Euskaltegiko goizeko talde batzuetako ikasleak Seguran izan ziren joan den asteazkenean. Ardixarra Interpretazio zentroa bisitatu zuten eta baita herriko bi jauregi ere. Horretaz gain, karkabak, putzua eta herriko ateak ere ikusi zituzten. Azkenik, Lardizabal etxea, udaletxea, kanpotik aztertu zuten. Goiz pasa ederra egin zuten eta gertuko herria hobeto ezagutzeko parada izan zuten.
2016/03/22
Autu Mautu ipuina kontatzen
Ahoz aho jaialdiaren barruan, Autu Mautu ipuin-kontalariaren bisita izan genuen euskaltegian. Ikasle eta irakasleak adi-adi aritu ziren Autu Mauturen narrazioa entzuten. Entzuteaz gain, euskaltegiko irakasle batek ere lagundu zion kontalariari bere jardunarekin. Ederra izan zen saioa eta gehiagoren egarriz geratu ginen. Datorren urtera arte, beraz!
2016/03/15
Esaera zaharren txapelketa Sopelan
Udaberria ate joka daukagu, eta horrekin batera, Esaera Zaharren Sopelako Txapelketaren XXIII. edizioa. Apirilaren 9a aukeratu dute Sopelako AEK-ko lagunek aurtengo edizioa burutzeko.
Bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta euskaraz primeran pasatzea da ekitaldiaren helburua. Lehiaketan taldeka - 2, 3 edo 4 lagunek osatutako taldea- hartzen da parte eta izena eman behar da apirilaren 4a baino lehen.
Parte-hartzaileek bertsoak entzungo dituzte eta esaera zaharrekin identifikatu beharko dituzte. Esaera zahar horien zerrenda (100 esaera) aurrez lortzeko aukera ere izango da, parte hartzeko asmoa dutenek esaerak ikasteko eta praktikatzeko aukera izan dezaten.
Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, parte-hartzaileak multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute Algortako Bertso Eskolako kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako, puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen.
Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Itxaso Paia eta Odei Barroso bertsolarien ahoetatik.
Izen-emateak 10 euro balio du taldeko eta bazkariak 20 euro pertsonako. Sariak ere egongo dira!
Informazioa eta izen emateak: telefonoz (618.57.44.45 / 695.77.40.15) edo posta elektronikoz (jose-p@aek.eus / aitor-f@aek.eus).
2016/03/11
Martxan da Irlandako Korrika
Martxoaren 4an hasi zen Rith 2016, gaelikoaren aldeko lasterketaren laugarren edizioa. Cill Droicheadetik (Kildare) abiatu eta 1000 kilometro baino gehiago egin eta 200 herri zeharkatu ondoren, Dublinen bukatuko da astelehenean. Azken egun horretan, korrikalariek eskuz esku elkarri pasatzen dioten lekuko barruko mezu sekretua irakurriko da, Korrikan bezala.
Irlandara gerturatzerik ez, baina, laguntzeko prest dagoenak ziber-kilometroak eros ditzake RITH 2016ren webgunean.
Gaelikoa ere egoera larrian dago
Munduan gaelikoa hitz egiteko gauza diren pertsonak ez dira bi milioira iristen. Irlandako lehen hizkuntza ofiziala izan arren, gaelikoa hizkuntza gutxitua da gaur egun, eta are egoera zailagoan aurkitzen da Ipar Irlandan. Arazoa ikusita, 2010ean, lasterketa honen antolatzaileei AEK-k antolatzen duen Korrikaren “ahizpa irlandarra” egitea bururatu zitzaien, eta AEKren zein Korrikaren laguntza izan zuten.
Rith ez da Korrikaren ahizpa bakarra. Gogoratu behar dugu Bretainian AR REDADEG lasterketa egiten dutela. Aurtengoa, apirilaren 24tik maiatzaren 7ra (St.Ervlan/Naonedetik Lokoal-Mendonera), bretoiaren aldeko ekimenaren laugarren edizioa izango da.
2016/03/10
Ahoz aho jaialdia euskaltegira hurbilduko da
Ahoz-Aho jaialdiaren edizio berriak, zortzigarrena, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak eta beste ikuskizun mordo bat ekarriko ditu Ordiziara, denak ere ipuinetan oinarritutakoak. Ahoz Aho jaialdia pasa den martxoaren 5ean hasi zen, IV Narrazio lehiaketarekin, eta datorren astelehenean, martxoak 14, Ordiziako euskaltegira gerturatuko zaigu jaialdia, arratsaldeko seietan.
