2016/11/30

Axari taldearen aurkezpena


Idiazabalen ere badugu euskara ikasten ari den taldea. Ikasturtea hilabete honetan hasi dute eta bideoan grabatu dute euren aurkezpena, beraien berri izan dezagun. Grabatu zuten unean, Mounir falta zen eta, beraz, berea beste bideo batean grabatua dago. Ikusi Axari taldekoen aurkezpena!






2016/11/29

Hainbat ekitaldi izango dira Goierrin euskararen eguna ospatzeko


Larunbatean, abenduaren 3an, izaten da Euskararen Nazioarteko eguna eta egun berezi hori kontuan hartuta, hainbat ekintza antolatu dira Goierrin. Beasaingo eta Ordiziako ekitaldien berri jaso dugu eta hementxe duzue bildua.

Beasain

Abenduaren 2an ospatuko da Beasainen eta hau da egitaraua:

  • Murala janztea. Egun osoan mural bat egongo da Loinazko San Martin plaza azpian, herriko elkarte, euskara ikasle, mintzalagun edo norbanakoek bertan euren testigantza edo ekarpena jasotzeko. Mural horretan, edozein motatako idatziak (esaldi, mezu, kanta, poesia,…) marrazkiak edota objektuak jar daitezke. Helburua da herriko euskaldun guztion artean mosaiko edo puzzle handi bat osatzea.
  • Erraldoi eta buruhandiak. 17:30ean aterako dira. 
  • Mintzodromoa. 18:30ean izango da, plaza azpian. Euskara ikasten ari direnak edo euskara hobetu nahi dutenak euskara dakitenekin elkartuko dira toki berean tertulia giroan. Parte hartu nahi baduzu, Beasaingo gure euskaltegian eman dezakezu izena.


Ordizia
Ordizian hiru egunetan ospatuko dute eta hauxe da egingo dutena:
  • Abenduak 1. Iñaki Perurenaren hitzaldia, 18:30ean, Barrenan. Hitzaro Euskara elkarteak antolatua.
  • Abenduak 2. 
    • 10:30ean. Euskararen aldeko jaialdia: musika, bertsoak, kantuak...
      • DBH eta Batxilergoko ikasleak frontoi txikian.
      • Lehen Hezkuntzako ikasleak Plaza nagusian.
      • Haur Hezkuntzako ikasleak Barandiaran plazan. 
    • 16:00etan. Bingo jokoa eta euskaraz abestea, Jubilatueneko euskara taldearekin. Zuhaiztin, jubilatuenean. Zuhaizti eta AEK-k antolatua.
    • 20:00etan. 'Ordizia kantari' plaza nagusian. Oroith, Umore Ona, Larrunari eta Santa Ana abesbatzak abestu eta Amets Biden dantzatutako euskal abestiak.
  • Abenduak 3. 
    • 18:30ean. Euskarak plazaratzen gaitu! Euskararen aldeko elkarretaratzea. Zesurari aitortza. Plaza nagusian. Hitzarok antolatua. 
    • 19:30ean. 'Batzunbatzuk' euskal kantuen kontzertu akustikoa. D'Elikatuz gunean.  Ordiziarockek antolatua.
Urdaneta, Jakintza eta Oianguren ikastetxeetakoek ere gauza ugari egingo dituzte ostiralean euren ikastetxeetan bertan.

Parte hartu ekitaldietan eta gogoratu euskarak 365 egun dituela! Euskaraz bizi nahi dugu!

2016/11/28

Izan Korrika laguntzaile!


20.Korrikaren atarian gaude! Berriro ere, Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko dugu, ozen, euskararen aldeko aldarria. Eta hori horrela izan dadin, zure laguntza behar du AEK-k. Aurreko KORRIKA amaitu zenetik, gizartearen bultzada azpimarratu nahi dugu; alde batetik, euskahalduntzeko deiari kasu eginda, euskaraz bizitzeko hautua irmoago dago; beste aldetik, herritar gehiago hurbiltzen dira euskaltegietara. Administrazioari dagokionez, esan behar dugu oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez direla nahikoa gure jarduna behar bezala gauzatzeko. Hori dela eta, 20. KORRIKAk jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k.


