2016/12/23

Korrika urte on!

Gaur Gabonetako oporrak hartuko ditugu urtarrilaren 9ra arte. Hortaz, euskaltegiko ateak itxita izango ditugu ordura arte eta bloga eta sare sozialak ere ez ditugu elikatuko. Gabon euskahaldun onak izan eta Korrika urte on!


Argazki-album dotoreak sortu dituzte


Argazki-albumak egiten ikasteko tailerra egin genuen atzo Beasaingo euskaltegian Patricia Acostarekin. Patriciak pausoz pauso azaldu zuen nola egin eta ikasleek arretaz eta txintxo-txintxo jarraitu zituzten azalpenak. Emaitza ere halakoa izan zen gero!



Oparitu euskara!



Urte berriarekin batera asmo berriak izaten ditugu eta horietako bat euskara ikastea izan daiteke. Buruan bueltaka al dabilkizu ideia? Bada, 2017an duzu aukera! Ez utzi gerorako eta ikasi eta gozatu euskara!  

Gabonetako etenaldia egingo dugu orain eta urtarrilaren 9an hasiko ditugu berriz klaseak. Beraz, hurbildu gure euskaltegietara!

2016/12/22

Banatu ditugu postal lehiaketako sariak


Gabon gaua ate-joka dugu eta Ordiziako ikastetxeetako 3,4,5 eta 6.mailako ikasleek postal ederrak egin dituzte Goiztiri euskaltegikook antolatzen dugun lehiaketarako. Atzo, Santo Tomas egunez, banatu genituen sariak Barrena jauregian.


Euskaltegiko zuzendari den Oihane Jordanak eman zuen euskaltegiko ikasleen epaia. Hauek izan dira aurtengo irabazleak:
  • 3.maila: Haizea Salcedo (Jakintza)

Ikasleen arabera, koloreak oso ongi uztartuak daude eta landuta dago. Horretaz gain, Olentzerok eta abestiak ezin hobeto islatu ditu Euskal Gabonak.

  • 4.maila: Maren Varela (Jakintza)

Ikasleek hau azpimarratu dute lan honi buruz:
    • Irudimena eta originaltasuna
    • Material ezberdinen konbinaketa ezin hobea
    • Lan handia: botoiak itsatsi, Olentzero osatu, xehetasunak ipini...
    • Alaia eta koloretsua

  • 5.maila: Ekiñe Carrion (Urdaneta)
 

Alde batetik, ikasleen ustez, aipatzekoa da erabili duen materiala oso ondo pentsatuta eta konbinatua izan dela: pintzak, pinuaren enbor naturala, tamaina ezberdinetako zintak, oinetako ezberdinak detaile txiki baina bereziekin apainduak, Olentzeroren zakua benetako zaku oihalarekin egina...

Beste alde batetik, postalaren garbitasuna, ikusgarritasuna eta txukuntasuna ere aipatzekoak dira. Postal berezi eta polita dela nabarmendu dute ikasleek.
  • 6.maila: Maier Estala (Jakintza)
 

Ikasleek postal hau hautatu dute formatu berritzailea eta ezberdina eman diolako. Marrazki koloretsuak eta originalak egin ditu eta postalak alaitasuna transmititzen du.

Erakusketa Barrenan

Postal lehiaketan parte hartutako lan guztiekin erakusketa osatu dugu eta Barrena jauregiko sarreran dago ikusgai urtarrilaren 4ra arte. 

Zorionak parte-hartzaile guztiei, egindako lanagatik eta datorren urtera arte!

2016/12/21

Eguzkilore taldearen konpromisoak

Ordiziako Eguzkilore taldeak euskararen inguruko konpromisoak hartu ditu eta bideoan kontatu digute zeintzuk diren. Bejondeizuela, eutsi konpromiso horiei!




