2018/01/31

Tertulia dialogikoaren lehen saioa

Tertulia dialogikoaren lehen saioa egin dute Adarra taldekoek. Liburuaren lehenbiziko atalak ekarri dituzte landuak euskaltegira eta pertsonaia nagusia, Malena, ezagutu dute. Malena Buenos Airestik etorri da Euskal Herrira uda pasatzera,baina lanera eta euskara praktikatzera. Zein lanetan hasiko zaigu,ordea?


Otsailaren 28an izango dute bigarren saioa eta Manu izango da moderatzailea.

Ixiar Eratsunek lortu du Antzerki Garairako bonua

Beasainen bizi den Ixiar Eratsun hernaniarrak irabazi du abenduko lehiaketako saria. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen bertsolari goierritarra Aitor Sarriegi izan zela asmatu zuen eta ikasleek egindako zozketan berari egokitu zitzaion Antzerki Garairako bonua. Horri eskerrak, Beasainen eta Ordizian ekimen honen barruan egingo diren antzezlan guztiak ikusteko aukera izango du. Gozatu, Ixiar!

2018/01/30

Porrotx euskara ikasten



Jose Mari Agirretxe, Porrotx, AEKn hasi zen euskara ikasten 16 urte zituela. Honen harira, Joxe Mari Agirretxe Kulturaten izan da Euskaraz zergatik? galderari erantzuten,Arrasateko AED elkarteak antolatuta. Helduentzako saioa izan da eta Goiena komunikabideko kideak harekin izan dira saioa eskaini aurretik, prestatzen ari zen bitartean. Hemen ikus dezakezue bideoan jaso dutena.

'Galde-debalde?' atala Telegramen



AIZU! aldizkariaren 'Galde debalde?' atalaren edukiak asteazkenero argitaratzen dira AEKren Telegram kanalean: telegram.me/AEKeus


Galde debalde? Zalantzak argitzeko, AEK-k txoko hori eskaintzen du hilero AIZU! aldizkariaren 'Ez da hain fazila' erdiko gehigarriaren barruan. Asteazkenero, horko lagin bat ekartzen dugu gure telegram kanalera.

GALDERA: Bikotekideak eta biok beti izaten dugu eztabaida bera erosketa-zerrenda egiteko orduan, neuk beti esaten baitut “okelik gabe gaude”. Berak dioenez, “okelarik gabe” da zuzena. Hala al da? Lagundu, mesedez, zoratzen ari naiz-eta!

Bada, sentitzen dugu, baina borroka hori galduta daukazu! Izan ere, berba okela baita; alegia, -a itsatsia darama. Beraz, deklinatzeko orduan ezin zaionez azkeneko hizki hori kendu, “okelarik gabe” zaudetela esan beharko diozu aurrerantzean. Bestetik, halako zalantzarik edukiz gero, beti daukazue hiztegira jotzea (Hiztegi Batura, esaterako), berbak -a itsatsia daraman egiaztatzeko. Horrela, azkarrago konponduko dituzue zeuen hizkuntz gatazkatxoak! Beste kontu bat da euskalki batzuek (gipuzkerak, bereziki) -a itsatsiak gal­tzeko duten joera bizia (gauz bat, hainbat pertsonen, industri handia...). Hori, baina, dialektologia da.

Udako barnetegiak

Udan euskara ikasteko asmoa baduzu, hementxe duzu uda barnetegietako eskaintza. Hasi planak egiten!


2018/01/29

Langabetuentzako ikastaroan izena emateko azken egunak

Ordiziako Udalaren laguntzaz, langabetuentzako doako ikastaroa eskainiko dugu Ordizian otsailaren 1etik maiatzaren 15era (astelehenetik ostegunera, 09:30etik 13:00etara). Asteazkenera arteko epea dago izena emateko, beraz, azkar ibili!

Informazio gehiago nahi izanez gero, Ordiziako Udalera edo gure euskaltegira jo dezakezue.

Animatu eta ez galdu aukera!

Kontuan izan lanean hasteko euskarak lagun zaitzakeela!

Gaixotasunak asmatzen

Ordiziako Gautxori taldeko kideek gaixotasunen inguruko jolasa egin dute. Ikasle bakoitzak gaixotasun jakin bat zeukan kopetan itsatsitako paperean eta ikaskideek emandako aholkuen arabera, zer gaixotasun zuten asmatu behar zuten.Ederki pasa zuten, ikastea eta ondo pasatzea bateragarriak baitira guztiz!

2018/01/26

Haserretzean erabiltzekoak

 

Egunotan  euskarazko hitzen zerrenda dabil atzera eta aurrera sare sozialetan. Haserretzerakoan ahozkoan erabil ditzakegun hitzen multzoa da zabaldu dutena, euskaraz ere horrelakoak badirela jakinarazi eta erabiltzera animatzeko. Azpian duzue hitz edo esamolde sorta.




Imanol Epeldek ere euskarazko hainbat iseka bildu zituen dokumentu oparo honetan. 

 


Erabili eta gozatu!

2018/01/24

Tertulia dialogikoaren prestaketa

Ordiziako Adarra taldekoak aurrerantzean egingo duten tertulia dialogikoa prestatzen aritu dira. Tertulia dialogikoa zer den aztertu dute lehenik eta hainbat kontu jorratu dituzte jarraian: metodologia, prozedura, moderatzailearen egitekoa, liburua ezagutu, tertuliarako egutegia osatu...


Tertulia egiteko aukeratu duten liburua honako hau da: Tangoa noizean behin.
Solasaldia egiteko eguna ere hautatu dute: urtarrilak 30. Ordurako Miren Agur Meaberen liburuaren bi atal irakurriko dituzte. 