Aurten ere laguntza bera eskatzera gatoz, hau da, 20. Korrikaren Korrika laguntzailea izan zaitezen nahi dugu. 12 euroren truke jasoko duzu aurtengo 20. Korrikaren Korrika laguntzailearen pina, urtarriletik aurrera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika laguntzaile txartela eta txartela onartuko duten komertzioen zerrenda dakarren katalogoa. Eta, batik bat, 12 euro emanez, Korrika laguntzailea izango zara.

Oraindik Korrika laguntzailea ez bazara, gure euskaltegian eska dezakezu pina, txartela eta katalogoa.

Abantaila gehiago

Hala nahi duten KORRIKA laguntzaileek BERRIA doan jasoko dute hilabetez, asteburuetan. Hori gauzatzeko, laguntzaileek eskaera egin behar dute www.berria.eus/korrikalaguntzailea helbidean edo 943 304345 telefonoan.


Bestetik, sari bereziak ere zozkatuko dira Korrika laguntzaileen artean. Azarotik aurrera, unean- unean saridun zareten jakinaraziko dizuegu. Egunotan izango da lehen zozketa, beraz, adi ibili! Zorte on!

2016/11/25

Euskara irakasle izateko oinarrizko online ikastaroa



AEK-k euskara irakasle izateko oinarrizko ikastaroa antolatu du. Online ikastaroa izango da, urtarriletik maiatzera. Hona hemen xehetasunak:
  • Ikastaroaren iraupena: urtarrilaren 16tik maiatzaren 26ra
  • Ikastaroaren gunea: www.egela.aek.eus
  • Prezioa: 450 €
  • Matrikulatzeko azken eguna: abenduak 16
  • Informazioa eta izen-ematea: e-idazkaritza@aek.eus

Euskara ikasten ari diren helduentzako tailerrak izango dira Durangoko azokan


Abenduaren 2an, azokako lehenengo egunean, Ikasle egunean, euskara ikasten ari diren helduen taldeek (euskaltegi, berbalagun, irakurketa klubak...) hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa tailerra, hip-hop tailerra, Wikipediaren funtzionamendua ezagutu eta bertan editatzen ikasteko tailerra eta Durangoko 'listoriatura'-ri buruzko bisita gidatua, besteak beste. Wikipediaren inguruko tailerrean oinarrizko euskara maila izatea beharrezkoa izango da.

Ikastaro hauetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea:
  • E-posta: ikasleak@durangokoazoka.eus 
  • Telefono zenbakia:  946 818 066
Eman izena!

2016/11/24

Errigoraren 14.000 saski inguru eskatu dira

Errigoraren udazkeneko kanpainan 14.000 saski inguru saldu dira; beraz, inoiz baino arrakastatsuagoa izan da kanpaina hau eta ametsak betetzen lagundu diegu. Azpiko mezu hau helarazi dute Errigorakoek:

14.000 inguru dira eskatutako saskiak! Jauzi ederra. Inoiz baino gehiago izan dira eskatzaileak. Eta ez hori bakarrik, inoiz baino zabalpen handiagoa izan du kanpainak berak eta  amets berrietarako egindako deiak kalean, ahoz.aho, sare sozialetan, komunikabideetan... Ederra izan da. 

Ahalegin kolektibo honi esker, 175.000€ inguruko ekarpen ekonomikoa izango dugu aurtengoan Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako. Bere garaian euskararen berreskurapenerako, Nafarroa hegoaldeko euskaltzale ameslariek, martxan jarritako proiektuek aurrera jarrai dezaten hauspoa izango da zalantzarik gabe. Eta harago goazenez, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren amets berriak hauspotzeko ere izango da baliagarri.