Gabonetako gailetak Ordiziako jubilatuekin


Ordiziako jubilatuen taldean postre tailerrak egin ohi dituzte urtero eta aurten ere horretan aritu dira, Karmele Santoyo irakaslearekin. Gabonetako gailetak, gurinezkoak, egin zituzten ostiralean. Gailetei itxura berezia eman zieten, trikuarena, azeriarena eta abar. Amaieran, egindakoa dastatu zuten. 


Jubilatuek hainbat ekintza egiten dituzte ikasturtean zehar eta abenduaren 2an Bingo jolasa egin zuten Euskararen eguna ospatzeko. Ederki pasa zuten!



Hamaiketako ederra Zaldibian



Zaldibiako AISA taldekoek Pakistan eta Marokoko janariak eta edariak ekarri zituzten joan den ostiralean gelara. A zer gozatua hartu zuten denek! Gabonetako oporren tartea izango dute orain eta urtarrilean itzuliko dira eskoletara. Ondo ibili, koadrila!

2016/12/20

Poesia, kalanbreak, musika autoeditatua eta hizkuntzak airean

Beasaingo 27. Euskal liburu eta disko azokak igandean itxi zituen ateak, hiru eguneko  jardunaren ondoren. Ostiralean euria egin zuen arren, jende asko inguratu zen eta beste egunetan ere ibili ziren herritarrak. Ekitaldi gehienetan ere jende dezente ibili da.


Ostiral goizean Gabonetako kartel lehiaketaren sari banaketa izan zen. Andramendi ikastolako Kimetz Furundarena izan da garaile aurtengoan. Ander Kortaberria (Alkartasuna Lizeoa), Irene Dominguez (Murumendi) eta Garazi Aranguren (La Salle) ere saritu dituzte.


Ostiral arratsaldean Beasaingo irakurle taldekoek euren hilabeteroko solasaldia egin zuten. Jon Benitoren 'Bulkada' poesia liburua izan zuten hizpide eta poemak ere errezitatu zituzten Karmelo Ezeizaren gitarra soinuez lagundurik.


Jarraian, Mari Kalanbreren laguntzaz Gabonetako argiak piztu zituzten eta musika eskolako trikitilariek alaitu zuten giroa. Olentzero eta Mari Domingi ere hurbildu ziren ekitaldira eta haurrekin gustura egon ziren.


Larunbat eguerdian Goierriko bertso eskolako gaztetxoak aritu ziren bertsotan. Gemma Urteaga izan zen gai-jartzaile eta Ane Beloki,  Itziar Mendia, Maddi Aiestaran eta Gartxot Ramirez  aritu ziren inprobisatze lanetan.


Bertsolariek bi zatitan egin zuten saioa eta bien erdian Xabier Mendigurenen Alsina liburuaren inguruko solasaldia izan zen.


Arratsaldean, berriz, Mikel Alvarezek gidatuko mahai-ingurua izan zen, musika-lanen autoedizioaren inguruan. Honako musikari hauek parte hartu zuten: Iñigo Ibarrondo (Zingira), Alain Lopez (Sukarra 37) eta Ion Olano (Znort Facers).



Solasaldiaren ondoren, Iñigo Ibarrondo eta Alain Lopezek launa abesti jo zituzten.





Igandean, Migranteen eguna izaki, 'Beasaingo hizkuntzak' izeneko ekitaldia egin zen. Beasainen hitz egiten diren hizkuntzak, haietako asko gutxituak, ikusarazi nahi izan zituzten ekitaldi honetan.




Kale antzerkiarekin amaitu zen aurtengo egitaraua eta arratsaldean itxi genituen azokako ateak.

Eskerrak eman nahiko genizkieke azokan erosketak egin dituztenei eta ekitaldietan parte hartu duten guztiei. Segi euskal kultura kontsumitzen eta gozatzen, eta datorren urtera arte!