Euskal Herriko Autu Mautu etorriko da euskaltegiko ikasle eta irakasleak bere ikuskizunarekin liluratzeko asmoz. Hementxe duzue berari buruzko informazioa, sortzailearen eskutik :
Alberto Bargos, 1965, Meatzaldea, Euskal Herria. Duela 16 urte hasi nintzen ipuinak kontatzen, ahoz eta idatziz. Nire lehen semea jaio zenean hain zuzen ere. Kasualitateak ipuin-kontalari egin ninduen zalantzarik gabe.Baita nomada pixka bat izateak leku guztietan ikasiz baina egia da haur hezkuntzako maisua izateak trebatu ninduela.
Egun batean, lagun bat ondoan nuela bere gitarrarekin, jarri ginen aurreko aldiz eszenatoki baten gainean nahiz eta nik gehien bat gustuko dut , ikuslegoaren parean egotea… hurbiltasuna, begiez gozatzeko abagune paregabea… badakizue. Handik geroztik Euskal Herrian zehar nabil, nire Herri nimiƱo honetatik.
Nire hitzak bai airera bai paperera botatzen ditut eta, ondo pasatzeaz gain kutsu txiki bat utzi nahi dut beti: mundua hobetu dezakegula.
Ahoz Aho jaialdiari buruzko informazio gehiago hemen.
2016/03/09
Martxoko lehiaketa
Hilabete honetako galdera: Nongoak dira Tere Irastortza eta Karlos Gorrindo idazleak?
Saria: Tere Irastortzaren Mundua betetzen zenuten poesia liburua eta Karlos Gorrindoren Ezpainak arrainak bezala nobela.
Parte hartzeko azken eguna: martxoak 31.
Bidali zure erantzuna:
- E-posta: goierri@aek.org
- Whatsapp mezua: 607 635 687
Lehiaketaren laguntzaileak:
2016/03/08
Beasaingo goizeko taldekoak AIZU aldizkarian
Beasaingo goizeko B1 taldeko ikasleak AIZU aldizkariaren martxoko alean agertu dira, Ika-mika atalean. Elizaren ondasun jabetzaren auziaren inguruko iritzia eman dute. Irakurri hemen euren adierazpenak. Dotore hitz egin dute, ezta? Zer diozue, zer iruditu zaizue?
2016/03/07
Trikitixa, sagardotegia eta giro ona
Hainbat kultur ekintza egin ohi ditugu ikasturtean zehar: batzuk berriak eta beste batzuk urterokoak, ia tradizio bihurtuak. Azken horietakoa da sagardotegira egiten dugun irteera. Ataungo Urbitarte sagardotegira joan ginen ostiralean, Ordiziako Mintzalagunekin eta Hitzaro euskara elkarteko kideekin batera.
Bapo afaldu genuen eta giroa alaitzeko trikitilarien laguntza izan genuen. Datorren urtekoaren zain izango gara orain!
2016/03/04
Sagardotegira irteera gaur
Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Ordiziako Mintzalagunekin eta Hitzaroko bazkideekin batera, Ataungo Urbitarte sagardotegira joango gara gaur. Autobusa Ordiziatik aterako da 08:30ean eta geldialdiak egingo ditu Beasainen zein sagardotegirako bidean. Urteroko moduan, otordu ederrik, sagardorik, trikiti doinurik eta dantzarik ez da faltako. Ederki pasako dugu, zalantzarik gabe!
Adi egon, gaurko gauaren lekukotza grafikoa izango duzue-eta blogean datorren astean!
2016/03/02
Udako barnetegia %25 merkeago AEKren ikasleentzat
AEK-ko ikaslea bazara eta udan barnetegia egiteko asmoa badaukazu, deskontu ederra izan dezakezu. Izan ere, martxoaren 18a baino lehen ematen baduzu izena, %25 gutxiago ordaindu beharko duzu, AEK-ko ikaslea izateagatik.
Barnetegietan, egunean sei orduz egongo zara eskolan euskara ikasten, eta, horiek bukatuta, euskaraz mintzatzen jarraituko duzu. Barnetegia ezinbesteko bultzada da euskararen ikas prozesuan, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera bikaina, 15 egunez inguru euskaldunean murgiltzeko bidea ematen baitizu.
Gainera, hainbat aukera duzu:
- EUSKALDUNTZE BARNETEGIA (B1, B2, C1): uztailaren 4tik 17ra, uztailaren 18tik 31ra, abuztuaren 1etik abuztuaren 14ra, abuztuaren 15etik 28ra eta abuztuaren 29tik irailaren 11ra
- EUSKALDUNTZE BARNETEGIA (A2): uztailaren 18tik 31ra
- EGA/C1 MAILA AZTERKETA PRESTATZEKO BARNETEGIA: abuztuaren 15etik 28ra
- MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETA PRESTATZEKO BARNETEGIA (B1, B2): abuztuaren 29tik irailaren 11ra
- FAMILIA BARNETEGIA: uztailaren 4tik 15era, uztailaren 18tik 29ra, abuztuaren 1etik 12ra eta abuztuaren 15etik 26ra
Aprobetxatu AEK-ren eskaintza berezia! Ez galdu aukera!
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)