2017/03/31

Bertso Korrika Ordizian


Bertso Korrika izan genuen asteazkenean Ordizian. Eguraldi ederra eta giro aparta izan ziren nagusi. Aratz Igartzabal, Nerea Elustondo eta Iban Urdangarin aritu ziren kantuan eta Eresti Oiarbide gai-jartzaile. 

Euskaltegian egin genuen lehen saioa eta ondoren tabernaz taberna ibili ginen, asteazkenetako pintxo-potea probestuz. 

2017/03/30

Hamaiketakoa Korrika hasiera ospatzeko

Beasaingo AEORRI taldekoek Korrikaren hasiera ospatu dute gaur. Otxandion abiatuko da Korrika hemendik gutxira, eta hamaiketako ederra egin dute egun honen omenez. Gora Korrika! Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!

Korrika kantuak Goierrira Ghiltza saioan

Goierri Telebistak eta Goierriko Hitzak elkarlanean egiten dute Goierrira Ghiltza saioa. Hilean behineko maiztasunez egiten dute saioa eta martxokoan bi gairen inguruan aritu dira: bata, Ordiziako BTTlandia elkarteak maiatzaren 1erako antolatu duen Oianguko Sari Nagusia eta bestea, Korrikako abestiak.


Goierriko hiru musikarik Korrika kantuen inguruko iritzia eman zuten, zeintzuk dituzten gustuko eta zein gogoratzen dituzten. Amaitzeko, 20.Korrikaren Zirkorrika abestiaren bertsioa egin zuten. Hemen ikus dezakezue bideoa; 15:48 minututik aurrera topatuko duzue Korrika abestien inguruko erreportajea. 

2017/03/29

Lehen sorospenak egiteko prestatzen

Lehen sorospenen inguruko saio teorikoa izan dugu gaur Ordiziako Barrena jauregian erizaina den Iratirekin. Berak larrialdi egoera ohikoenen berri eman digu eta baita nola jokatu ere, hala nola, erreduren kasuan, odol jarioetan edota bihotzekoetan. Ikasleak adi-adi aritu dira entzuten eta oharrak ere hartu dituzte zenbaitzuk. Uste oker asko Gauza asko ikasi dugula, behintzat, ez dago ukatzerik!


Korrika dokumentala eta kilometro panelak



20. Korrikaren dokumentala ikusi genuen atzo ikasleekin. Lau protagonista ditu 'Batzuk. Euskararen lau aurpegi' dokumentalak: Maika Etxekopar, Ander Larunbe, Elena Caballero eta Dani Alvarez. Pertsona bakoitzaren zatiak ikusi genituen ikasleekin, etena egin eta komentatu egin genuen.


Korrikan hainbat kilometro egin ohi dira eta kilometro bakoitza markatu behar izaten da. Horretarako erabili ohi ditugu kilometro panelak. Margotu egin behar izaten dira, ordea, panelak. Zertarako? Kilometro zenbakia, Korrika bertatik igaroko den ordua eta eguna zehazteko. Lan horretan ere aritu ziren ikasleak eta Goierriko kilometro panelak prest ditugu jada. Bejondeizuela!


2017/03/28

Kalean da apirileko AIZU! aldizkaria

Korrika badator, bai, baina AIZU! aldizkariak aurrea hartu dio: kalean da apirileko zenbakia!


Maika Etxekopar kantari eta aktoreari eta Maider Zabalegi musikariari elkarrizketak, askotariko erreportajeak, komikiak, denborapasak... eta hainbat eduki gehiago AIZU! aldizkarian.

Irakurriz ikasi. On egin, irakurle.

Bertso Korrikarako prestatzen


Eresti Oiarbide izan genuen atzo Ordiziako euskaltegian Bertso Korrikako saiorako prestatzeko. Ikasleei saioaren nondik norakoaren berri eman zien eta baita bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza ere. 



 

Bihar, hilak 29, Bertso Korrikaren saioa izango dugu, 18:00etan euskaltegitik abiatuta.Bertan egingo dugu lehen saioa eta ibilbideari ekingo diogu, tabernetan geldialdiak eginda. Pintxo-poteoa izango denez, jan eta edateko aukera izango dugu, bertsolarien jarduna entzunez. Plaza nagusian amaituko dugu saioa. Aratz Igartzabal, Nerea Elustondo eta Iban Urdangarin arituko dira bertsotan eta Eresti Oiarbide bera izango da aurkezlea.

