2012/01/31

Oroitarria dokumentalari buruzko solasaldia egin dute ikasleek

Oroitarria dokumentala ikusi zuten Goiztiri AEK-ko iluntzeko taldeetako ikasleek joan den ostegunean, hilak 26, Beasaingo Udaleko Batzar Aretoan. Dokumentala poliziek 1978ko San Ferminetan hil zuten German Rodriguezen omenezko oroitarriari buruzkoa da. Memoria historikoaren garrantzia nabarmendu nahi du dokumentalak. Ikus-entzunezkoaren ondoren, solasaldia izan zuten aretoan. Ikusitakoari buruzko iritziak emateko aukera izan zuten bertan bildutako ikasle eta irakasleek. Gustura geratu ziren ikasleak saio berezi honekin. Ekitaldi hau Goiztiri AEK-k antolatu zuen Argia aldizkariaren laguntzaz.

2012/01/30

Euskaltegiaren 25.urteurrena aurkeztuko dugu bihar

Goiztiri AEK Euskaltegiak 25 urte beteko ditu ikasturte honetan, eta euskaltegiaren ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi eta ekintza izango ditugu otsailetik ekainera arte. Ekintza horien berri emango dugu bihar, hilak 31, Ordiziako D'Elikatuz zentroan, 19:00etan. Horretaz gain, urteurreneko logotipoa eta abestia aurkeztuko dugu. Amaieran, askaria izango da D'Elikatuzen biltzen direnentzat. Guztiok gonbidatuta zaudete biharko ekitaldira!

2012/01/26

Errobi euskaltegian ere euskaraz bizi nahi dute

Nafarroako Izarbeibar eskualdean dago Errobi euskaltegia eta bertako lagunek Etorri gurekin izeneko bideoa egin dute. Argi utzi dute euskaraz bizi nahi dutela. Bejondeizuela!

2012/01/25

Oroitarria dokumentala ikusteko aukera izango da bihar Beasainen

Oroitarria dokumentala ikusi ahal izango da bihar, osteguna, Beasainen. Dokumentala Germanen oroitarriari buruzkoa da, 1978ko San Ferminetan poliziek hildako Germanen omenez jarritako eskulturari erreferentzia egiten diona. Dokumentalak 46 minutuko iraupena du, baina ikus-entzunezkoaren ondoren, solasaldia izango da, ikusitakoari buruz hitz egiteko. Emanaldia 19:00etan izango da Beasaingo Udaleko Batzar Aretoan. Ekitaldi hau Goiztiri AEK Euskaltegiak antolatu du Argia aldizkariaren laguntzaz.

Euskal dantzen ikastaroa antolatu dute Ordizian

Euskal dantzen ikastaroa izango da Ordizian larunbatero, otsailaren 4tik martxoaren 24ra arte. Hiru talde banatuko dituzte ezagutzaren arabera: oinarrizko taldeak 11:30ean izango du dantza ikastaroa; 1.mailakoek, oinarrizkoa behin egindakoek, 15:00etan izango dute klasea, eta gainerakoek 16:30ean. Dantza klaseak Majori kiroldegian egingo dituzte. Izen-emateko epea datorren asteazkenean, otsailak 1, amaituko da. Interesa duenak Hitzaro Euskara Elkartearen telefono zenbakira, 943162366, dei dezake edo e-posta bat bidali hitzaro@gmail.com helbidera. Dantza ikastaroko parte hartzaileek 35 euro ordaindu beharko dituzte.

2012/01/23

Hamaikagarren zen aholkua eman digute onlineko kideek

Oteiza gogorarazten duen aholkua dakarte oraingoan E-uskaltegia online zerbitzuko kideek. Hustutasuna eta betetasuna dute hizpide. Ikusi eta ikasi!