Azaroaren 19an Ablitasen Euskal Herriko bazter desberdinetatik bertaratuko garen lagunok, bertako lagunekin batera, berriro ere auzolanaren argazki polita osatuko dugu milaka kutxa muntatzeko.Eta hurrengo egunetan, auzolanean jakina, eskuz esku helduko dira Euskal Herriko txoko guztietara, 200 herritik gora izango dira kutxa beltzak eta kutxa zuriak helmuga izango dituztenak. Ederra!

Segi dezagun bada #ZURIesker ametsak egia bihurtzen.

2016/11/23

Sagardotegiko fauna

Ordiziako B2 taldekoek irratsaio bat entzun dute eta kazetari lanari heldu diote. Izan ere, sagardotegiko faunari buruzko erreportajea idatzi dute egunkarian argitaratzeko. Irakurri erreportajea eta ea aipatutakoekin ados zaudeten. Egin iruzkina zer pentsatzen duzuen kontatzeko.


2016/11/22

Orkliko langileen aurkezpena

Orkliko langileen taldea ere badugu euskaltegian eta bertako ikasle diren Esperanza Garcia eta Iñaki Beristainek euren burua aurkeztu nahi izan dute.



Bingo-jokoa lexikoa ikasteko

Ordiziako AISA taldekoek bingo-jokoa egin zuten aditzak ikasteko eta bideoan grabatu zuten jolasaren zati bat, nola egiten duten ikusteko. Zer ondo pasatzen duten ikasleek!




2016/11/21

Aho-korapiloak

Ordiziako goizeko A1 taldekoek hainbat aho-korapilo irakurri dituzte. Gai al zarete aho-korapilo hauek eurek baino hobeto egiteko? Ea ba, erakutsi!


Asmatu tokia!



Ordiziako iluntzeko A2 taldekoek maila bereko goizeko taldekoei erronka bota diete: eurek prestatutako pistekin zer tokiri buruz ari diren asmatzea. Eman erantzunak eta zorte on!

2016/11/18

Talde gehiago ezagutu nahi al dituzu?


EGA taldekoen argazkia, Ordiziako A1 eguerdiko taldearena eta Ordiziako goizeko A2koena jaso ditugu. Ezagutzen  al dituzue ikasle jator hauek?



2016/11/16

Eusliderrak tailerrak

AEKren Ahize Hizkuntza Aholkularitza zerbitzuak Eusliderrak tailerrak eskaintzen ditu. Zer helburu dute Euslider tailerrek?  Bada, euskararen erabileran eragitea, hizkuntza portaera berriak sortzea eta eraldaketa sustatzea.



Ahizeren katalogoa

2016/11/15

Neguko irakurle kanpaina martxan da


Aurtengo neguko irakurle kanpainaren katalogoa iritsi da dagoeneko eta AEKren ikasleok hainbat produktu aurkituko dituzue bertan, saltokietan baino merkeago, gainera. Euskarazko liburuak (mailaren arabera sailkatuak),  diskoak, hiztegiak eta jokoa aurkituko dituzue kanpaina honetan.


Zerbait erosteko interesa izanez gero, honako pauso hauek jarraitu behar dituzue:
  • Pdfan dagoen azken orria bete.  
  • Ordainketa egin jartzen duen moduan, euskaltegiaren izena ipinita.
  • Irakasleari eman betetako eskaera orria eta ordainagiria.
  • Azken eguna: azaroak 29

Erosi, eta gozatu euskaraz eta euskal kulturaz!

Tipi-tapa Korrika!


Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Korrikari omenaldia egin nahi izan diote azken disko-liburuan. Disko-liburu horretako aurrerapen kanta da azpiko bideoan duzuena. Letra Uxue Alberdirena da eta musika, berriz, Xabier Zabalarena. Entzun eta gozatu!



2016/11/14

Langebetuentzako doako euskara ikastaroa Ordizian

Ordiziako Udalaren laguntzaz, doako euskara ikastaroa antolatu dugu langabetuentzat. Ikastaroan parte hartu ahal izateko, Ordizian erroldatua izan behar da, 18 urtetik gorakoa eta gutxienez sei hilabete jarraian langabezian dagoena.

