AEK-k antolatzen duen 20.Korrika 2017ko martxoaren 30ean hasiko da Otxandion eta apirilaren 9an
amaituko da Iruñean. Korrikaren 20.edizioren leloa BATZUK izango da, hizkuntza, kultura eta mundu BATZUK
irudikatu nahi baititu. 1980. urtean Korrika sortu zutenek jasoko dute
20. edizioaren omenaldia.
Korrikaren 20. edizioa aurkeztu dute AEK eta Korrikaren arduradunek
Donostiako San Telmo museoan. Datorren urteko martxoaren 30ean
Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean,
eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ondoren. San
Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio
Mendiburuk sortutakoa.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak gidatu dute ekitaldia, eta bertan zeuden AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak ere. Mugikak esan du “aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago dagoela euskal gizartean”. Bere esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: “Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia”. “Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez dira nahikoak ”, adierazi du Mugikak.
Bat baino gehiago
Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko, “hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira”. Asier Amondok azaldu du leloa: “Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”.
Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, “euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da”, Amondoren hitzetan. Korrika batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina