2019/02/27

"Euskalgintza eta feminismoa" bertso saioa Iruñean

Euskalgintza eta feminismoa gaiaren inguruko bertso-saio berezia eskainiko dute Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek. Martxoaren 15ean izango da Iruñean.



Ekitaldia Nafarroako AEK-k antolatua da eta Aitziber Sarasolari eskainita dago. AEKidearen omenezko egitasmoaren 5. edizioa dugu aurtengoa.

Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Iruñeko Katakrak aretoan. Bertan, mokadu pare bat eskainiko zaie bertaratutakoei.

Doakoa da baina aurrez izena eman behar da nafarroa@aek.eus helbidean.

2019/02/25

Segurako txokoetan zehar

Segurako Babelgo dorrea taldekoek goiz pasa ederra egin zuten ostiralean herrian bertan. Ikasle batzuk bertan bizi dira baina beste batzuk inguruko herrietan eta, beraz, Segurako txokoak eguraldi eguzkitsuarekin bisitatzeko parada izan zuten.


Ferratokian egin  zuten geldialdia, San Andresen animaliak ikusi zituzten eta, azkenik, udaletxea bisitatu zuten. Eguerdia agurtzeko, hamaiketakoa egin zuten.



Argazkiak ikusita, inbidia galanta ematen du, ezta?

2019/02/24

Sagardotegiko tradizioaz gozatzen

 
Euskaltegian antolatzen ditugun zenbait kultur ekintza tradizio bihurtu dira geurean eta horietakoa da Ataungo Urbitarte sagardotegira egiten dugun irteera. Ostiralean izan ginen bertan euskaltegiko hainbat kide, Ordiziako Mintzalagunekin eta Hitzaro euskara elkarteko bazkideekin batera.
 
 
Otordu ederra dastatu, sagardoa probatu eta trikiti doinuz lagunduta igaro genuen ostiral gaua. Dantzarako tartea ere izan zen nahi izan zuenarentzat. Datorren urtean ere bertan elkartuko gara!

2019/02/22

21. Korrikaren unitate didaktikoa


Osorik on-line lantzeko aukera izango da lehen aldiz, baina paperean deskargatzeko moduan ere ipini dute korrika.eus webgunean. AEK eta Ikastolen Elkartearen artean «elkarlan naturala» izan dela adierazi du Asier Amondok. Unitatearen erakustaldi laburra egin dute Abusu ikastolako ikasleek.

(Unitate didaktikoaren atalera joateko, Klika egin HEMEN).

KORRIKAren edukiak lantzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute Bilboko Abusu ikastolan KORRIKAko eta Ikastolen Elkarteko arduradunek, bertako ikasleen laguntzarekin.

Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik on-line lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktiko hau «elkarlan naturalaren fruitua» dela adierazi du Asier Amondo KORRIKA arduradunak, ia hogei urte baitira KORRIKAri buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman nahi izan dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari.

QR kode bidez

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman ditu unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman du: QR kode bidez, KORRIKA amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta. Abusun bertan egindako esperimentua azaldu dute ikasleek eurek.

Amondoren hitzetan, oso garrantzitsua da KORRIKA haur eta gazteen artean, eta haiek ere Klika egitea espero dute, baina herritar oro gonbidatu du zeregin horretara: «Dagoeneko Klika egin dugunon auzolana sustatzen ari gara baina, batez ere, Klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak».

2019/02/21

Selfie lehiaketa

Inauteriak ate-joka ditugunez, selfie lehiaketa antolatu dugu euskaltegian. Talde bakoitzak autorretratu bana atera du mozorroturik. Argazki-bilduma osatu dugu eta hurrengo eginbeharra talde bakoitzari, norberari izan ezik, puntuazioa ematea izango da. Horretarako, puntuazio- taula prestatu dugu.  Talde bakoitzak 1etik 5erako puntuazioa emango die gainerakoei eta puntu gehien biltzen dituenak lortuko du saria: poltsikoko egutegia talde-argazkiarekin. Puntuazio-taula betetakoan arduradunari bideratuko beharko zaio. Azpian dituzue parte-hartzaileen argazki guztiak. Zintzoak izan puntuak banatzerakoan eta zorte on!



1. EGUZKI LORE






2. ZIRIA





3.  AUSKALO





4.  XABIER GOIZA









6.  AZA







7. ALAIA






8.  AURRERA!


9.
  
TXINDOKIPEKOAK







10. 
ORKLI GOIZA




11.
ORKLI EGUERDI




 12.

HOBERENAK





13.
BABELGO 
DORREA



14.

ZOPAJALEAK




15. 
 JUBILATU 
GUDARIAK




16.

HASIBERRIAK



17.

EGUERDI GURASOAK




 18.
 AMETSA




21.
TXAPELDUNAK

2019/02/20

Korrika kantak Spotify plataforman

AEK-k KORRIKA kanta guztiak jarri ditu entzungai Sarean, streaming bidezko Spotify musika-plataforman.