Tertuliaren berri ere kontatuko digute blogean, beraz, adi ibili!

2018/01/23

Euskal kantugintza ezagutzen: Laboa eta Artze

Ordiziako Adarra taldekoak euskal kantugintza ezagutzen ari dira eta oraingoan Ez dok amairu, Mikel Laboa eta Joxean Artze sortzaileen inguruko lanketa egin dute. Artzeren poematik Laboak egindako 'Gure bazterrak' abestia ere landu dute.




Honen harira, Adarra taldeko ikasle den Martin del Olmok Txoria txori abestiaren sorrerari buruzko informazio ekarri zuen, berak idatzia, eta baita etxean gordeta zeukan ilustrazioa ere. 



Ederra, ezta?

2018/01/22

Talogintza tailerra otsailaren 6an egingo dugu

Kultur ekintza arrakastatsuenetako bat izaten da urtero egiten dugun talogintza tailerra. Aurtengoan, otsailaren 6an egingo dugu, 18:00etan, Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean (Arriaran auzoan, pilotalekuaren ondoan dago elkartea). 

Segurako talogileek orea nola egiten den erakutsiko dute eta, ondoren, hura mahaietan banatu, eta parte-hartzaileek taloari forma emango diote. Jarraian, sutara eraman, bertan egin eta, azkenik, barruan txistorra, txokolatea, gazta edo hirugiharra duela dastatuko dute norberak egindakoa.


Helduek 4€ ordaindu beharko dituzte eta haurrek 2€. Interesa baduzue, otsailaren 2ra arte eman dezakezue  izena gure euskaltegietako batean.
Arriarango Intxaurpe elkartean ibiltzen zaretenok, han eman dezakezue izena.

2018/01/19

Bihotz- biriken suspertzearen tailer praktikoa

Sarritan ez dugu geure burua prest ikusten zenbait larrialdi egoeretan. Hori dela eta, bihotz-biriken suspertzearen eta kanpoko desfibriladore erdi-automatikoaren erabileraren inguruko tailer praktikoa antolatu dugu. Tailerra hilaren 31n izango da, 10:00etatik 12:00etara, Beasaingo Igartza jauregian. DYAk emango du tailerra.


Parte hartzeko interesa baduzue, urtarrilaren 29a baino lehen eman behar duzue izena gure euskaltegian. Plaza mugatuak daude, beraz, azkar ibili!

2018/01/17

Urtarrileko matrikulazioa zabalik

Urte berriarekin batera, asmo edo helburu berriak izaten ditugu eta horietako bat izan daiteke euskara ikastea. Inoiz ez baita garai txarra horretarako! Euskarak berri on!

 
Urtarrileko matrikulazio aldian ere eskaintza zabala dugu: euskalduntze maila guztiak (A1,A2,B1, B2 eta C1), azterketak prestatzeko ikastaroak, etorkinentzako AISA ikastaroak, mintza-saioak, autoikaskuntza eta online ikastaroak...

Izena eman nahi izanez gero edo informazioa eskatu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzue eta lagunduko dizuegu. 

Euskarak berri on!

Langabetuentzako doako ikastaroa Ordizian

Ordiziako Udalaren laguntzarekin, langabetuentzako doako ikastaroa eskainiko dugu otsailaren 1etik maiatzaren 15era (astelehenetik ostegunera, 09:30etik 13:00etara). Izena emateko epea urtarrilaren 15etik 26ra egongo da zabalik. Ikastaro honetan izena emateko beharrezkoa izango da Ordizian erroldatuta egotea eta duela sei hilabetetik, gutxienez, langabezian egotea.


Informazio gehiago nahi izanez gero, Ordiziako Udalera edo gure euskaltegira jo dezakezue.

Animatu eta ez galdu aukera!

Kontuan izan lanean hasteko euskarak lagun zaitzakeela!

2018/01/16

Online ikastaroak urtarriletik aurrera

E-uskaltegiak, AEKren online eskaintza biltzen duen atariak, mailak egiaztatzeko azterketak eta euskalduntzearen maila guztiak (A1, A2, B1 edo 1.maila, B2 edo 2.maila, C1 edo 3.maila, C2 atarikoa/hobekuntza) prestatzeko ikastaroak eskainiko ditu.



Ikastaro hauek guztiak erabat online izango dira eta urtarrilaren amaieran hasiko dira.

-Prezioa: 342 euro
-Iraupena: 100 ordu.

Ikastaroen ereduak ikusi ahal dituzue bisitari modura sartuta (bestela, erabiltzaile izena eta pasahitza: demoak)

BOGAn oinarritutako ikastaroak ere eskaintzen ditugu:
-Hiru hilabete (72 ordu) 218 euro.
-6 hilabete (144 ordu) 436 euro.
-9 hilabete (216 ordu) 654 euro.

Matrikulak eta informazio gehiago: e-idazkaritza@aek.eus. Izena emateko azken eguna: urtarrilak 26

2018/01/15

Otsailean hilabeteko ikastaro trinkoak Foruko barnetegian

Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.


AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago (120 orduko ikastaroak) egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.

  • Otsaileko ikastaroa: otsailaren 5etik martxoaren 2ra izango da. Maila guztiak! Datozen hilabeteotan ere aukera gehiago izango duzu. Ikusi hemen.
  • Prezioa: 536 euro, eskolak, egonaldia eta otorduak barne.

Informazio gehiago eta izen-emateak: gernika@aek.eus // 946 253 596

2018/01/10

Urtarrileko lehiaketa

 

Hilabete honetako galdera: Non egin ohi dugu talo ikastaroa?


Saria: Errigoraren kaxa beltza.

Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak: