2019/01/31

Talogintza tailerra otsailaren 13an izango da

i

Antolatzen ditugun kultur ekintzen artean arrakastatsuenetakoa izaten da talogintza tailerra, parte-hartze aldetik behintzat, eta aurtengoan ere taloak egiteko bilduko gara otsailaren 13an, 18:00etan, Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean.

Segurako talogileek orea prestatuko dute eta, ondoren, mahaietan banatuko da, parte-hartzaile bakoitzak bere taloa egin dezan. Jarraian, sutan erre eta hirugiharra, gazta, txistorra edo txokolatea tartean dutela dastatuko ahalko dira.  

Parte hartu nahi izanez gero, otsailaren 8ra arteko epea izango da izena emateko. Horretarako, gurekin harremanetan jarri beharko duzue. Helduek 4 euro ordainduko dute eta umeek, berriz, 2 euro.

2019/01/30

Ipuinen magian murgilduta

Leire Zinkunegi ipuin kontalariaren saioa izan genuen asteartean Ordiziako Barrena jauregian eta bertan bildu ginen iluntzeko taldeetako ikasle eta irakasleak, eta baita hainbat herritar ere, tartean ume batzuk. 

Leirek hiru ipuin kontatu zituen: satorra, beheko erreka eta karakola I. Narrazio ederrak dira hirurak, mezu garrantzitsu eta gogoangarriak dituztenak eta zinez gozatu genuen entzuten. 


Amaieran, hizketaldia ere egin genuen, hiru ipuinen inguruko gogoeta egiteko.

2019/01/29

Korrika Batzordeen hitzorduak

Goierriko herrietako batzordeen bilera hitzorduak lotzen ari gara pixkanaka eta hauek dira orain arte finkatutakoak:



Falta diren herrietako hitzorduak jakinaraziko ditugu zehaztu ahala, beraz, adi ibili!

2019/01/28

Txillardegiren omenaldi-ekitaldirako gonbidapenak eskuragarri

21. KORRIKAk Txillardegiren omenezko ekitaldia antolatu du datorren otsailaren 9rako, 19:00etan, Musikene* Goi Mailako Musika Ikastegian.

Ekitaldian, Txillardegik euskararen normalizazioan eta bestelako arloetan eginiko ekarpenaren aitorpena egingo dute AEK-k eta KORRIKAk.


Ekitaldia doakoa izango da; etorri nahi duen orok gonbidapena eskuratu behar du helbide honetara mezua idatzita: ekitaldiak@korrika.eus

* Musikene goi-mailako musika ikastegia
Europa plaza, 2, 20018 Donostia

2019/01/25

Otsailean hilabeteko ikastaro trinkoak Foruko barnetegian

Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.


AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago -120 orduko ikastaroak- egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.

  • Epea: otsailaren 4tik martxoaren 1era. 
  • Prezioa: 536 euro. Eskolak, egonaldia eta otorduak barne. 
  • Maila guztiak. 
  • Informazio gehiago eta izen-emateak: gernika@aek.eus // 946 253 596 
Datozen hilabeteotan ere aukera gehiago izango duzu. Ikusi hemen.

2019/01/24

Mintzodromo birtuala otsailaren 1ean

Hainbat ikasle ari da online ikastaroetan ikasten AEKn, munduan zehar zein Euskal Herrian. Hauek guztiak harremanetan jartzeko, otsailaren 1ean E-uskaltegian -AEKren euskaltegi birtualean- mintzodromoa egingo dugu. Mintzodromo arruntaren ezaugarri berberak izango ditu: talde txikietan hitz egingo dute gai zehatzen arabera, partaideak taldez talde aldatuko dira, dinamizatzaile bana egongo da taldeetan...baina online burutuko da.



Egunerokotasuna duten gaiak landuko dira; sare sozialak, euskararen aldeko ekimenak, eta oporrak, bidaiak eta turismoa izango dituzte eztabaidagai.Parte hartu nahi baduzue, aukeratu zein ordutegitan ahal edo nahi duzuen urtarrilaren 29a baino lehen. Izena emateko sakatu hemen.

Online ikastaroetako ikasleez gain, aurrez aurreko eskoletako euskara ikasleak, irakasleak, herritarrak eta abar parte hartzera gonbidatuta daude.