Argazkien bilduma
Bideo bilduma

Gabonetako postal lehiaketaren sari banaketa

Urteroko ohiturari jarraituz, Ordiziako ikastetxeetako 3, 4, 5 eta 6.mailako ikasleek Euskal Gabonak islatzen dituzten postalak egin dituzte. Euskaltegiko ikasleek aukeraketa egin dute eta jada badugu maila bakoitzeko irabazlea. Sari banaketa bihar egingo dugu, hilak 21, Ordiziako Barrena jauregian, 18:30ean. Sari banaketaz gain, parte hartu duten postal guztien erakusketa ere irekiko da, urtarrilaren 4ra arte ikusgai egongo dena.

2016/12/19

AEK-koak Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin korrika



Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ordizian izan ziren larunbatean 'Tipi-tapa, Korrika!' ikuskizun berria eskaintzen. AEKren ikasle eta irakasle batzuk ere parte hartu genuen ikuskizunean.



AEKren irakaslea eta Goierriko Korrika arduraduna  den Maddi Jauregik hartu zuen hitza lehenengo, eta jarraian Fran Iglesias ikasleak mezu bat bidali nahi izan zien gurasoei. Bejondeizuela!

Argazki-albuma egiteko tailerra ostegunean


Gabonak ate-joka ditugu eta garai hauetan ingurukoei opariak egiteko erosketetan ibili ohi gara. Guk beste proposamen bat dakarkigu, ordea: zuk zeuk egitea oparia. Horretarako, argazki-albuma egiten ikasteko tailerra antolatu dugu abenduaren 22rako, 14:30etik 16:30era, Beasaingo euskaltegian. Emalea Patricia Acosta izango da.


 

Plaza mugatuak daude eta asteazkena, hilak 21, baino lehen eman behar da izena.

Animatu eta egin oparia maite duzun horrentzat!

2016/12/15

Beasaingo liburu eta disko azoka asteburuan

Beasaingo 27. Euskal liburu eta disko azoka izango dugu asteburuan, ostiraletik igandera. Goiztiri AEK euskaltegikook antolatzen dugu azoka, Beasaingo Udalaren eta Mirentxu liburu-dendaren laguntzaz. Ohiko moduan, liburuak, diskoak eta jokoak izango dira salgai, %15eko deskontuarekin. Aurten ere Gernika pasealekuan jarriko den karpan izango da azoka. 


Produktuez gain, egitarau betea dakarkigu 27. edizioan ere. Hementxe duzue ekitaldi guztiak biltzen dituen eskuorria.


Hurbildu azokara, erosi euskarazko produktuak eta parte hartu ekintzetan!

Errege-opila nola egin ikasi dugu


Euskaltegiko ikasle den Fran Iglesiasek errege-opila nola egin irakatsi zigun atzo Beasaingo Aizkorri mendizale elkartean. 40 lagun elkartu ginen, euskaltegiko kide eta herritarrak bateratuta, eta guztiak adi-adi egon ziren, begira eta pausu guztiak idatziz jasotzen. 


Franek ikaskide duen Ana Merino izan zuen laguntzaile. Lan ederra egin zuen Anak ere; bejondeizula, Ana!



Anak orea egin zuen Franen laguntzaz baina ore hura egonean utzi behar zenez hiruzpalau orduz prestatu aurretik, aurrez egonean edukitako orea ekarri zuen Franek etxetik eta harekin egin zuen ondorengo prozesu osoa. Horretaz gain, etxean egindako errege-opila ere ekarri zuen, elkartean bertan esne-gainez bete zuena. Beraz, bi errege-opil izan genituen amaieran: bata esne-gainez betea  eta, bestea, labetik atera berria, gainazalean frutak zituena, bestelako betegarririk 
gabea. 




Anak eta Franek elkartean bertan prestatutako orea Gorka Gorrindo ikasleak eraman zuen etxera. Bertan landu zuen maitasun osoz eta a zer errege-opil dotorea atera zitzaion! Itxura ederra du eta baita zaporea ere! Izan ere, ikaskideek eta irakasle batzuek dastatzeko aukera izan dute gaur goizean. Zorionak zuri ere, Gorka, eta mila esker!