Ikastaroari buruzko xehetasunak:
  • Data: abenduaren 1etik martxoaren 14ra.
  • Ordu kopurua: 165
  • Egunak: astelehenetik ostegunera
  • Ordutegia: 09:30etik 13:00etara
  • Izen-ematea: azaroaren 29ra arte. Izen-emate orria bete behar da euskaraz (ezin bada, gaztelaniaz) eta Lanbideren dokumentazioa ekarri NANaren kopiarekin batera. Agiriak Ordiziako Udaleko euskara sailean (Kale nagusia, 26, 1 solairua; 943 80 56 22 edota esep@ordizia.eus) edota Ordiziako euskaltegian (Nafarroa Beherea kalea, 1; 943 88 91 74  edota ordizia@aek.eus) entregatu beharko dira.

Plaza mugatuak daude, beraz, azkar ibili!



Izen-emate orriak eta informazio gehiago Ordiziako Udalaren webgunean.

2016/11/11

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Korrika!

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Korrikari eskaini diote ikuskizun berria. Horrekin batera, disko bikoitza kaleratu dute: bata, Tipi-Tapa Korrika lana, euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren omenez eta, bestea,  Haizearen harira diskoa, Imanol Urbieta kantugilea gogoan harturik.


Eibarren estreinatuko dute asteburuan baina Legazpin izan dira aurre estreinaldia egiten. Goierriko Hitzako lagunek bideoan eta kronika honetan jaso dute Legazpin gertatutakoaren berri.


Tipi-Tapa KORRIKA!

2016/11/10

Azaroko lehiaketa

 

Hilabete honetako galdera: Non hasi eta non amaituko da 20.Korrika?

Saria: Abenduan Goierrin egingo diren liburu azoketako batean erabiltzeko 50 euroko bonua.

Parte hartzeko azken eguna: azaroak 30.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.



Lehiaketaren laguntzaileak:


2016/11/09

Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak

AEK-k antolatzen duen 20.Korrika 2017ko martxoaren 30ean hasiko da Otxandion eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean.  Korrikaren 20.edizioren leloa BATZUK izango da, hizkuntza, kultura eta mundu BATZUK irudikatu nahi baititu. 1980. urtean Korrika sortu zutenek jasoko dute 20. edizioaren omenaldia.



Korrikaren 20. edizioa aurkeztu dute AEK eta Korrikaren arduradunek Donostiako San Telmo museoan. Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ondoren. San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak gidatu dute ekitaldia, eta bertan zeuden AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak ere. Mugikak esan du “aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago dagoela euskal gizartean”. Bere esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: “Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia”. “Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez dira nahikoak ”, adierazi du Mugikak.

Bat baino gehiago



Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko, “hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira”. Asier Amondok azaldu du leloa: “Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”.

Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, “euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da”, Amondoren hitzetan. Korrika batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.



Korrikari buruzko informazio guztia Korrikaren webgunean.

2016/11/04

EGA/C1 titulua ateratzeko taldea martxan

aek efektibo bilaketarekin bat datozen irudiak

Euskarazko EGA edo C1 titulua ateratzeko prestatu nahi duzu? Bada, Goiztiri AEKn duzu aukera. Martxan dugu jada taldea eta eskolak astelehen, astearte eta asteazkenetan izaten dira, 09:30etik 11:30era (ostegunetan ere eskolak izango dira abendura arte). Animatu eta eman izena lehenbailehen!

 

20. Korrika badator


Ate-joka dugu 20. Korrika! Datorren asteazkenean, hilak 9, izango da aurkezpena Donostiako San Telmo museoan. Bertan mezua/leloa azaltzeaz gain, datak, hasiera-bukaera eta omendua bera aipatuko ditugu. Adi ibili, beraz!

20.KORRIKA...euskara: hizkuntza, kultura, mundu #BAT.


2016/11/03

Ametsak egi bihurtzen jarraitu

Eskatu Errigoraren saskia(k) eta zuri esker ametsak betetzen jarraituko dute!