2019/01/23

Korrika Batzordeen hitzorduak


21. Korrikaren Goierriko aurkezpena egin genuen joan den astean eta orain herrietako batzordeak jarriko dira martxan apirilera bitarteko kontuak antolatzeko. Hauek dira oraingoz lotuta dauden hitzorduak:

  • Arama, Altzaga, Itsasondo: otsailaren 13an, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.
  • Beasain: urtarrilaren 31n, 18:00etan, Igartza jauregian.
  • Lazkao: urtarrilaren 30ean, 19:00etan, udaletxean.
  • Ordizia: otsailaren 5ean, 18:30ean, AEKn.
  • Ormaiztegi: urtarrilaren 29an, 19:30ean, kultur etxean.
  • Segura: otsailaren 7an, 18:00etan, kultur etxean.
  • Zegama: otsailaren 6an, 18:30ean, kultur etxean.
  • Zerain: urtarrilaren 30ean, 18:30ean, kultur etxean.
Hitzordu gehiago ere lotuko dira datozen egunetan, beraz, adi ibili, hemen bertan jakinaraziko dizuegu eta.

Animatu eta parte hartu! Klika Korrika!

2019/01/22

Ipuin kontaketa Ordizian asteartean



Ipuin kontalariaren saioa antolatu dugu Ordizian, urtarrilaren 29an, Barrena jauregian, 18:00etan. Leire Zinkunegi izango da kontalaria eta saioa doan izango da. Hiru ipuin kontatuko ditu Zinkunegik eta ondoren solasaldi txiki bat egingo dugu entzundakoaren inguruan. 

Animatu!

2019/01/21

21. Korrikaren Goierriko aurkezpena

21. Korrika apirilaren 13an iritsiko da Goierrira baina aurrez hainbat kontu izango ditugu eskualdean. Horren guztiaren berri emateko aurkezpena egin genuen joan den astean Beasaingo Igartza jauregian. Bertan elkartu ziren eskualdeko Korrika arduradun diren Leire Barandiaran eta Andoni Mikelarena, euskaltegiko zenbait ikasle, irakasle eta hainbat herritar. 


Lehenik eta behin, 21. Korrikaren leloaren, abestiaren, omenduaren eta ibilbidearen berri eman zuten. Horretaz gain, Korrika laguntzaile eta arropa salmentaren bidez lortzen den etekin ekonomikoa ere izan zuten hizpide.


Azalpen guztiak eman ondoren, bertan bildutakoak taldeka jarri ziren, jatorrizko herriaren arabera. Izan ere, hemendik aurrera herrietan Korrika batzordeak jarriko dira martxan. Batzordeetan antolatuko ditu herri bakoitzak tokian tokiko kontuak: kilometro salmenta, agenda kulturala...

Bertan hasi zen, beraz, lehen hazia ereiten. Datozen egunetan herrietako batzordeen hitzorduen berri izango duzue blogean, adi ibili, beraz!


Goierri Telebistaren albistea.

2019/01/18

Urtarrileko lehiaketa

 
Hilabete honetako galdera: Zer egunetan igaroko da 21.Korrika Goierritik?

Saria: otsailaren 22an Beasaingo Usurbe antzokian, 22:15ean, izango den Erlauntza antzezlanerako bi sarrera. 
 


Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.
 
Bidali zure erantzuna:

E-posta: goierri@aek.eus   
Whatsapp mezua: 688 74 66 38

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:
 

2019/01/16

Izan Korrika laguntzaile!

Beste Korrika baten atarian gaude. Berriro ere, zure laguntzari esker Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko dugu euskararen aldeko mezua. Aurreko edizioa amaitu zenetik, urratsak egin ditugu, bai eta konpromisoak hartu ere, eta, euskaraz bizitzeko hautua eginda, euskaltegira hurbildu gara. Tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere.

Gauzak horrela, KORRIKAren helburu garrantzitsuenetako bat da euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea. 21. KORRIKAk jasotzen duen dirua, beraz, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu.


AEKren ekimenari esker, eta milaka lagunen laguntzari esker, Korrika den bezalakoa izatea lortu dugu, eta bide horretan jarraituko dugu. Korrika laguntzaileak KORRIKAren zutabe nagusietako bat dira
Aurten ere laguntza bera eskatzera gatoz, hau da, 21. Korrikaren Korrika laguntzailea izan zaitezen nahi dugu. 12 euroren truke jasoko duzu edizio honetako pina, txartela eta hori erabiltzeko deskontuen katalogoa. Eta, batik bat, 12 euro emanez, Korrika laguntzailea izango zara. Horretaz gain, hilabete bakoitzeko zozketan sariren bat irabazi ahalko duzu. Guztiaren berri jakiteko buletina ere jasoko duzu.

Oraindik Korrika laguntzailea ez bazara, AEKren euskaltegietan eska ditzakezu pina, txartela eta katalogoa. Internet bidez ere egin dezakezu zure eskaria (galdetegia gaztelaniaz dago. Barkatu eragozpenak!) eta etxean jasoko duzu.

Izan zaitez KORRIKA laguntzaile eta gozatu bideaz!

