2015/10/30

Euskarazko irainak


Askotan esan izan ohi da euskaraz ez dagoela iraintzeko hitzik eta ez dugula euskaraz iraintzen. Hala ote da?

Zuzeu albistariak Joseba Aurkerenak egindako lana hartu eta zerrenda hauxe argitaratu du euren webgunean:

  1. Klasikoak, hau da, betidanik oso entzute handikoak izan direnak eta beste multzoetan sar ez daitezkeenak: babo, alen, ergel, kirten, lerdo, lelo, ziztrin, alproja.
  2. Sexua, soilik, aipatzen dutenak: alu, zakil, potroso, zakilote, buztantxo, zakiltxo, zakilpistola, pittitto, pitilin, pitilintxo, pito, txilibito, koxkabilo…
  3. Animaliak eta sexua nahasten dituztenak: potrozorri, zerripotro, zerripotroso, zerribuztan, astobuztan, astazakil, astapotro, astotranka…
  4. Animaliak, soilik, aipatzen dituztenak: asto, astama, zerri, zerrama, urde, urdanga, mando, zakur, putre, bixigu, mozolo, azeri, otso, pizti…
  5. Animalien gorputz-atal bat aipatzen dutenak: xoxoburu, txoriburu, katabegi, oilarbuztan, oilarmoko, sugemihi, txoribuztan…
  6. Landareen berri ematen digutenak: arbilore, artaburu, azaburu, azaosto…
  7. Koloreren bat aipatzen dutenak: zuri, beltz, gorri, gogourdin, hezurbeltz, mihizuri, suegorri, atorzuri, txapelzuri, hankagorri…
  8. Adjektibo hutsak direnak: zikin baldar, zarpail, faltsu, trakets, maltzur, gaizto, zital, mozkorti, mozkor, ihar, Potolo, gizen, gezurti, zaztar, zatar…
  9. Izenak eta adjektiboak lotzen dituztenak: muturzikin, burugogor, buruhaundi, kaxkamotz, kaxkazuri, sudurluze, ahobeltz, ahobero…
  10. Aurrean, trinkotasuna azaltzeko, mari-aurrizki daramatenak: mariapain, marilerdako, maritxoro, maribideetako, maribihurri…
  11. Aurrean, trinkotasuna azaltzeko, beti- aurrizkia daramatenak: Betigaizto, betizital, betini, betikontra, betilerdo, betikaka, betizikin…
  12. Aurrean, maila ematen ez duela adierazteko, sasi- aurrizkia daramatenak: sasimaistra, sasimaisu, sasigizon, sasiapaiz, sasimutil…
  13. Akats fisikoen berri ematen dutenak: besomotz, entzungor, begibakar, antipar, ipurdifrontoi, ipurdipandero, bularmarmita, mingainluze…
  14. Irain politikoak: frantximant, frantseskume, piperpotero, hedezuri, txapeloker, sardinzahar, mendizorri, eltzetxo, trenak ekarritako…
  15. Bestelakoak, hau da, aurreko multzoetan sartzen ez direnak: segapoto, arrastelu, gizajopastel, kaxkoi, gizontxaperu, txorimalo, erretxin…
Zein dituzue gustuko? Zein erabiltzen dituzue?

2015/10/28

Abestiak lantzen ikasleekin

Beasaingo goizeko taldeko ikasleek ikasturtean zehar lantzeko euskal abestiak hautatu dituzte. Hilabete bakoitzean kanta bat landuko dute eta urrian Sorotan Bele taldearen 'Arratsalde honetan'  abestiaren txanda dugu. 




Gustuko al duzue abestia?

2015/10/27

Euskaltegiko taldeak ezagutzen

 

Hil honetan hasi dugu 15/16 ikasturtea eta taldeak martxan daude beraz. Ikaskide batzuek jada ezagutzen dute elkar, aurreko ikasturtean ere elkarrekin ibili zirelako, eta beste batzuk orain ari dira elkarren berri izaten. Zeuek ere beste taldeen berri izan dezazuen, hemen argazkiak argitaratuko ditugu pixkanaka. Hona hemen iritsi diren lehen irudiak.


Talde jatorrak ditugu, ezta?

2015/10/26

'Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi' jardunaldia Bilbon



'Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi' jardunaldia izango da azaroaren 13an, Bilboko Ondare aretoan, AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta. Hauxe da egitaraua:
  • 09:30. Harrera eta ongietorria
  • 10:00. Nor izan, nola egin, hala eragin. Lorea Agirre Dorronsoro.
  • 10:30.  Euskaldun baten hizkuntza-bidaia. Karmelo Ayesta Sagarduy 
  • 11:00. Transitoak. Lutxo Egia del Rio. 
  • 11:30. Atsedena.
  • 12:00. Mahai-ingurua hizlariekin. 
  • 12:45. Agurra
Jardunaldia irekia eta doakoa da baina parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako epea azaroaren 10ean amaituko da. Animatu!

Informazio gehiago hemen

2015/10/22

Larunbaterako hitzorduak

Bi hitzordu garrantzitsu daude larunbatean, urriaren 24an, eta AEK-k sostengua adierazi nahi die bi ekimen horiei.


Batetik, Deiadar manifestazioa. Baionan egingo da, Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak antolatuta, Euskara hizkuntza ofiziala! Euskal Herri elkargoa! lelopean. Kontseiluko zuzendaritzak euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei bertan parte har dezaten gonbita luzatu die. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Xaho kaitik.

Bestetik, Alternatiben Herria. Egun osoko ekitaldia izango da Bilbon, egungo eredu soziala gainditu eta Euskal Herria justua, solidarioa eta desiragarria egiteko alternatibak badirela erakusteko.

