2010/04/30

Zeraingo Aizpea meategietara bisita gidatua Beasaingo Goiztiri AEK Euskaltegitik.

Beasaingo Goiztiri AEKren euskaltegian hainbat ikasle ari da euskara ikasten. Besteak beste,adinekoak, etorkinak, gaztetxoak,... Datorren maiatzaren 11n, asteartea, 18:00etan Zeraina joango dira ikasleak bertako meategiak ezagutzera. Irteera irekia izango da, beraz, nahi duenak parte har dezake. Zeraina bertaratzeko norbere automobila erabili beharko da. Ahal bada izena emandakoekin taldeak osatuko dira elkarrekin bertaratzeko. Izena eman nahi duenak deitu edota Beasaingo Goiztiri AEK euskaltegira gerturatu, datorren maiatzaren 7a, ostirala, baino lehen. Bisita, 18:00etan hasiko da Zerainen bertan. Bertaratutako guztiek meategiak ezagutuko dituzte. Bisita 20:00ak aldera amaituko da. Anima zaitezte!

2010/04/22

Beasaingo Goiztiri AEK euskaltegian euskara eskoletan aritu diren jubilatuek bukatu dute ikastaroa.

Beasaingo Goiztiri AEK euskaltegian hainbat ikasle ari dira euskara ikasten 09-10 ikasturtean; besteak beste, jubilatuak. Euskaltegiz kanpo Jubilatu Etxean eman dugu 60 orduko ikastaroa. Jubilatuek beraiek hala eskatuta eta Beasaingo Udaleko euskara nahiz ongizate sailaren babesarekin beraiei egokitako ikastaroa izan da martxoa bitartean eman duguna. Balorazio oso ona egin dute ikastaroan parte hartu duten 11 ikasleek eta 10-11 ikasturtean jarraituko dutela adierazi. Argazkian ikus daiteke zein pozik eta alai joan diren aipatu taldeko kideak astean birritan, ordu eta erdiko saioetara.

"Euskal kantagintza berriaren historia laburra" musika-solasaldia maiatzaren 5ean Ordizian.

Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak, Ordiziako Udalak EBPNaren babesarekin lagunduta, musika-solasaldia antolatu du. Andoni Tolosa "Morau" kantautoreak, musika munduan lanean duela urte asko hasi zen hernaniarrak, atzoko, gaurko eta biharko abestiak eskainiko ditu. Ordiziako D´Elicatuz zentroan izango da musika-solasaldia, datorren maiatzaren 5ean, asteazkena, 18:00etan. Herritar orori zabaldua, beraz, anima zaitezte!

2010/04/16

Goierriko Goiztiri Aek-ko ikasle-irakasleak eta Ordiziako herritarrak Gorrotxategi-Konfiteriaren museoan.

Konfiteroaren lana, duela 100 bat urte zein zen eta nolakoa zen ikasi zuten bertaratutako guztiek. Egiten zituzten produktu desberdinak egiteko tresneria ikusi zuten: kafearen eta kakaoaren birrinketa eta txigorketarako tresnak, lehendabiziko irabiagailuak, turroia eta izozkiak prestatzeko tresnak, kandelak egiteko sistemak, sukaldea, labea,... Duela 100 urte inguruko konfiteroek non eta nola lan egiten zuten azaldu zuten. Museoa polita da, interesgarria, eta azalpenak ere oso interesgarriak! Museoak pieza asko dauzka; duen tresna kopurua eta hauen aniztasuna harrigarriak dira. Bisitaren amaieran, bertaratutako guztiek txokolate beroa ere dastatu zuten!

2010/04/15

XIX.txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa jokoan da jada.

Txiste edota pasadizo bitxiren bat buruan baduzu pasa ezazu lehenbailehen paperera eta bidali AEK-ra. Izan ere, Goierriko Goiztiri AEK Euskaltegiak Ordiziako Udaleko EBPNren babesean antolatuta XIX. Txiste eta Pasadizo Idatzien lehiaketa jokoan da jada. 16 urtetik gora badituzu parte har dezakezu soilik eta txiste nahiz pasadizoak euskalkiaz edota euskara batuan idatziak izango dira; nahi adina bidal ditzakezu. 3 txiste onenek bina afariko saria izango dute zain, Itsasoko Osatu Jatetxean, Ormaiztegiko Kuko Jatetxean eta Zeraingo Mandioa Jatetxean.Txisteak jasotzeko azken eguna maiatzaren 21a izango da eta helbide honetara bidali behar dira: Goiztiri AEK-ren Euskaltegiren batera. E-mail-ez bidal ditzakezu txisteak: beasain@aek.org, ordizia@aek.org edo goierri@aek.org. Anima zaitezte!

2010/04/13

Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak antolatua Seguran izan ziren hainbat lagun.

Klasetik kanpo euskararen erabilera sustatzeko zein irakaslea ez den baten euskarazko jarduna jasotzeko Goiztiri AEK euskaltegiko hainbat ikasle, irakasle... Seguran izan ziren.

Argazkian, inguratutako kide batzuk azalpenak entzuten ikus ditzakegu.

Egunkaria absolbitua!

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, IƱaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ren itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Euskaldunon Egunkaria. (BERRIA).