2012/01/20

Anbulantziako langileekin izan dira ikasleak

Anbulantzia medikalizatua barrutik ezagutzeko aukera izan zuten Segurako AISA taldekoek eta Idizabalgo euskalduntze taldekoek. DYAko anbulantzia eta bertako bi langile izan ziren herenegun Segurako plazan. Ikasleek anbulantziaren barrualdea ezagutu zuten eta ibilgailuan izaten duten materiala eta baliabideak ere ikusi zituzten. Ikasleetako batek zaurituaren papera hartu zuen eta horrelako kasuetan anbulantziako langileek jarraitzen duten prozedura ere irakatsi zieten langileek.

2012/01/19

Online ikastaroetako matrikulazio epea ere zabaldu dute

Aurrez aurreko klaseetara joaterik ez dutenek on-line bidez ikastaroak egiteko aukera dute. HABEren mailetarako azterketak prestatzeko 100 orduko ikastaroak izango dira otsailetik aurrera. Animatu eta eman izena!

2012/01/18

Anbulantzia medikalizatuaren barrualdea ezagutuko dute ikasleek

Segurako AISA taldeko ikasle batek bere langintzaren berri emango die gainerako ikaskideei eta anbulantzi medikalizatua erakutsiko die. Barrutik nolakoak diren, zein baliabide dituzten eta gauza bakoitzak zertarako balio duen erakutsiko die Seguran biltzen direnei. Ikasle guztie dago zabalduta bertan parte hartzeko gonbita. Arratsaldeko zazpietan izango da ikastarotxoa. Joan, ikusi eta ikasi!

2012/01/16

Hamargarren zen aholkua

E-uskaltegia on line zerbitzukoek hamargarren zen aholkua irakatsi digute ondorengo bideoaren bitartez. Lasaitasunaren garrantzia nabarmendu dute. Ikusi eta ikasi!

2012/01/12

Eskaileretako istorioak

Urte berrian ere Goierriko Kastaren testuak argitaratzen jarraituko dugu. Gaurkoan Irati Goikoetxea idazlearen testua ekarri dugu hona. Eskaileretan kokaturiko istorioa kontatu du beasaindarrak eta urte berria aipatzen du, gainera.

Irati Goikoetxea Asurabarrena 1984ko abenduaren 27an jaio zen Beasainen. Txiki-txikitatik ipuin, istorio, kontu eta kantu ugari jaso izan ditu gurasoengandik eta horrek bere arrastoa utzi duela uste du. Oso gaztetxotatik hasi zen ipuin, olerki eta bertsoak idazten; azken urteotan ipuingintzari heldu dio batez ere. Arraroa album ilustratua eta Orgasmus liburuan ipuin bat ditu argitaratuta, besteak beste.

Ofizioz matematika irakaslea da eta oraintxe Ikasketa Buru lanetan dabil Zizur Nagusiko institutuan. Matematikari heltzeaz gain, ikasleekin literatur emanaldiak antolatzen ditu eta irakurle talde bat ere martxan jarri dute irakasle, ikasle eta gurasoen artean.

Irakurtzeari eta idazteari afizioz heltzen dio eta oraintxe ipuin-liburu batean jarriak ditu bere gogo eta ilusioak. Astean hiruzpalau aldiz bere bloga elikatzen ere saiatzen da eta larunbatero Itaka literatur saioa egiten du Segura Irratian. Egiten duenarekin eta egin nahi duenarekin zoriontsu bizi da.

Irakurri testua eta gozatu!

Matrikula epea irekita dago


Goiztiri AEK-kook matrikula epea zabaldu dugu hemendik ikasturte
amaierara arte euskara ikasteko interesa dutenek aukera izan
dezaten. Gaurtik urtarrilaren 27ra arte izango da izena emateko
aukera. Horretarako, ondorengo telefono zenbakietara deitu
edo e-posta bidali azpiko helbide hauetako batetara:

943 88 93 40 /943 88 91 74 beasain@aek.org ordizia@aek.org

Animatu eta izena eman! AEK-k hitza ematen dizu!

