Barnetegi ibiltarian bizikletaz ibilitako lagun hauek euren esperientzia gogoratu eta kontatu dute. Ikusi eta entzun!
2016/06/30
2016/06/29
Galeseraren aldeko Korrika uztailean
AEK-k antolatzen duen KORRIKA zoragarrian oinarrituta, Galesen antzeko ekimenari heldu nahi izan diote. Aurtengo ibilbidea prest dute, eta uztailaren 6tik 8ra egingo dute Galeseraren aldeko lasterketa. Abestia ere sortu dute:
Barnetegi ibiltaria Goierrira etorriko da
Udan barnetegi ibiltariak izan ohi dira, oinez egiten dena bata eta bizikletaz bestea. Euskal Herria hobeto ezagutzeaz gain, euskara praktikatzeko aukera izaten da barnetegi ibiltarietan. Udako oporrak pasatzeko modu dibertigarria da inondik inora: kirola egin, euskaraz bizi,,jendea eta Euskal Herriko hainbat txoko ezagutu...
Aurtengoan, gainera, ibilbideak berritu dituzte eta bizikletaz egingo dena Goierrira etorriko da abuztuaren 3an. Egun horretan 5.etapa izango dute; Otxandiotik abiatuko dira eta Ataunera iritsiko dira 71 kilometro egin eta gero. Legazpitik sartuko dira Goierrira eta Zerain, Segura, Olaberria eta Lazkao igaroko dituzte Ataunera heltzeko. Bertan pasatuko dute gaua eta hurrengo egunean handik abiatuko dira Urbasara.
Barnetegi ibiltarian parte hartzeko ere garaiz zabiltzate oraindik! Uztailaren 6ra arte eman daiteke izena. Animatu!
BARNETEGI IBILTARIA BIZIKLETAZ
2016/06/24
Txiste lehiaketaren saridunak Euskadi Irratian
XXV. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren lehen bi sariak lortutako lagunak Euskadi Irratiaren 'Hiri gorrian' saioan aritu ziren solasean Maider Segurola kazetariarekin. Euren txisteak ere kontatu zituzten, noski! Gure ikasleen parte-hartzea 0:23:25 minututik aurrera aurkituko duzue. Gozatu!
Banatu ditugu txiste lehiaketaren sariak
Asteazkenean banatu genituen XXV. Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketaren sariak. Azken urteetako ohiturari jarraituz, Hitzaro euskara elkarteak Mintzalagunentzat antolatzen duen ikasturte amaierako jaiarekin uztartu genuen gure ekitaldia.
Lehenik eta behin, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek 'Putinen guardasola' antzezlana eskaini zuten. Barre galantak egin zituzten ikus-entzuleek eta euskal ereserkia ere abestu zuten.
Jarraian, txiste lehiaketaren sari banaketa egin genuen. Lehen hiru postuetan geratutakoek saria jaso eta euren txistea kontatu zuten.
1.SARIA
Beasaingo goizeko taldekoek eskuratu zuten lehen saria 'Kandela madarikatua' txisteari esker. Talde horretako kide diren Patxi Uranga, Pepi Zurutuza eta Armando Lopezek kontatu zuten pasadizoa, Aitor Calvillo irakaslearen laguntzaz. Taldeak Ataungo Urbieta sagardotegian afaria du zain lortutako sariari esker.
2. SARIA
Ordiziako goizeko A1 taldean egokitu zen bigarren saria, Vanesa Navarroren 'Jatetxe baten komunean' pasadizoa tarteko. Zeraingo Oiharten bi lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria lortu du Vanesak. Berak irakurri zuen pasadizoa, azpiko bideoan ikus daitekeen bezala:
3.SARIA
Ordiziako goizeko A2 taldeko Joxan izan zen azken saritua 'Bikotearen banaketa prozesua' txistea medio. Tableta eskuratu du txiste honi esker:
Txiste irabazleak 2016 from Goiztiri AEK euskaltegia
Amaieran, mokadutxoa egin genuen kontu kontari.
Amaieran, mokadutxoa egin genuen kontu kontari.
Aurtengoa amaitu da, beraz, baina datorren urtean ere izango dugu umorerako tartea! Bien bitartean, segi euskarazko umoreaz gozatzen!
Carlos Madrazo ikaslearentzat izan da ekaineko saria
Ekaineko lehiaketan txiste lehiaketaren eta pintxo lehiaketaren zenbatgarren edizioa egin genuen aurten galdetu genuen. Hauxe zen erantzuna: txiste lehiaketaren kasuan, hogeita bosgarrena eta pintxo lehiaketarenean, bosgarrena.