Argazki galeria osoa hemen
Errezeta pausoz pauso, argazkitan (Gorka Gorrindo ikasleak ateratakoak)

2016/12/14

Ikaskideei errezeta erakusten

Ñañarri taldeko ikasle den Lourdesek hostopil gozoak ekarri zizkien ikaskideei, arratsaldea eta klasea goxatzeko. Plateretan hondarra besterik ez zen geratu eta errezeta azaldu behar izan zien azkenean. Bejondeizula, Lourdes!

Zirkorrika!

Otxandion hasi eta Iruñean bukatu bitartean, furgonetako bozgorailuetatik gehien entzungo den abestia izango da. Gaur aurkeztu dute 20. Korrikaren kanta, Zirkorrika izenekoa, AEK eta Korrikako arduradunek Iruñeko Kondestable jauregian. Abestiaren egile eta interpreteetako batzuk ere izan dira bertan.


Musikari ezagunek hartu dute parte abestian. Xabier Zabala da musikaren egilea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko kolaboratzailea. Hitzak Uxue Alberdi idazle eta bertsolariarenak dira. Interpretazioan, aldiz, hainbat abeslari eta musikarik hartu dute parte: Izaro abeslari gaztea, Petti beratarra, Miren Narbaiza Napoka Iria eta beste hainbat proiektutako kantaria, Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslaria eta Oihana Fernandez Afu Iruñeko musika-taldeko abeslaria. Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote musika, Oreka TXeko kideekin elkarlanean. Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia osatu dute, bizia eta alaia.


2016/12/13

Euskaltegiko ikasleari elkarrizketa Euskadi irratian

Errege-opila nola egin ikasteko saioa izango dugu bihar euskaltegiko ikasle den Fran Iglesiasekin. Euskadi Irratiko Faktoria saiokoek elkarrizketa egin zioten atzo, biharko ikastaroa dela medio, eta jarri dute jada sarean. Errege opilaren inguruko hainbat kontu aipatu zituen Franek. 



Entzun, entzun!


2016/12/12

Axari taldekoen aho-korapiloak

Idiazabalgo Axari taldekoek ere ez dute atzean geratu nahi izan eta aho-korapiloen erronkari heldu diote. Buruz ikasi dituzte, gainera, eta txukun-txukun esan dituzte bideoan. Ikusi eta, batez ere, entzun! Bejondeizuela!


Goierriko 'Euskal liburu eta disko azokak' asteburuan


Gaur goizean aurkeztu ditugu Goierriko bost herritan egingo diren euskal liburu eta disko azokak. Urteroko moduan, elkarlanean antolatu ditugu Ordizia, Segura, Ataun, Lazkao eta Beasaingo azokak, 'Azokak batzen gaitu' lelopean. Azpiko bideoan duzue jasota gaurko aurkezpen bateratua; bertan, ordezkariek euren azokari buruzkoak azaldu dituzte eta ekintza osagarrien berri eman dute.


Beasaingo azoka Goiztiri AEK euskaltegikook antolatzen dugu, Beasaingo Udalaren eta Mirentxu liburu-dendaren laguntzaz. Azokan liburuak, diskoak eta jokoak topatuko dituzue, %15eko deskontuarekin. Aurten ere Gernika pasealekuan jarriko den karpan izango da azoka, ostiral goizetik igande arratsaldera.

Ordutegia
  • Ostirala, hilak 16. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
  • Larunbata, hilak 17. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
  • Igandea, hilak 18. 11:00etatik 14:00etara eta 17.00etatik 19:00etara.
Egitaraua

