2013/05/31

Korrika 18ri buruzko erreportaia argitaratu dugu Beasain Jaietan aldizkarian

Martxoan igaro zen Korrika 18 Goierritik eta honen inguruko erreportaia eta elkarrizketa laburrak egin genituen Beasain Jaietan aldizkarian argitaratzeko. Hona hemen bertan agertutakoa:

2013/05/29

Biharko greba orokorrarekin bat egingo dugu

 

Goiztiri AEK euskaltegiko langileok biharko deitutako greba orokorrarekin bat egingo dugu. Hori dela eta, biharko egunez euskaltegia itxita egongo da.


Pintxo lehiaketa egingo dugu datorren asteazkenean

Goiztiri AEKren II. Pintxo lehiaketa egingo dugu datorren asteazkenean, ekainak 5, Ordiziako plaza nagusian. Arratsaldeko seietan elkartuko gara plazan eta lehiaketako partaideek pintxo hotzak prestatu beharko dituzte momentuan bertan, euskaltegiak jarritako osagaiekin. 

Arratsaldeko zazpi eta erdietarako eginda eduki behar dira pintxoak, epaimahaiko kideek dastatu eta euren epaia emateko. Epaimahaikideek irabazle aukeratzen duten pintxoaren egileek euskaltegiko ikasleek egindako oroigarria jasoko dute.

Azpiko dokumentuan duzue lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta informazioa:



Animatu eta parte hartu!

2013/05/27

Datorren ikasturtean euskara ikasi nahi dutenentzako eskaintza bereziak ditugu

2013-2014 ikasturtean euskara ikasteko asmoa al duzu? Hala bada, AEKren matrikulazioa eskaintza berezia aprobetxatu behar duzu. Aurrematrikula ekainaren 21a baino lehen egiten baduzu, honako abantaila hauek izango dituzu:

- %5eko deskontua 2013-2014 ikasturteko matrikularen prezioan.
- Ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei.
- Lehentasuna taldeak eratzeko garaian.


Aurrematrikula eginez gero, ekarpen hau egin beharko dute ikasleek:
120€ (240 ordutik gorako ikastaroetan) edo 100€ (240 ordu-120 ordu bitarteko ikastaroetan)

Aurrematrikularen %100 itzuliko zaie izena ematen dutenei 2013ko irailaren 27a baino lehen jakinarazten badute. 2013ko irailaren 28tik aurrera, matrikula-itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko dira.

2013/05/24

Arimasagasti gaztandegian izan dira Idiazabalgo eta Beasaingo goizeko taldeak



Goiztiri AEK euskaltegiko Idiazabalgo eta Beasaingo goizeko taldeak Arimasagastiko gaztandegira egin zuten bisita asteartean. Idiazabalgo taldeko irakasle den Amaiak egin digu bertan bizi izandakoaren kronikatxoa:

Astearte goizez Arimasagastiko gaztandegira bisita egin genuen. Bertan euskaltegiko hamabost ikaslek behi gazta egiteko prozesua ezagutu genuen. Gaztandegiko arduraduna den Joseba Baezek azaldu zigun behi esne ekologikoaz egiten duela gazta eta esnea Altzoko baserri batzuetatik ekartzen duela. Aipatu zigun azken urte hauetan galdutako ohitura bat errekuperatu nahi duela behi gazta berreskuratuz.



Idiazabalen artzai-gazta da ezaguna baina behi gaztak ere leku bat behar duela aipatu zigun. Bisita bukaeran gazta dastatu genuen eta asko gustatu zitzaigun.


Eskerrik asko, Joseba, eta hurrengora arte! 

2013/05/20

Postre ikastaroa egingo dugu maiatzaren 28an

Gozozaleontzako kultur ekintza aproposa dugu maiatzaren 28an: postre ikastaroa. Iñaki Lopez Castañares 'Pasteles'ek Goxua postrea nola prestatzen den irakatsiko digu eta berau prestatzeaz gain, dastatzeko aukera ere izango da.


Bertan parte hartu nahi duzuon herritarrok ahalik eta azkarren eman behar duzue izena, leku mugatuak baitaude. Animatu!

2013/05/16

Arisamagasti gaztandegira egingo dugu bisita datorren asteartean


Goiztiri AEK euskaltegiko zenbait ikasle eta irakasle Idiazabalgo Arimasagasti gaztandegira joango gara datorren asteartean, maiatzak 21, goizeko hamarretan. Bertan Joseba Baezek gaztandegia erakutsiko digu eta behi gazta ekologikoa egiteko prozesua azalduko digu. Amaieran, Arimasagastin egiten den gazta dastatzeko aukera izango dugu eta baita erosteko ere. Goiz ederra igaroko dugu!



2013/05/09

Maiatzeko lehiaketa

 

Hilabete honetako galdera: Nongoak dira Asier Huegun, Gari Udabe eta Eñau Elorrieta?


Saria: Asier Huegun eta Gari Udaberen 'Kolonbian bahituta. 74 egun ELNren esku.' liburua eta Eñaut Elorrietaren 'Deserriko kantak' diskoa.


Parte hartzeko azken eguna: maiatzak 31.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


2013/05/07

Laxaro Azkune eta Imanol Lazkanoren solasaldia izango da bihar Lazkaon


Imanol Lazkano eta Laxaro Azkune Lazkaoko Gerriko Txokoan izango dira bihar, 18:30ean, Joan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe'-rekin batera idatzitako  'Errezildarren ateraldiak' liburua aurkeztu eta bertan agertzen diren gai nagusie buruz hitz egiteko. Egileen arabera, liburua ez da errezildarren interesekoa soilik, baizik eta gure hizkuntza eta kulturaren inguruko kezka dutenentzako. Laxaro Azkuneren hitzetan "liburu honek erakutsi nahi du, herri bat eguneko ordu guztietan euskaraz bizi baldin bada, lanean zein festan, aste eta jai egunetan, erreminta eroso bilakatzen duela hizkuntza hori, etengabe erabiltzen den lan-erreminta bezalaxe, herdoilik gabe eta distiratsu, eta hori da Errezilen kasua".

Lazkano eta Azkune ere bizi eta herdoilik gabe arituko dira solasean bihar Lazkaon. Animatu eta hurbildu!

2013/05/02

XXII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa martxan da

XII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa martxan dugu. Euskarazko txiste edo pasadizoak bidali behar dira lehiaketara maiatzaren 22rako. Txisteak euskara batuan edota euskalkian idatzita egon daitezke. Goiztiri AEK-ko ikasleek osatuko dute epaimahaikoa eta eurek erabakiko dituzte irabazleak. Sariak, berriz, hauexek izango dira: 5 lagunentzako afaria Ataungo Urbitarte sagardotegian; afaria, gaueko egonaldia eta gosaria Zeraingo Oiharten eta tablet gailua.


Txisteak Beasaingo (Urbialde 7, behea) edota Ordiziako (Nafarroa beherea,1) euslkaltegira bidal daitezke edota e-postaz goierri@aek.org helbidera.

Animatu eta parte hartu!