Zozketa egin genuen erantzuna asmatu zuten guztien artean eta Carlos Madrazo ikasleari egokitu zitzaion saria. Ken Zazpiren eta Pettiren azken diskoak eta Fernando Morilloren 'Santiago bidearen misterioa' liburua. Gozatu sariaz, Carlos!
Hauxe izan da ikasturte honetako azken lehiaketa. Urrian jarriko dugu berriz martxan, beraz, adi egon!
2016/06/21
Bihar banatuko ditugu txiste lehiaketako sariak
Txiste lehiaketaren sari banaketa izango dugu bihar Ordiziako Barrena jauregian. Hitzarok antolatzen duen Mintzalagunen ikasturte amaierako festarekin bat egingo dugu. Beraz, hauxe da egitaraua:
17:30 Putinen guardasola antzezlana
18:30 Txiste eta pasadizo lehiaketaren sari banaketa
Ondoren, mokadutxoa
Gerturatu zaitezte Barrenara eta arratsalde umoretsua igaro gurekin!
2016/06/20
Ikasturte amaierako irteera: ibilalditxoa, euria eta lagunarteko afaria
Azken urteetan ohitura dugun moduan, ikasturte amaierako irteera egin genuen. Mandubiaraino joan eta, eguraldia lagun izan ez genuen arren, Kizkitzara igo ginen. Bertako ermita eta ingurua ikusi genuen eta, jaitsi baino lehen, taldeko argazkia atera genuen.
Mandubian zerbait hartu eta beheraka jaitsi ginen Astigarreta eta Garin auzoetatik pasaz. Arriarango presan geldialditxoa egin genuen, bertako urari eta altuerari erreparatu genien. Basterretxearen lanari buruz ere aritu ginen solasean.
Jarraian, afalaurreko potea hartu eta afaltzera sartu ginen. Lagunarte goxoan egin genuen otordua eta ikasleek beste taldeetako ikasleekin solasean aritzeko aukera ere izan zuten.
Arratsalde-gau ederra pasa genuen. Datorren urteko irteerara arte!
Ordiziako A1eko ikasleen aurkezpena
Ordiziako goizeko A1eko zenbait ikaslek ere euren aurkezpena egin dute. Dotore, gainera!
Ea bideo-erantzun gehiago ditugun!
Ea bideo-erantzun gehiago ditugun!
2016/06/16
Infekzioen kontrako ukendua nola egin ikasi dugu
Ukendu ikastaroa egin genuen atzo Ordiziako gaztelekuan. Infekzioen kontrako ukendua nola egin azaldu zuen saioaren emaileak.
- Erabili beharreko belarrak: pasmobelarra, berbena, intsusa, huntza eta zaingorria.
- Bestelakoak: tipula bat, baratxuri eskukada eta oliba olioa (litro 1)
Pausoak:
- Su leunean 20 minutuz eduki.
- Egosi eta gero, iragazkitik pasa
- Argizaria urtu
- Bukatutakoan, hozten utzi
2016/06/15
Jatorri atzerritarra duten euskarazko kantak
Hemen sortuak eta eginak direla pentsatzen dugun arren, jatorria beste nonbait duten euskal kantak aurkeztu dituzte Gazte irratian. Entzun, entzun!
2016/06/14
Matrikula baten zozketa
AEK-k 2016/17 ikasturteko matrikula bat zozkatuko du AEK-ko ikasleek proposatzen dituzten lagun guztien artean.
AEKren ikaslea zara? Baduzu euskara ikasi nahi duen lagunik? Nahi adina lagun proposa dezakezu, galdetegia beteta.
Ezagutzen duzu AEK-ko ikasleren bat? Esaiozu zure izena proposatzeko eta galdetegia betetzeko.
Jasotzen ditugun izen guztien artean 2016/17 ikasturterako matrikula bat zozkatuko dugu. Era berean, sariduna gonbidatu duen ikasleak % 50eko beherapena izango du ikasturte horretako matrikulan.
Proposamenak irailaren 23ra arte jasoko dira, eta saridunaren berri irailaren 28an emango dugu.
Informazio gehiago hemen.
2016/06/13
Mantal dotoreak jantzita pintxoak egiten
Pintxo lehiaketaren bosgarren edizioa egin genuen joan den asteazkenean Ordiziako plazan. Euskaltegiko sei taldek hartu zuten parte eta bakoitzak bi pintxo ezberdin prestatu zituen. Osagaiak berak ziren guztientzat eta talde bakoitzak sormena erabili zuen osagaiak aukeratu eta pintxoak egiteko. Aurten nobedadea genuen, gainera: AEKren mantalak. Guztiek jantzi zuten bana lanerako. Arratsaldeko seietan hasi ziren prestaketa lanetan eta ordu eta erdi izan zuten pintxo hotzak aurkezteko.