Animatu eta parte hartu!

Euskaltegien heriotza

Leire Narbaiza euskaltegiko irakaslea da eta euskaltegien egoerari buruzko hausnarketa egin du:


Ados al zaudete berarekin? Zer iruditzen zaizue? Eman zuen iritzia!

2015/10/20

Errigoraren kanpaina aurkeztu dugu Goierrin



Errigora egitasmoaren laugarren kanpaina martxan izango da bihartik aurrera eta Goierriko arduradunok aurkezpena egin dugu Ordizian. Nafarroako Erriberako nekazaritza eta euskalgintza sustatzeko asmoz sortu zen Errigora 2012an eta urterik urtera harrera hobea izan du. Laugarren kanpaina da aurtengoa; lehengo kontsumitzaileak mantendu eta berriak erakartzea dute helburu eta baita guztiak euskalgintzara gerturatzea ere.

Udazkeneko kanpainan azpiko irudian ikusten diren produktuz betetako kaxa eskuratu ahalko da, 50 eurotan. Diru horren zati bat Nafarroako Erriberako hiru proiektutara bideratuko da.



AEKren Ordiziako eta Beasaingo euskaltegietan ere eska dezakezue produktuz betetako kaxa azaroaren 8ra arte.


Nafarroako uzta, euskarari puzka! Erosi eta lagundu Nafarroako Erriberako nekazari eta euskalgintzari!

2015/10/16

'Amama' filma asteburuan estreinatuko da

Asier Altunak zuzendutako 'Amama' filma egunotan estreinatuko da zineetan. Goierrin ere izango da ikusteko aukera, Beasainen. Azpian duzue filmaren trailerra:


Animatu eta joan ikustera!

2015/10/15

Errigoraren saskia datorren astetik aurrera eska daiteke

 
Badator Errigora! Urriaren 21etik azaroaren 8ra eskatu ahalko da Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskia. Kalitate bikaineko produktuak dira, bertan ekoiztuak eta nekazarien lana aitortzen dutenak. Hori guztia 50 euroren truk.



Errigora ekimenaren helburua Nafarroa hegoaldeko nekazaritzari zein euskalgintzari bultzada ematea da. Horretarako, merkatuko prezio berean saltzen da baina %25 euskarari bideratzen zaio, herritar askoren lan boluntarioari esker. Aurtengoan, 3 proiektu zehatzetara bideratuko da diruaren zati hori:
  • Lodosako ibaialde eta Vianako Erentzun ikastola. Bizirauteko ezinbestekoa duten elkartasun ekonomikoa indartzeko.
  • Erriberako AEK. Egoera ekonomikoa arintzeko, beka fondoa handitu eta zabaltzeko eta sustapen kanpaina garatzeko.
  • D eredua Nafarroa osora zabaltzea helburu duen ekimenetara.
Gogoratu gure Ordiziako eta Beasaingo euskaltegietan egin dezakezuela eskaera. Egin eskaera!

Nafarroako uzta, euskarari puzka!

2015/10/13

Urriko lehiaketa


Hilabete honetako galdera: Zer herritan eta zer kaletan dauzkagu Goiztiri AEK-kook euskaltegiak?

Saria:  Kalakan eta Oreka Tx taldeek azaroaren 13an, 22:30ean, Beasaingo Usurbe antzokian egingo duten kontzerturako bi sarrera. 

Parte hartzeko azken eguna: urriak 31.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.org
  • Whatsapp mezua: 607 635 687 
Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2015/10/08

Neguko barnetegiak AEKn

forukoba













AEK-k hilabeteko ikastaroak eskaintzen ditu euskara lantzeko Foruko barnetegian, Bizkaian. Maila guztietako eskaintza dago, gainera. 
  • Data: urriaren 26tik azaroaren 20ra.
  • Prezioa: 536 € (dena barne)
  • Izena emateko azken eguna: urriak 24.
  • Izena ematea/informazioa: 946 25 35 96/ 648 250 172 // gernika@aek.eus

Animatu!
  • 94 625 35 96  - 648 250 172 // 

2015/10/07

Euskarazko oinarrizko hiztegia

Aste honetan hasi dugu ikasturte berria eta ikasleentzako tresna egokia da AEKren oinarrizko hiztegia. Honetaz gain, mugikorreko aplikazioa jaitsi dezakezu eta bertan kontsultatu.

2015/10/06

'Euskaraz bizi nahi dut' film labur sarituak

Urteroko legez aurten ere 'Euskaraz bizi nahi dut' film laburren lehiaketa antolatu du Kontseiluak, Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin. Epaimahaiak bere lana egin du eta baditugu sarituak:

PROFESIONALAK

  • 1.SARIA
Semeak (profesionalen ataleko 1. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

  • 2.SARIA
Lasterketa (profesionalen ataleko 2. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


  • 3.SARIA
Josuneren bidaia (profesionalen ataleko 3. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


AMATEURRAK

  • 1.SARIA
Nire eguneroko hautua (amateurren ataleko 1. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

  • 2.SARIA
Balu eta balitz (amateurren ataleko 2. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


  • 3.SARIA
Zentzu guztietan (amateurren ataleko 3. saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

Informazio gehiago hemen

2015/10/05

Mertxe Mugika Info7 irratian

Mertxe_mujika

Ikasturtea hasi dugun honetan Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak elkarrizketa eman du Info7 irratian. Entzun elkarrizketa hemen


2015/10/01

Badator Errigora!



Durangon eta Iruñean egin da Errigoraren aurkezpena eta larunbatean Usurbilen. Animatu eta bertaratu!

Joaterik ez baduzu, azti ibili datozen egunetan, 2015eko udazkeneko kanpainaren berri emango dugu eta!