Aide KORRIKA, Bizi ganoraz, Zirkorrika... denak daude eskuragarri playlist berean, klik bakar batzuetara. Spotifyk gailu eta sistema eragile anitzekin funtzionatzen du: Android, IOS, Windows, baita web nabigatzaileetan ere. Alabaina, erabili ahal izateko ezinbestekoa da doako erabiltzaile-kontua sortzea.

HEMEN duzue web nabigatzailearen bertsioan sartzeko esteka zuzena. Aurtengo kantak dioen moduan, Klika egin eta gozatu!

2019/02/18

21. Korrikaren aplikazioa

21. edizioaren gailu adimendunetarako aplikazioa ere aurkeztu du KORRIKAk. Akting enpresak sortua da eta bertan egongo dira ikusgai emanaldi guztien datak, orduak eta lekuak. Horretaz gain, lasterketaren zehaztasun guztiak ere emango dira. Hau guztia gutxi balitz, galdera-lehiaketa ere izango da aplikazioan.

Hemen APParen funtzionamendua azaltzen duen bideoa: 

2019/02/15

21. Korrika Kulturala aurkeztu dute

KORRIKA Kulturala aurkeztu du Asier Amondo KORRIKA arduradunak, hainbat artistarekin batera, Gasteizko Baratza aretoan. Sei estreinaldi izango ditu aurtengo KORRIKA Kulturalak, baina ehunka izango dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak.


Elkarlana da KORRIKA Kulturalaren izaeraren ardatza, eta horixe irudikatu dute aurkezpenean: Loraldia Festibaleko eta Baratza aretoko ordezkariak eta hainbat artistak hartu dute parte agerraldian.


AIKO dantza-taldeak zabaldu du ekitaldia, Garaikideak izeneko lanaren lagin batekin, «dantza entzungai eta musika ikusgarri» egiten duen lanarekin. Porrotx pailazoa ere egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria aurkezten: Musua ikuskizunaren estreinaldia egingo dute KORRIKA Kulturalean, «musuek biraka jartzen dutelako mundua».

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak abesti bat Enkarguz sortzeko prozesua agertuko dute, sormena eta parte-hartzea ardatz dituen ikuskizunean. Kale-antzerkia ez da faltako KORRIKAren ziklo kulturalean: Jule antzezlana emango dute Hortzmuga Teatrokoek. Arte-adierazpide berriak ere izango dira, Beñat Krolem artistaren Oholtza performance-ari esker.

Estreinaldi handienetako bat izango da Kalaportu ikuskaria: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan egingo dituzte emanaldiak.

Asier Amondo KORRIKA arduradunak nabarmendu du elkarlana dela KORRIKA Kulturalaren oinarria eta herritarrei dei egin die Klika egin dezaten: «Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko konpromisoari Klika». Euskararen aldeko konpromisoak hartzeko garaian gaudela esanez amaitu du agerraldia.

Transmisioa taloz talo


Kultur ekintza arrakastatsuenetakoa izan ohi da talo-tailerrarena, parte-hartzaile kopuruari eta transmisioari begiratuta behintzat. Adin ezberdinetako euskaltegiko ikasle eta  herritarrak nahasten dira bertan, elkarrekin euskaraz egiteko espazio batean, sukaldaritzarekin gozatzen, sabela betetzen eta harreman gozoan. Zer gehiago eska daiteke, ba?


Ohiko moduan, Segurako talogileak gerturatu ziren talo-orea egiten erakusteko eta baita herritarrei taloa itxuratzen erakusteko ere. Ondoren, sutan erre, barruan elikagaia sartu, nahi izanez gero, eta dastatzera!


2019/02/13

Onintza Enbeita otsaileko AIZU! aldizkariaren azalean

Hil honetako hotzarekin bat eginez, AIZU! aldizkariaren azken alea eskuartean dugu, fresko-freskoa! 


Oraingoan, Onintza Enbeita eta Estepan Aldamiz-etxebarriari elkarrizketak, Dantzaka espazioa, Erraia Diskoak, patata tortillaren jatorria, mahai jokoen mundu zabala... Eduki andana! Eta ohi bezala, jokoak, denbora-pasak, bitxikeria etimologikoak...

Irakurri eta gozatu!

2019/02/12

Batzordeen hitzorduak


Datozen egunetan ere hainbat Korrika Batzorde izango dira: 
  • Altzaga: otsailaren 13an, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.
  • Arama: otsailaren 13an, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.
  • Beasain: otsailaren 14an, 18:00etan, AEK euskaltegian.
  • Itsasondo: otsailaren 13an, 19:00etan, udaletxean.
  • Zaldibia: otsailaren 14an, 18:00etan, kultur etxean.

 Animatu eta parte hartu!

2019/02/11

Txillardegiren Klika, 21. Korrikarako dokumentala

Larunbatean Txillardegiri egindako omenaldi-ekitaldian aurkeztu zuten dokumentala ikusgai dago sarean: Txillardegiren Klika.