Korrikari buruzko erreportajea Goiberrin


Goiberri aldizkariak Korrikaren inguruko erreportajea publikatu du azken alean. Korrikaren 20.urteurrena eta Goiztiri AEKren 30.a uztartu dituzte aldizkarian. Hemen irakur daiteke.

2017/03/27

Korrika badator!

AEK-k antolatuta, 2017ko martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da, BATZUK lelopean: hizkuntza, kultura eta mundu BATZUK irudikatu nahi dituzte. 1980. urtean Korrika sortu zutenek jasoko dute 20. edizioaren omenaldia.


Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: “Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira”. Asier Amondok azaldu du leloa: “Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”.



Goierrira apirilaren 7tik 8rako gauean iritsiko da. 

20. KORRIKAren IBILBIDEA

2017/03/24

Otxandion Korrika hasiera


Otxandion abiatuko da 20. Korrika datorren ostegunean, hilak 30, eta jai giroa izango da nagusi egun horretan. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte goizetik hasita: Korrika txikia, kanten koreografiak, kale animazioa, jolasak, zirko-ikuskizuna...

Korrika bera 17:00etan abiatuko da eta bere bidea jarraituko du 10 egunetan Euskal Herria zeharkatu eta Iruñera iristeko. Otxandion festak jarraipena izango du, ordea, eta Gozategi taldearen erromeria eta Egonian elektrotxarangaren musikaz beteko dira bazterrak.

Gero eta gutxiago falta da...batZUK korrika!

Korrikari buruz hizketan 'Ikusi irratia' saioan



Goierri Telebistako 'Ikusi irratia' saioan izan ziren Goiztiri AEK euskaltegiko kide diren Nekane Munduate eta Maddi Jauregi eskualdeko Korrika arduraduna. Mikel Alvarezekin Korrikaren inguruko hainbat konturi buruz hitz egin zuten. Goierri Telebistaren webgunean ikus dezakezue elkarrizketa osorik.

2017/03/23

Astebete barru abiatuko da Korrika!

7 egun falta dira! Datorren ostegunean, hilaren 30ean, Otxandiotik abiatuko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Korrikaren lekukoak, eskuz esku, euskararen herria zeharkatuko du apirilaren 9an Iruñean izateko. Informazio guztia Korrikaren webgunean eta sare sozialetan (facebook, twitter, instagram, flick-r) aurkituko duzue: argazkiak, bideoak, kronikak...

Goierrira apirilaren 7tik 8rako gauean iritsiko da eta guk ere emango dugu horren berri blog honetan eta sare sozialetan ditugun kontuetan.

Egunez egun, herriz herri, kilometroz kilometro... #batZuk elkartuko gara! GORA KORRIKA!!

Hamaiketakoz hamaiketako


Beasaingo AEORRI taldekoek ospakizuna izan dute gaur goizean ere. Joan den ostegunean taldeko ikasle den Patxiren urtebetetzea ospatu zuten eta gaur, berriz, Marisarena. Zorionak, Marisa, eta urte euskahaldun on askotarako!

Mexikoko bideoa irabazle

Korrikak laster hasiko du ibilbidea, eta badugu jada mundu osoko irakurletzetako ikasleekin abian jarritako lehiaketako irabazlea: Mexikoko UNAM unibertsitateko ikasleek #BatZuk mezuarekin bat eginez sortutako bideoa izan da garailea 1074 bozkarekin. Ez galdu bideorako sortu duten kantua: euskaraz bizi!


AEK Korrikak eta Etxepare Euskal Institutuak lehiaketa jarri genuen martxan eta mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidali zizkiguten bideo formatuan, haien hirietako txoko ezberdinak erakutsiz. Irabazleak AEKren barnetegietan egonaldia egiteko aukera izango du, euskararen ikaskuntzan sakondu eta euskal ohiturak ezagutu ahal izateko.

