2013/10/31

'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka' kanpainaren aurkezpena egin dugu


 
 
Nafar hegoaldeko uzta Euskal Herrian zabaldu eta Nafarroa hegoaldeko 'zona no vascofona' deritzon eremuko euskalgintzari diruz laguntzeko asmoz jarri du martxan Errigorak 'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka' kanpaina. Kanpaina honetan Ikastolen Elkartaren, Sortzen-Ikasbatuaz eta AEKrekin arituko da elkarlanean Errigora. Ekimen honen berri emateko aurkezpena egin dugu gaur eguerdian Goiztiri AEKren Ordiziako euskaltegian eta bertan bildu dira Goiztiri AEKren zuzendaria eta Lazkaoko San Benito, Beasaingo Andramendi eta Ordiziako Jakintza ikastolako ordezkariak. Azpian duzue aurkezpenaren nondik norakoa:



Produktu ederrez osatutako 50 euroko saskia eskuratu nahi baduzue, Goiztiri AEKren Beasaingo (Urbialde plaza 7, behea) edota Ordiziako (Nafarroa Beherea,1) euskaltegietan, Beasaingo Andramendi ikastolan, Ordiziako Jakintza ikastolan edo Lazkaoko San Benito ikastolan egin dezakezue eskaria azaroaren 14a baino lehen.

 
 
Animatu eta eskuratu saskia!
 
Informazio gehiago Errigoraren Facebook, Twitter eta Youtube-ko kontuetan edota Goiztiri AEKren Slideshare kontuan.

2013/10/30

'Amaren eskuak' filma izango da ikusgai Ordizian asteburuan

Euskarazko 'Amaren eskuak' filma ikusteko aukera izango da astebukaeran Ordizian.Izenburu bereko Karmele Jaioren liburuan dago oinarrituta Mireia Gabilondok zuzendutako pelikula hau. Nerea da filmeko pertsonaia nagusia,  kazetaria ofizioz eta lana eta familia bizitza uztartu nahian dabilen ama. Ama memoria galtzen hasi eta ospitalera eramango dute. Nerearen bizitzako desoreka handitu egingo da orduan.

Honako egun hauetan ikusi ahal izango da filma Ordiziako Herri Antzokian:

Ostirala, 1: 19:30 -22:15
Larunbata,2: 19:30- 22:15
Igandea,319:30-22:15
Astelehena,4 : 19:30




Filmari buruzko informazio gehiago hemen.

2013/10/28

Zuhaitzen eta landareen inguruko lexikoa lantzen


Ordiziako iluntzeko A2 mailako kideak zuhaitzen eta bestelako landareen inguruko lexikoa aberasten aritu ziren joan den astean. Deskribapenak zegozkien argazkiekin lotu zituzten eta bakoitzaren inguruko informazioa jaso zuten. Ondoren, kartoi meheetan itsatsi zituzten irudiak eta bakoitzaren deskribapenak idatzi zituzten argazki bakoitzaren ondoan. Azpiko argazkietan duzue egindako lanaren isla:


Orain kalera atera eta ikusten dituzten zuhaitzen eta landareen izenak esateko gai izango dira. Jarraitu horrela,koadrila!

2013/10/24

Udazkeneko kontuen berri Bixi-bixi irratsaioan

Goiztiri AEK euskaltegiko irakasleok Segura Irratiko Bixi-bixi saioan kolaboratzen dugu, euskaltegion tartean, euskara aberasteko asmoz. Goiztiriko kide den Amaia Auzmendik hartu zuen parte joan den hasteko saioan eta udazken garaiko kontuen berri eman zuen. Entzun irratsaioa, euskara aberastu eta gozatu!


Ikasturte honetako irratsaio guztiak hemen

2013/10/23

Maria Luisa Gorrotxategiri merezitako agurra egin diogu

Maria Luisa Gorrotxategi hogei urtez aritu da irakasle lanetan AEKn, lehendabizi hamar urtez Altsasun eta ondoren beste hamar urtez Goierriko Goiztiri AEKn eta, erretiratzeko garaia dela iritzita, amaiera eman dio irakasle ibilbideari. Urte hauetan guztietan egindako lana aitortu eta omenaldi xumea eskaintzeko asmoz, afaria egin genuen joan den ostiralean Ordiziako Argi Berri elkartean. Bertan bildu ginen Goiztiri AEKren irakasleak eta gau polita pasa genuen.


Afalondoren, Gorrotxategi zegamarrak Goiztiriko lankideok egindako oroigarria jaso zuen, azpiko argazkian ageri dena.




Mila esker guztiagatik, Maria Luisa, eta gozatu bizimodu berrian!

2013/10/21

Oraindik ere ikas dezakezu euskara praktikoa




Ikasturtea urriaren 1ean hasi genuen eta hainbat mailatako taldeak ditugu martxan. Hala ere, euskara praktikoa ikasteko gogoz dagoenak badu oraindik ere lekurik Goierriko Goiztiri AEKn.

Martxan dauden taldeak:
  • Hasierako maila (A1): Ordizian, 18:00etatik 20:00etara
                                             Idiazabalen, 09:45etik 11:45era
  • A2 maila: Ordizian, 09:30etik 11:30era
                      Beasainen, 09:30etik 12:00etara
                      Ordizian, 18:00etatik 20:00etara
  • 1. maila (B1): Ordizian, 18:00etatik 20:00etara
  • 2.maila (B2): Beasainen, 18:00etatik 20:00etara
  • 3. maila (C1): Ordizian, 09:30etik 11:30era
  • Etorkinentzako AISA ikastaroak: Ordizian, 15:00etatik 17:00etara.
  • Autoikaskuntza edota on-line ikastaroak: maila guztiak eta ordutegi malgua.