2019/02/08

Udako barnetegia %25 merkeago

AEK-ko ikaslea bazara eta udan barnetegia egiteko asmoa badaukazu, deskontu ederra izan dezakezu. Izan ere, otsailaren 19tik martxoaren 21era izena ematen baduzu, %25 gutxiago ordaindu beharko duzu, AEKren ikaslea izateagatik.

Barnetegietan, egunean sei orduz egongo zara eskolan euskara ikasten, eta, horiek bukatuta, euskaraz mintzatzen jarraituko duzu. Barnetegia ezinbesteko bultzada da euskararen ikas prozesuan, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera bikaina, 15 egunez inguru euskaldunean murgiltzeko bidea ematen baitizu.



Honatx barnetegietako datak:
  • EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (A2, B1, B2, C1): uztailaren 1etik 14ra, uztailaren 15etik 28ra (A2 maila hamabostaldi honetan eskainiko da), abuztuaren 5etik 18ra, abuztuaren 19tik irailaren 1era eta irailaren 2tik 15era. 
  • FAMILIA BARNETEGIA (B1, B2, C1): uztailaren 1etik 12ra, uztailaren 15etik 26ra eta abuztuaren 5etik 16ra.

Aprobetxatu AEK-ren eskaintza berezia! Ez galdu aukera!

Euskara irakasle izateko oinarrizko ikastaro berria

AEK-k euskara irakasle izateko oinarrizko ikastaroa antolatu du maiatzetik ekainera. Matrikulazioa zabalik!



Ikastaroaren ezaugarriak:
  • Formatua: konbinatua; online eta aurrez aurre.
  • Ikastaroaren hasiera eta amaiera data: maiatzaren 3tik ekainaren 21era.
  • Aurrez aurreko 5 saio hiriburuetan: Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbon.
  • Aurrez aurrekoen ordutegia: 09:00etatik 13:30era.
  • Aurrez aurrekoen datak: maiatzak 3, 10, 17, 24 eta ekainaren 7a.
Prezioa: 450 € euro.

Informazioa eta izen-ematea: e-idazkaritza@aek.eus

Matrikulazio epea: apirilaren 12a.

2019/02/06

Txillardegi omentzeko elkarlana

Jose Luis Enparantza Txillardegik euskarari egindako ekarpena goretsi nahi izan dute KORRIKAk, EHUk eta Jakinek; bakoitzak bere esparrutik, baina elkarlanean. Hala, hurrengo egunotan, omenaldi-ekitaldia gauzatzeaz gain, Txillardegiren Klika dokumentala estreinatuko da, eta hizkuntzalariari eskainitako liburu bilduma argitaratuko dute (Dabilen pentsamendua bildumako aurreneko saila). Hala adierazi dute Asier Amondo KORRIKAko koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko erretoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.


Izan ere, Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu ere egin zuen. Politikan jardun zuen gaztetatik, eta euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zen, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin.

Omenaldi-ekitaldia Musikenen

Hori guztia dela-eta, omenaldi-ekitaldia antolatu du KORRIKAk otsailaren 9rako, Donostiako Musikene goi-mailako musika-ikastegian; Amondoren esanetan, «gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko». Jakin eta EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia Herri-ekimeneko kideek ere hartuko dute parte, Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako Txillardegiren Klika ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Bestalde, Enparantzaren gaineko Dabilen pentsamendua liburu bildumako aurreneko saila erosteko aukera ere egongo da.


Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez; etorri nahi duen orok honako helbidean eskatu behar du gonbidapena: ekitaldiak@korrika.eus

2019/02/05

Urtarrileko lehiaketaren zozketa


Urtarrileko lehiaketan Erlauntza antzezlanerako bi sarrera genituen jokoan galderaren erantzuna asmatzen zutenen artean. 21. Korrika Goierritik noiz igaroko zen itaundu genizuen eta parte-hartzaile guztiek zuzen adierazi dutenez, apirilaren 13an izango dugu euskararen aldeko lasterketa eskualdean. Gaur egin duzu asmatzaileen arteko zozketa eta Zirika taldeko ikasleek lortu dute saria. Zorionak!



2019/02/04

Otsaileko lehiaketa

 

 
Hilabete honetako galdera: Zein omenduko du 21. Korrikak?

Saria: otsailaren 22an Ataungo Urbitarte sagardotegira egingo dugun irteerarako lagun batentzako afaria. Autobusa ere izango da hara joateko.

Parte hartzeko azken eguna: otsailak 18.
 
Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus   
Whatsapp mezua: 688 74 66 38

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:

2019/02/01

21. Korrikaren kantaren koreografia

AEK Garaziko eta Baigorriko Gau Eskolako lagunek dantzan jarri nahi gaituzte 21. Korrika 'Klika' kantaren koreografiarekin. Ikusi bideoa eta hasi entseatzen!