Gainera, 20. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du martxoaren 30etik apirilaren 9ra, Otxandiotik Iruñera, baina bere lekukoa munduko txoko guztietara iritsiko da, izan ere, Korrika eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, korrika txikiak antolatuko dira Institutuak nazioartean dituen irakurletzetan.

Ikusi parte hartzaile guztien bideoak esteka honetan.

Igartubeitira bisita


Ezkioko Igartubeiti baserrira irteera egin genuen asteazkenean. Lehenik eta behin, museoa bisitatu genuen eta Igartubeiti baserrian bizi izandako Kattalinek bertako bizimoduaren berri eman zigun ikus-entzunezko baten bitartez. Jarraian, garai hartako ohituren inguruko kontuak azaldu zizkigun bertako gida den Iban gabiriarrak. Ondoren, baserrira jo genuen eta barruko zirrikitu guztiak ikusi genituen: sukaldea, logelak, mandioa...

Eta, nola ez, oroitzapenerako argazkia ere atera genuen baserriaren aurrealdean. 

'Ahoz aho' euskaltegian


'Ahoz aho' ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia martxan da eta Dorleta Kortazar Ordiziako euskaltegira gerturatu zitzaigun astelehenean, ikasleak bere kontakizunarekin liluratzera.


Berba kateatuak izeneko kontakizuna ekarri zuen, honela deskribatu duena: isildu ditugun berbak; isilarazi dizkigutenak... Lapurtu dizkiguten berbak; berreskuratu ditugunak... Erosi ditugun berbak; oparitu dizkigutenak... Bihotzean katramilatu zaizkigun berbak, ihesean joan direnak... Bata bestearekin kateatu eta istorio hauetan bizi direnak.

Ziur gaude ikasleak oraindik ere istorio horietan bizi direla!

Bertso Korrika datorren asteazkenean

Goierrin ere izango da Bertso Korrika, Korrikaren hasiera baino egun bat lehenago hain zuzen ere, hilaren 29an. Aratz Igartzabal, Nerea Elustondo eta Iban Urdangarin arituko dira bertsotan eta Eresti Oiarbide izango da aurkezlea. 


Datorren asteazkenean, hilak 29, elkartuko gara Ordiziako euskaltegian, 18:00etan. Han egingo dugu lehen saioa eta ibilbideari ekingo diogu, tabernetan geldialdiak eginda. Pintxo-poteoa izango denez, jan eta edateko aukera izango dugu, bertsolarien jarduna entzunez. Plaza nagusian amaituko dugu saioa.

Pare bat egun lehenago, astelehen arratsaldean, Eresti Oiarbide euskaltegira etorriko da eta ikasleei saioaren nondik norakoaren berri emango die. Horretaz gain, ikasleek asteazkeneko saiorako gairen bat edo beste eta bertsoak osatzeko oinak prestatzeko aukera izango dute.

2017/03/20

Korrikaren aldeko mus txapelketa Legorretan

Legorretan Korrikaren aldeko mus txapelketa egin zuten ostiralean Aldapa Haundi elkartean. Igor Larrea eta Patxi Ibañez izan ziren irabazle. Bigarren postua Oier Jauregi eta Unai Jauregik eskuratu zuten. Bejondeizuela!


Goierriko Korrika Kulturala martxan



Korrika ate-joka dugu eta eskualdeko herrietako batzordeak ekintza-sorta antolatzen ari dira Korrikaren etorrera girotzeko. Hauek dira Korrika Kulturalaren baitan orain arte antolatu direnak. Datozen egunetan egitaraua osatuko dugu, beraz, adi ibili!


2017/03/17

AEKren ikasleak


Euskara AEKn ikasi duten ikasleen gunea martxan dago eta gero eta argazki gehiago ari dira bidaltzen. Zu ere AEKn euskaldundu bazara, jarri harremanetan gurekin, aek.komunikazioa@gmail.com helbidean, datuak eta argazkia bidaltzeko.

Korrikaren aurkezpen soziala Iruñean

20. KORRIKAren atarian Nafarroako arlo sozial, politiko eta kulturaleko eragile andana bildu zen atzo Iruñeko Zentral Kafe aretoan; besteak beste, euskalgintzako eragileak, sindikatuak, alderdi politikoak zein instituzioetako ordezkariak izan ziren.