Ostirala, hilak 16 
  • 11:00etan Olentzerotako kartel lehiaketaren sari ematea, Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin elkarlanean. 
  • 17:00etan Irakurle taldearen saioa. 
  • 18:30ean. Gabonetako argiak piztea. Mari Kalanbrek argiak piztuko ditu eta Olentzero eta Mari Domingi ere hor izango dira. Txilibutxofekoek gunea apainduko dute. Ekitaldi honen aurretik eta ondoren, Musika Eskolako trikitilariak arituko dira.
Larunbata, hilak 17
  • 12:00etan. Goierriko bertso eskolako bertsolariak.
  • Jarraian, Xabier Mendigurenen Alsina liburuaren aurkezpena. Maitane Legarretak aurkeztua.
  • Ondoren, Goierriko bertso eskolakoen saioa.
  • 18:30ean. Goierrin sortutako disko-ekoizpenen inguruko mahai-ingurua. Moderatzailea: Mikel Alvarez.  
    • Aurtzakaren dantza-emanaldia Usurbe antzokian. Liburu azokan erabiltzeko bost bonu zozkatuko dira sarrerarekin batera.
  • 19:00etan. Kontzertua herriko musikariekin. 
Igandea, hilak 18 
  • 11:30ean. 'Beasaingo hizkuntzak' ekitaldia. 
    Migranteen nazioarteko eguna izanik, Beasainen hitz egiten diren hizkuntzak bistaratu nahi ditugu. Bidez batez, beasaindarren kulturari leku txiki bat egin nahi zaio. Jakin badakigu, gure artean komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntzaz gain, gutako askok badugula hizkuntza propioa, askotan, gainera, hizkuntza gutxitua dena. Horiek ikusarazi nahi ditugu migranteen egunean, gure artean errotua dagoen kultur ekimen baten bateko egitaraua txertatuta, Liburu Azokan hain zuzen ere.
Kantujirak bi abesti abestuko ditu. Ondoren,Beasaingo hizkuntzak bistaratzeko ekimena egingo da.  Guztien artean, Txoria txori abestuko da eta Kantujirakoen beste bi abestirekin itxiko da ekitaldia.
  •  13:00etan. Kale antzerkia, Vademekun antzezlana.

Beste herrietako azoken berri goiko bideoan eta Goierriko Hitzan.

Etorri azokara eta parte hartu ekitaldietan! Azokak batzen gaitu!

    2016/12/07

    Puxikak airean

    Ordiziako Harizti taldekoak kokapenak ikasten ari dira (gainean, azpian, atzean...) eta puxika-jolasa egin genuen lanketa egiteko. Puxika bakoitzak kokapena zuen jarrita eta musika martxan zen bitartean, puxika guztiak airean mantentzen saiatu ziren. Musika geratutakoan, puxika bat heldu eta bertan idatzita zegoen kokapenaren arabera, berau kokatu eta esaldia egin zuten. Bideoan puxikak airean mantentzen saiatzen ari dira.Zer ondo pasatzen duten ikasleek, ezta?



    2016/12/05

    Natura ezagutzen



    Ordiziako eguerdiko eta iluntzeko A1/A2 taldekoak naturaren inguruan gehiago ikasten ari dira. Hori dela eta, irakasleak hainbat zuhaitzen hostoak ekarri zituen klasera eta ikasleek erakusketa ederra sortu zuten ikasgelan, bakoitzari bere izena jarrita. Ederra, ezta?


    Euskarazko hitzik politena eta itsusiena

    Larunbatean Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen eta Ordiziako Harizti taldekoek hainbat gauza egin zituzten joan den astean. Hasteko, euskararen inguruko lehiaketa egin zuten eta gauza berri asko ikasi zituzten euskarari eta munduko beste hizkuntza batzuei buruz. 


    Jarraitzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren nondik norakoak ezagutu zituzten eta Xaramela taldeak moldatutako 'Guk euskaraz' abestia abestu zuten.


    Amaitzeko, euskaraz gehien eta gutxien gustatzen zaizkien hitzen zerrenda osatu zuten.

    GUSTUKOENAK                                         
    • atsegin
    • mila esker
    • barkatu
    • lore
    • maite
    • bihotz
    • polit
    • amets
    • ilargi
    • lirain
    • musu
    GUTXIEN GUSTATZEN ZAIZKIENAK
    • txar
    • narras
    • itsusi
    • zikin
    • zabor
    • zigor
    • ikatz 
    Zer diozue zuek, ados al zaudete?