Guztira hamabi pintxo mota ezberdin izan genituen lehiaketan. Epaimahaiko kide izan ziren Ordiziako Udaleko Gazteria arduraduna Koro Ruiz, D'Elikatuzeko Leire Arandia eta Arantxa Fernandez zinegotzia. Pintxo bakoitza dastatu zuten eta itxura, usaina, zaporea eta izenaren originaltasuna hartu zuten kontuan puntuak ematerakoan.
Epaileek amaieran eman zuten lehiaketaren emaitza; Ordiziako iluntzeko A2 taldeak irabazi zuen 'Gure gutixiak' izeneko pintxoarekin, eta ikasleek egindako oroigarri ederra jaso zuten.Zorionak!
Argazki galeria
Bideoak
2016/06/09
Ataungo ikasleen aurkezpena beste ikasleei
Ataungo ikasleek bideoa grabatu dute beste taldeetako ikasleei euren burua aurkeztu eta euskara zergatik ari diren ikasten azaltzeko.
Orain zuen txanda da, ikasleok!
Orain zuen txanda da, ikasleok!
2016/06/08
Aurrematrikula: eskaintza berezia
2016/17 ikasturtean, euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi baduzu, ez itxaron, orain izena emanez gero hainbat abantaila izango dituzu eta!
Ekainaren 19a baino lehen aurrematrikula egiten dutenek honako onura hauek izango dituzte:
- %5eko deskontua 16-17 ikasturteko matrikularen prezioan
- Ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei
- Lehentasuna taldeak eratzeko orduan
Orain matrikulatuz gero, ekarpen hau egin beharko duzue aurrematrikula gisa (lehenengo ordainketa):
- 240 ordutik gorako ikastaroetan: 120 €
- 240 ordu-120 ordu bitarteko ikastaroetan: 100 €
Ikastaroa ez egitea erabakiko bazenu, aurrematrikularen %100 itzuliko zaizue, irailaren 26a baino lehen jakinaraziz gero. Hortik aurrera, matrikula-itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko dira.
Aprobetxatu AEK-ren aurrematrikula eskaintza berezia. Eman izena Goiztiri AEK euskaltegian ekainaren 19a baino lehen; eta ikasi eta landu euskara gure euskaltegietan!
Ukendu ikastaroa egingo dugu datorren asteazkenean
Sendabelar eta ukendu ikastaroa antolatu dugu datorren asteazkenean, ekainak 15, Ordiziako euskaltegian, 18:00etan. Doan izango da eta izena eman behar da aurretik.
Animatu!
2016/06/06
Ekaineko lehiaketa
Hilabete honetako galdera: Zenbatgarren txiste eta pintxo lehiaketak izango dira aurtengoak?
Saria: Petti & Etxeko Uzta-ren Hotzikarak eta Ken Zazpiren Phoenicoperus diskoak, eta Fernando Morilloren Santiago bidearen misterioa liburua.
Parte hartzeko azken eguna: ekainak 20.
Bidali zure erantzuna:
- E-posta: goierri@aek.org
- Whatsapp mezua: 607 635 687
Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.
Lehiaketaren laguntzaileak:
2016/06/01
Pintxo lehiaketa ekainaren 8an izango da
ARAUAK
- Pintxo hotzak izango dira eta plazan bertan prestatu beharko dira.
- Su beharrik ez da izango.
- Parte hartzaileek behar dituzten tresnak (ontzi, plater, sardexka, labana...) ekarri beharko dituzte.
- Osagaiak euskaltegiak jarriko ditu.
- Talde bakoitzak bi pintxo ezberdin aurkeztu beharko ditu eta bakoitzetik, gutxienez, taldekideak adina pintxo egin beharko dira.
- Pintxo mota bakoitzari izena jarri beharko zaio.
- Partaide bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu.
- 19:30erako pintxoak prestatuta egon behar dira.
OSAGAIAK
- Arrautza egosiak
- Urdaiazpikoa
- Txatka
- Hegaluzea
- Letxuga
- Tomatea: adarrekoa, cherry
- Piper gorria, latakoa.
- Gindilla
- Piperra
- York urdaiazpikoa
- Antxoa
- Gazta: camemberg
- Azeitunak :berdeak, hezurrik gabeak.
- Izokin ketua
- Endibia
- Limoia
- Gulak
- Bestelakoak: mahonesa, ogia, tipula, baratxuria, olioa, gatza, modena ozpina, txotxak, izenak jartzeko etiketak.
- Euskaltegiko kide ez diren bizpahiru lagun.
- Euskaltegiko ikasleek egindako oroigarria.
Parte hartzeko interesa baduzue, ekainaren 5a baino lehen eman behar duzue izena Goiztiri AEKn. Animatu!
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)