Ekitaldian 20. KORRIKAren inguruko zehaztapenak eman ziren bertsolari, musikari eta Batzuk. Euskararen lau aurpegi dokumentalaren laburpenaren bitartez. Horretaz gain, oholtza gainean izan ziren euskaltegiko ikasle batzuk KORRIKAren mezua hizpide zuten. Euskara bizitzeko modu ezberdinak daudela berretsi zuten: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Aurkezpen sozialari amaiera emateko, solaserako tartea izan zuten.

2017/03/16

Urtebetetzea ospatzen

Beasaingo AEORRI taldekoek ospakizuna izan dute gaurkoan. Izan ere, taldeko kide den Patxiren urtebetetzea izan zen joan den astean eta hamaiketako ederra egin dute goizean. Zorionak, Patxi, eta urte on askotarako!

Korrika munduan

Munduan ere, badira BatZuk  egiten diren KORRIKAk. Izan ere, ia kontinente guztietan izango dira presente 20. KORRIKAko ekimenak. KORRIKA honetako ekimenen artean, ETXEPARE Euskal Institutuarekin elkarlanean ari gara. Institutuaren xedea euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da, besteak beste. Euskal Herritik kanpo euskal sortzaileen berri izan dezaten lan egiten du, eta baita literatura, antzerkia, dantza, zinea, musika, artea eta beste hainbat adierazpenetan euskara hedatzeko ere.



Helburu horiekin, Etxeparek bideo laburren lehiaketa antolatu du munduan zehar dituen 34 irakurletzetako ikasleen artean. Irabazleak AEKren barnetegietan egonaldia egiteko aukera izango du, jasotzen duen "Atsegin dut" kopuruaren arabera. Bozka emateko azken eguna apirilaren 9a izango da. Beraz, ikusi eta bozkatu zure gustukoena!

Korrika jokoa



4-6 urte bitarteko haurrentzat jolas kooperatiboa dugu Korrikaren jokoa. KORRIKA gogorarazten duen ibilbide honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dituzte gidari haurrek. Euskal herriko ohitura, kultura eta geografiari buruzko hainbat galdera erantzutearekin batera, bestelako frogak ere gainditu beharko dituzte helmugara iristeko.

Beasaingo herri dendan eros dezakezue, ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Bertan Korrikaren arropa ere topatuko duzue. 

Korrika Nepalen

KORRIKAren irismena mundu mailakoa da, eta gero eta herrialde gehiagotan dute gure lasterketa erraldoiaren berri. Horien artean Nepal, Samsara Elkartea eta Alex Txikon alpinistari esker.

Izan ere, Txikon kirolari lemoarrak Everest mendian egin duen azken espedizioan KORRIKAri eskaini nahi izan dio babesa. Behe Kanpalekutik jaitsi aurretik, bera eta kideak 20. edizioko petoekin agertzen diren argazki batzuk argitaratu ditu, mezu batekin batera: «Euskarak ez duelako mugarik, 5250 metrotatik ere euskararen alde!», sare sozialetan aditzera eman duen moduan.


Halaber, Samsara Nepaleko Garapenerako Lankidetza Elkarteak ere lagundu nahi du KORRIKA Nepalen ezagutzera ematen. Kideek batez ere umeekin lan egiten dutenez, haurrak izango dira, hain zuzen, antolatu dituzten korrikaldien ardatza. Bina hitzordu ipini dituzte: lehenengoa martxoaren 18an, Lalitpur hirian; eta bigarrena 25ean, Nuwakoten.


AEK-k bi egitasmoak eskertu nahi izan ditu, KORRIKAren mezua munduan barrena zabaltzen laguntzeagatik.

2017/03/14

20. Korrikaren dokumentala: BatZuk, euskararen lau aurpegi

20. Korrikaren dokumentala sarean dago jada, edonork ikusteko moduan. Dokumentalaren izenburua BatZuk, euskarararen lau aurpegi dugu.

Hizkuntza, kultura, mundu BatZUK. Euskal Herrian, hainbat modu daude
euskara eta hizkuntzak bizitzeko, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait
elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan, horietako lau ezagutuko ditugu; lau herritarren bizitzetan sartuko gara, nor bere testuinguruan dagoela.