Hauexek dira une honetan Goiztiri AEK euskaltegiak dituen taldeak:

HERRIAK

ESKAINTZAK(Europako markoa)

ORDUTEGIA

LEGORRETA

B1 (goi urratsak)

14:30-16:30

ITSASONDO

A2(behe urratsak)

19:00-21:00

ORDIZIA

A1(behe urratsak)

B1(goi urratsak)

EGA

AUTOIKASKUNTZA

(maila guztiak)

09:30-11:30

18:00-20:00

18:00-20:00

Ordutegi egokitua

BEASAIN

A2 (behe urratsak)

C1( goi urratsak)

AUTOIKASKUNTZA

(maila guztiak)

9:30-12:00

18:00-20:00

Ordutegi egokitua

IDIAZABAL

A1(behe urratsak)

19:00-21:00

SEGURA

A2(behe urratsak)

AISA(etorkinentzat)

19:30-21:30

17:00-19:00

ORMAIZTEGI

A2(behe urratsak)

19:30-21:30

2012/01/11

Goierriko Kastaren errezitaldia izango da bihar Beasainen

Goierriko hainbat literaturzale eta idazlek osatzen dute Goierriko Kasta taldea eta bihar euren testuak irakurriz errezitaldia egingo dute Usurbe Antzokiko Erakusketa Aretoan, iluntzeko zortzietan. Igor Alustiza musikaria izango dute lagun errezitaldian. Gogoratu Goierriko Kastakoen testuak argitaratzen ditugula hilero blogean. Eskuinean dituzue euren testuak bilduta, Goierriko Kasta etiketapean. Sartu eta irakurri!

Lehiaketako sariak irabazleen eskuetan daude

Hilabetero-hilabetero egiten dugu lehiaketa eta erantzuna asmatzen dutenen artean zozketatzen ditugu sariak. Lapurdiko Azkain herrian bizi den Txominek lortu zuen azaroko lehiaketako saria eta abenduan Goierrin izan ziren Liburu eta Disko Azoketako baterako 50 euroko bonoa lortu zuen. Lehiaketan parte hartu zuenean argi utzi zuen gustura asko etorriko zela Goierri aldera saria lortuz gero, eta halaxe egin zuen! Abenduko lehiaketa, berriz, euskaltegiko ikaslea den Jokin Ibañezek irabazi zuen. Ibañez Beasaingo iluntzeko taldeko ikaslea da. Beheko irudian agertzen da alai asko, eskuartean saria duela. Zorionak biei!
Gogoratu hilabete honetako lehiaketa ere martxan dagoela. Parte hartu!

2012/01/10

Sukaldaritza ikastaroa egin dute Segurako ikasleek

Segurako Aisa taldea eta euskalduntze taldea Elorri elkartean bildu ziren abenduaren 20ean sukaldaritza ikastaroa egiteko. Ikastaro honetan, Rquia eta Khadodouf ikasle marokoarrek bertako taloak eta tea prestatu zituzten, eta Daniel argentinarrak Panquequeak, krepen antzekoak prestatu zituen.

Aisako taldeak sukaldaritza saio honi begira azken asteetan hiztegia eta azalpen laburrak landu zituen. Bertaratu ziren segurarrei azalpenak euskaraz eman zizkieten eta ezin hobeto moldatu ziren.

Amaitzeko, prestaturiko jan guztiarekin giro bikainean afari meriendatxoa egin zuten.

Hona hemen sukaldaritza ikastaroan egindakoak prestatzeko errezetak, etxean egin nahi izanez gero. Saiatu eta on egin!

2012/01/09

Bukatu da, bukatu da, akabo! Hemen gara berriro!

Urte berri on guztioi! Ederki pasatu dugu oporretan, baina... Bukatu da, bukatu da, akabo! Urtarrilaren 9an, gaur, ekin diogu berriro lanari, opor luzeon ostean. Inoiz baino indartsuago eta gogotsu lanari ekin diogu euskaltegietan. Hemen gara bai berriro! Ongi etorri!