sakontzeko euskara ikastaroak egitea izaten da onena. Hitz hauek eta beste hainbeste ikasiko dituzu AEKn. Kendu zama gainetik eta ikasi euskara Goiztiri AEKn, modu afektibo eta efektiboan. Eman izena!

2016/09/16

Euskara ikasleen festa Iruñean datorren asteazkenean

 

Irailaren 21ean, euskara ikasleen festa ospatuko da 19:00etatik aurrera, Zentral Kafe Antzokian, Iruñean. Kike Amonarrizek euskara ikasleei zuzendutako bakarrizketa eskainiko du: "Euskara ikasleen patologia linguistikoak: automedikaziorako gida”.

Horretaz gain, zuzeneko musika ere izango da: Gorka Armendariz eta Patxi Mercero (Leihotikan) Manugaitz, DJ Jotatxo, Pedro, Carlos eta Itzi (NX)+Unai (Proyecto Pez). Gainera, bertaratuko direnek oparia jasoko dute, eta lehiaketak nahiz sorpresak ere ez dira faltako. Era berean, irrati-elkarrizketa ere zuzenean ikusteko aukera egongo da Saioa Alkaizarekin eta Peio Arguiñarenarekin, Euskalerria Irratiko esatariekin. Jaia hasteko Mintzodromo mundiala antolatu da: talde txikietako jarduna, euskaraz mintzatzeko eta jende euskalduna ezagutzeko. 

Hori gutxi balitz, festa hasi aurretik, 18:00etan, Zentral Kafe Antzokiko terrazan, eskola bat eskainiko da:“Conoce una clase de euskera, iniciación”

Izena emateko euskaraikasleenbesta@gmail.com helbidera idatzi edo 948 21 04 33 telefono zenbakira deitu.

Iruñea, festa giroan, euskara ikasleen topalekua izatea nahiko genuke; euskara ikasi dutenena, euskara ikasten ari direnena, euskara ikaslea izatea pentsatzen ari direnena ere bai, baita euskaraz bizi nahi duen ororena ere. AEK %100 afektiboa!

2016/09/15

Matrikulatu orain eta errazago ordaindu!

Datorren ikasturterako matrikula irailaren 20a baino lehen egiten baduzu, hiru epetan ordaintzeko aukera izango duzu: irailean %40, urrian %30 eta azaroan %30. 

Beranduago matrikulatzen bazara, berriz, ohiko moduan, bi epetan ordainduko duzu: matrikulatzerakoan %60 eta azaroan %40. 


Eman izena lehenbailehen eta modu erosoagoan ordaindu!




2016/09/14

AEK: %100 afektiboa



Etxekoekin bizitzeko, lanean hobetzeko, asialdiaz gozatzeko...Euskara irakasteko modu afektiboa, euskara ikasteko modu efektiboa. AEK %100 AFEKTIBOA. EMAN IZENA!



2016/09/12

Matrikulazio epea zabalik irailaren 20ra arte


Datorren ikasturtean, 16/17, euskara ikasteko matrikulazio epea zabalik dugu Goiztiri AEKn. Hauxe da gure eskaintza:
  • Euskara klaseak / clases de euskera: A1, A2, B1, B2, C1mailak.
  • Hizkuntza azterketak prestatzeko ikastaroak: B1, B2, C1 mailak.
  • Mintza-taldeak: ahozko euskara praktikatzeko.
  • Jardun bikoa / curso combinado: 120 ordu aurrez aurre, 80 ordu banakako lanean, 10 ordu tutoretza / 120 horas de clases presenciales, 80 horas de trabajo individual y 10 horas de tutoría.
  • Autoikaskuntza / autoaprendizaje: lanak etxean egin, 15 egunean behin tutoretza eta astero mintzapraktika / trabajos para hacer en casa, tutoría cada 15 días y practica oral cada semana.
  • On-line: B1, B2, C1 eta C2 mailak.
  • Motibazio saioak / curso de motivación: Euslider egitasmoa.
  • Euskara lan munduan / el euskera en el mundo laboral
  • Etorkinentzat ikastaroak / cursos para inmigrantes: AISA.
  • Guraso taldeak / grupos de madres y padres




Matrikulazio epea irailaren 20ra arte dago zabalik. Izena emateko, edo informazioa eskatzeko, Beasaingo eta Ordiziako euskaltegian aurkituko gaituzu astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era.