Laster hastekoak:

  • Etorkinentzako AISA ikastaroa: Ordizian, 10:00etatik 12:00etara
                                                               Zaldibian, 14:30etik 16:30era.
  • Hasiera maila (A1): Ordizian, 14:45etik 16:15era.
  • Langabetuen taldea (A1/A2): azaroaren 4tik aurrera, 14:00etatik 17:30era. Doakoa. Izen-ematea: Ordiziako Euskara Zerbitzuan.
  • A2 maila: Zaldibian, 14:30etik 16:30era.
  • A2/B1 maila: Ormaiztegin, 18:30etik aurrera. Urriaren 23tik aurrera.
  • 2. maila (B2): Beasainen, 14:30etik 16:30era.
  • 3.maila (C1): Ordizian, 18:00etatik 20:00etara.

Animatu eta eman izena!

2013/10/18

Irakurketa tailerra egingo dute azaroan Beasainen

Igartza saria irabazi zuen Goiatz Labandibarrek 2011n eta aurten kaleratu du 'Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak' liburua. Narrazio laburrez osatutako liburu hau izango dute hizpide Beasainen egingo diren tailerretan. Lehendabizi, parte hartzaileak liburutegian elkartuko dira,19:00etan, liburuaren nondik norakoak komentatzeko eta, ondoren, Labandibar idazlearekin egingo dute tertulia azaroaren 21ean, 19:00etan, toki berean.


Bi saioetan edota saiotakoren batean parte hartzeko asmoa dutenek Beasaingo Udal Liburutegian eskura dezakete liburua.

Animatu eta parte hartu!

2013/10/16

Beasaingo Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea irekita dago

Lagunartean euskaraz hitz egin eta euskara hobetzeko asmoa baduzu edota helburu hori dutenei lagundu nahi badiezu, Beasaingo Mintzalaguna ekimenean parte har dezakezu. Astean behin lagun horiekin elkartu eta mintzapraktika egingo duzu kafetxoa hartu, ibilalditxoa egin edota beste edozein ekintza egiten duzuen bitartean.


Mintzalaguna egitasmoan parte hartu nahi duzuenok urriaren 20a duzue izena emateko azken eguna. Beasaingo Udaleko Kultura eta Euskara sailera (943 02 80 63), Goiztiri AEKren Beasaingo euskaltegira (943 88 93 40) edota Beasaingo Udal euskaltegira jo dezakezue horretarako. Animatu eta eman izena!

2013/10/15

Euli-giro



Uxue Alberdik 'Euli-giro' izeneko narrazio liburua kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Alberdik helduentzako idatzitako hirugarren liburua da hau, 'Aulki bat elurretan' eta 'Aulki jokoa'-ren ostean. Susaren webgunean osorik irakurtzeko aukera duzue. Gozatu!

2013/10/11

Sarri, sarri

Ruper Ordorika musikari oƱatiarrak 'Azukre koxkorrak' izeneko diskoa kaleratu berri du. Diskoan hainbat kanta ezagunen moldaketekin osatu du eta tartean da Kortatu taldearen 'Sarri, sarri'. Azpiko bideoetan dituzue Ordorikak egindako moldaketa eta Kortaturen abestiaren bideoa letra eta guzti. Zein duzue gustukoago?






Eman zure iritzia!

2013/10/09

Urriko lehiaketa


Hilabete honetako galdera: Zenbat urtetik behin jokatzen da Bertso Txapelketa Nagusia?

Saria: Azaroaren 10ean Tolosan izango den finalaurreko saiorako bi sarrera.

Parte hartzeko azken eguna: urriak 31.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/10/02

Izan supermintzalaguna!

2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoa abian da eta horren berri emateko kanpaina dibertigarria egin dute aurtengoan. Egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten “supermintzalagunak” omendu nahi ditu aurtengo kanpainak. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak esan bezala, “ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira”.



Mintzalaguna egitasmoa euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da. Egitasmo honek hainbat helburu ditu: euskara hobetzea, gehiagotan erabiltzea, euskaraz bizitzea, normalizazioaren alde egitea, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzea...

Astean behin biltzen dira egunerokotasunean euskaraz aritzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak. Paseoan, kafetegian. parkean edo edozein lekutan elkar daitezke, eurek nahi dutena euskaraz egiteko. Asteroko hitzorduaz gain, noizean behin herriko beste mintzalagun taldeekin ere egiten dituzte irteerak, afariak, kirol ekintzak...


Ordizian mintzalagun izateko interesa baduzu, eman izena urriaren 30a baino lehen Hitzaro elkartean edota Ordiziako AEKn. Hitzaro elkartean 09:00etatik 13:00etara eman dezakezu izena 943 16 23 66 telefonoan edota hitzaro@gmail.com helbidera idatzita. AEKren kasuan Nafarroa Beherea kaleko euskaltegira jo dezakezue, 943 88 91 74 telefonora deitu edota ordizia@aek.org helbidera e-posta bidali.

Animatu eta izan supermintzalaguna!