2019/01/15

Korrikaren materiala Beasainen salgai

21. Korrikaren materiala salgai daukagu Goierrin, Beasaingo Herri dendan (San Inazio kalea 2, udaletxetik gertu). Askotariko produktuak aurkituko dituzue bertan, haur, gazte, zein helduentzat: kamisetak, izerditakoak, kamiseta teknikoak, biserak, lepokoak, giltzatakoak, libretak...


Denda ostiraletan 17:00etatik 19:30era egoten da zabalik eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Ikusi katalogoa.

2019/01/10

Korrika arduradunei elkarrizketa


21. Korrikaren Goierriko arduradunak ditugu Andoni Mikelarena eta Leire Barandiaran beasaindarrak. Elkarrizketa egin diete biei Goierriko Hitza egunkarian eta argi geratu da lanerako ilusioz eta gogotsu daudela. Irakurri elkarrizketa HEMEN.

2019/01/09

Apirilaren 13an iritsiko da Korrika Goierrira


Korrika badator! Apirilaren 4tik 14ra egingo du Gares eta Gasteiz arteko bidea AEKren euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. Goierrira, berriz, apirilaren 13an iritsiko da 21. Korrika

Korrikak 58 kilometro egingo ditu guztira Goierrin. Legorretatik sartu eta Zumarraga aldetik aterako da Korrika. Hauxe izango da ibilbidea eta ordutegia:

  • Legorreta - 06:03
  • Itsasondo - 06.16
  • Ordizia - 06:29
  • Beasain - 06:42
  • Lazkao - 07:01
  • Olaberria - 07:19
  • Idiazabal - 07:54
  • Segura - 08:20
  • Zerain - 08:42
  • Mutiloa - 09:01
  • Ormaiztegi - 09:27
Ibilbide osoa hemen duzue jasota.


21. Korrika Goierrira iritsi aurretik hainbat kontu izango ditugu, ordea, eskualdean. Guztiaren berri emateko aurkezpena egingo dugu datorren asteartean, hilak 15, Beasaingo Igartza jauregian, 19.00etan. Joateko asmoa baduzu, eman izena hemen.
Etorri eta egin klika!

2019/01/08

21. Korrikaren ibilbidearen aurkezpena



21. Korrika zure herritik pasatuko den jakin nahi al duzu? Bada, azti ibili bihar, hilak 9, orduan jakinaraziko baita ibilbidea www.korrika.eus gunean.

2019/01/07

21. Korrikaren aurkezpena hilaren 15ean Beasainen


21. Korrika apirilean iritsiko da baina euskararen aldeko lasterketa erraldoia ailegatu aurretik, hainbat gauza gertatuko dira Goierrin. Honen gaineko informazioa jasotzeko, eskualdeko aurkezpena egingo dugu. Aurkezpena hilaren 15ean, asteartean, izango da Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan. Joateko asmoa baduzu, eman izena hemen.

Guztiok gonbidatuta zaudete!

2019/01/01

Matrikulazioa zabalik

Beasaingo bertso-saiora joan nahi duzu?

Arriarango Intxaurpe Elkarteak antolatuta Beasainen urriaren 24an bertso-saioa izango da. 

Ekitaldira joan nahi duzu? Bada, galdera honi ongi erantzuten badiozu zozketan parte hartuko duzu: 

Errigorako kanpaina zein egunetatik zein egunetara egongo da irekita?

Bidali erantzuna 688 74 66 38 whatsapp zenbakira urriaren 21erako. Irabazlearen izena  urriaren 22an, osteguna, jakinaraziko dugu.



Matrikulazioa zabalik

2020/21 ikasturtean euskara ikasi nahi baduzu, hementxe duzu aukera paregabea! Eskaintza zabala dugu, maila guztiak, aurrez aurre, autoikaskuntza zein online. Gainera, irailaren 18a baino lehen matrikulatuz gero, ordainketa malguagoa izango duzu. Horretaz gain, Goierriko udalek diru-laguntzak ematen dituzte euskara ikastaroak egiten dituztenei eta HABEk titulua gainditzen dutenei. 

 <iframe src="//www.slideshare.net/slideshow/embed_code/key/dj2G3zKYxVe03T" width="500" height="485" frameborder="0" marginwidth="0" marginheight="0" scrolling="no" style="border:1px solid #CCC; border-width:1px; margin-bottom:5px; max-width: 100%;" allowfullscreen> </iframe> <div style="margin-bottom:5px"> <strong> <a href="//www.slideshare.net/goiztiriaekgoierri/eskaintza-2021-ikasturtea" title="Eskaintza 20/21 ikasturtea" target="_blank">Eskaintza 20/21 ikasturtea</a> </strong> from <strong><a href="https://www.slideshare.net/goiztiriaekgoierri" target="_blank">Goiztiri AEK euskaltegia</a></strong> </div>

Eman izena irailaren 25a baino lehen!