Euskaraz bizi den jendea, edo euskarara hurbildu dena, masa homogeneoa
izatetik urrun, kolore eta ñabardura ugariko multzoa da, eta aniztasun horren argazkia duzue dokumental hau. Hauek dira euskaldun BatZuk. 

Hemen dituzue euskararen lau aurpegi, beste askoren artean.
Euskalduna izateko milaka modu daude, eta Maikak, Danik, Anderrek eta Elenak, zein bere hizkuntza-aberastasun eta kultura-aniztasunetik, euskararekin bat egiten dute. Haiekin batera, BATZUK gehiago gara.


Korrika batzordeen hitzorduak


Arama ⇨ martxoaren 15ean, asteazkena, 18:00etan, Itsasondoko udaletxean.
Ataun ⇨ martxoaren 21ean, asteartea, 17:30ean, San Gregorion.
Beasain ⇨ martxoaren 20an, astelehena, 18:00etan, AEKren euskaltegian.
Ezkio ⇨ martxoaren 23an, osteguna, 19:30ean, udaletxean.
Gaintza ⇨ martxoaren 20an, astelehena, 18:00etan, udaletxean.
Idiazabal ⇨ martxoaren 14an, asteartea, 18:00etan, udaletxean.
Itsasondo ⇨ martxoaren 15ean, asteazkena, 18:00etan, udaletxean.
Lazkao ⇨ martxoaren 16an, asteazkena, 19:00etan, udaletxean.
Legorreta ⇨ martxoaren 14an, asteartea, 19:00etan, udaletxean.
Mutiloa ⇨ martxoaren 20an, astelehena, 19:00etan, udaletxean.
Ordizia ⇨ martxoaren 16an, osteguna, 18:00etan, euskaltegian.
Ormaiztegi ⇨ martxoaren 21ean, asteartea, 20:00etan, udaletxe azpiko lokalean.
Zaldibia ⇨ martxoaren 23an, osteguna, 18:30ean, kultur etxean.
Zegama ⇨ martxoaren 15ean, asteazkena, 19:30ean, kultur etxean.

Animatu eta parte hartu!

2017/03/13

20. Korrikaren iragarkia


20. Korrikaren iragarkia egin dugu eta Goierri Telebistan ematen ari dira dagoeneko. Ez baduzue ikusi, hona hemen, primizian! 


Abesteko gogoz geratu bazarete, berriz, hementxe duzue letra, euskaltegiko ikasleek egina, iragarki bat dela medio, ezaguna egin den beste kanta bat oinarri hartuta.


Zirk korrika, hik korrika, hik, hik!

Martxoko lehiaketa



Hilabete honetako galdera: Zer izaten da Korrikaren lekukoaren barruan?

Saria: Xabier Mendiguren eta Eider Eibarren Puzkertin liburua, Laida Martinez Navarroren Zomorroen kluba, Jules Verneren Munduaren itzulia 80 egunetan, Kattalin Minerren Nola heldu naiz ni honaino eta Huntza taldearen diskoa.

Parte hartzeko azken eguna: martxoak 31.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.

2017/03/10

'Tribuaren berbak' sekuentzia didaktiko bihurtuta

"Tribuaren berbak" telebista saioa ikasgeletara eraman dute eta horri buruzko hitzaldia eman dute Kike Amonarriz eta Iñaki Zapirainek.


Hizkuntza-identitatea

EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetako ikasle Irati Lizeagak hitzaldia eman zuen euskara, galiziera eta irlanderaren hiztun berrien hizkuntza identitateari buruz. Argia aldizkariaren webgunean topatu dugu eta hona ekarri dugu guk ere, interesgarria delakoan. Ea zer iruditzen zaizuen!


Konplize ditut eta maite ditut denak


Asteazkenean Emakume Langileen Nazioarteko eguna izan zen eta Ordiziako Pinpilipauxa, Aizkorri eta jubilatu taldekoek Konplize ditut eta abestia landu dute. Uxue Alberdiren bertsoak musikatu zituen Mikel Markezek eta hauxe izan zen emaitza. Ederra, ezta?