GOIZTIRI AEK EUSKALTEGIA

  • Ordizia: 
    • Helbidea: Nafarroa Beherea,1. 
    • Telefono zenbakia: 943 88 91 74.
    • E-posta helbidea: ordizia@aek.org 
  • Beasain: 
    • Helbidea: Joxe Miel Iturriotz, 14 behea. 
    • Telefono zenbakia: 943 88 93 40 
    • E-posta helbidea: beasain@aek.org



Kendu zama gainetik eta matrikulatu Goiztiri AEKn euskara modua afektibo eta efektiboan ikasteko! Quítate un peso de encima y aprende euskera en Goiztiri AEK de forma afectiva y efectiva!

2016/09/08

Kendu zama gainetik! / Quítate un peso de encima!

2016/17 ikasturteko matrikulazio kanpainako spotak zera dio: kendu zama gainetik / quítate un peso de encima! Ahaztu itzulpenak eta ikasi euskara Goiztiri AEKn. Zure zain gaude!



Ordiziarrek eskuratu dute zozkatutako produktu sorta

Gazta lehiaketa Joseba Intsausti ordiziarrak irabazi zuen atzo eta guk zozkatutako produktu sorta ere bertakoen esku geratu da. Zenbaki saritua 0267 izan da eta atzo arratsaldean agertu zen, ordezkoaren zain egon beharrik gabe.


Santi Fernandez Fernandez eta Amparo Casado Bajo ordiziarrak gaur goizean izan ditugu euskaltegian saria jasotzen.


Bejondeizuela bikote eta on egin!

2016/09/07

Bertako produktuen zozketaren zenbaki saritua: 0267



Dakizuen bezala, Ordiziako Euskal Jaien azokan bertako produktu sorta zozketatzen dugu urtero eta gaurkoan ere hantxe izan gara txartelak saltzen. Mahaia produktu ederrez bete dugu, argazkian ikus daitekeen bezala.


Goiz osoan errifak saltzen aritu eta gero, ordubi eta erdietan egin dugu zozketa, neskatila jator honen laguntzaz:


Bideoan ikus daitekeen moduan, 0267 zenbakia izan da saritua. Irabazleak bihar, irailak 8, 14:30ak baino lehenago deitu behar du euskaltegira saria jasotzeko (943 88 91 74).

Sariduna agertzen ez bada, ordezko zenbakia ere atera dugu: 0270. 


Ordezkoak ostiralera arteko  epea, irailak 9, 14:30era arte, izango du saria jasotzeko.


Beraz, irabazlea 0267 zenbakia izan da eta ordezkoa 0270.  Begiratu erositako errifak eta azkar ibili!

Mila esker errifa erosi duzuen guztioi, euskalduntze lanetan jarraitzeko bultzada emateagatik eta datorren urtera arte!

2016/09/06

Ordiziako azoka berezian izango gara bihar

Urteroko ohiturari jarraituz, Ordiziako Euskal Jaien Azoka Berezian postua jarriko dugu bihar. Bertako produktuz betetako saskia zozketatzeko errifak salduko ditugu euro baten truke. Hainbat elikagaiz hornitutako produktu-sorta irabazteko aukera izango duzu errifa erosiz gero: tomatea, porruak, perrexila, ardoa, arrautzak, ogia, patatak, tipulak, gazta...Gainera, bide batez, euskalduntze lanean jarraitzeko laguntza emango diozu AEKri. 

Errifa erosteko asmorik baduzu, Barrena parean aurkituko gaituzu, Jakes etxearen aurrealdean, Pias tabernaren ondoan, hain zuzen ere.
Animatu eta hurbildu!

2016/09/05

Zertan ari ote dira?

Bideoan ageri diren lagun hauek zertan ari ote dira? Adi ibili, ostegunetik aurrera jakingo duzue eta!