2017/11/29

San Nikolas Txikiren abestia

San Nikolas Txiki ospatuko dute Seguran abenduaren 6an eta euskaltegikook ere bertan izango gara, ospakizuna gertutik ikusi eta gozatzeko asmoz.


Zuei ere gonbidapena luzatu nahi dizuegu gurekin batera etortzeko baina, hori bai, abestiaren letra ikasi beharko duzue, goxokirik gabe geratu nahi ez baduzue, behintzat!


Azpian duzue orain dela urte batzuk Goierri Telebista eta Goierriko Hitzako lagunek egun honi buruz jasotakoa eta haurrak kantuan entzungo dituzue. Informazio gehiago ere topatu dezakezue hemen.


Larunbatean ospatuko da San Nikolas Txiki Eguna from GITB on Vimeo.

2017/11/28

Giza-katea Ordizian


Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, giza-katea egin genuen atzo Ordizian, Hiri Hezitzailea egitasmoaren barruan eta Kimetz emakumeen elkarteak gidatua.


Hainbat eragile eta herritar abiatu ginen Altamiratik pankartak eskuartean genituela, eta plaza nagusirano joan ginen.



Plazan ekitaldi xumea izan zen, hainbat elementu bildu zituena: dantza, aldarrikapenak, xingola moreak, kantuak...Azpiko bideoan dituzue euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Xabi Solanoren 'Erre zenituzten' abestia kantatzen.



Ekitaldiaren irudiak Goierri telebistaren bideo honetan daude jasoak.
Argazkiak eta kronika Goierriko Hitzan

2017/11/27

Zergatik ikasi euskara: 2.irakaspena

Euskal Herriarekiko lotura identitario indartsua, eskola amaituz geroztik euskara erabili ez eta galtzeko beldurra, lan-aukerak ugaritzeko nahia, bizitzera joandako herri euskaldunean integratzeko gogoa, Euskal Herrira bizitzera etorri eta lurraldeko hizkuntza exotikoa ezagutzeko jakin-mina, etab.
Motibazio identitarioak, instrumentalak eta integratzaileak, guztiak dira baliozkoak euskararako bidea abiatzeko.

2017/11/24

Jaioberriak taldea


Zeraingo Jaioberriak taldeko kideek euren argazkia bidali digute eta argi erakutsi dute zergatik jarri dioten izen hori taldeari. Izan ere, AEKren ikaslerik gazteena izaten dute eskoletan eta beste bat ere bidean da. Gaztetasunean ez die inork irabaziko, alajaina!

2017/11/23

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko prestaketak

Larunbatean izango da emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eguna eta Ordizian giza-katea egingo dute astelehen goizean. Altamira auzotik abiatu eta plaza nagusira joango dira eta bertan ekitaldia egingo dute. 


Ordiziako euskaltegiko kideak egun horretarako prestaketa lanetan aritu dira aste honetan. Iluntzeko ikasleek pankarta ederra prestatu dute, irudietan ikus daitekeen moduan. 




Pankarta egiteaz gain, Xabi Solanoren 'Erre zenituzten' abestia landu dute eskoletan eta giza-katean parte hartuko duten goizeko ikasleek entsegua egin zuten atzo. 



Zuek ere astelehenerako entseatu nahi baduzue, hemen duzue abestia. Lasai egon, jendartean banatuko ditugu-eta abestiaren letra duten paperak.


2017/11/22

Gozozaleak taldea

Segurako taldekoek ere bidali digute euren argazkia. Gozozaleak izena jarri diote taldeari eta argazkia ikusita, uler dezakegu zergatik.Urtebetetzeak ospatzeko prest izaten dira ikasle hauek, gozoak tartean direla, noski. Ah,eta, bide batez, zorionak, Iñaki!


2017/11/21

Lehiaketako irabazleak Artxipielago ikuskizunean


Urriko lehiaketan Artxipielago ikuskizunaren emanaldirako bi sarrera zozkatu genituen, eta Mirari Urrujulegi eta Andres Ajuria izan ziren irabazleak. Joan den ostiralean izan zuten sariaz gozatzeko aukera eta hainbat argazki bidali dizkigute. 


Kontuan izan azaroko lehiaketa ere martxan dagoela eta abenduan Goierrin egingo diren liburu eta disko azoketako batean erabiltzeko 50 euroko bonua zozkatuko dugula. Parte hartu!

2017/11/20

Zergatik ikasi euskara: 1.irakaspena

Lehenengo eta behin, garrantzitsua da jakitea euskara ikasi duten euskaldunak oso pozik daudela hizkuntza ikasi izanaz, harro, asebeteta.

Askok adierazi izan dute euskara ikasteak euskaldunengandik hurbilago sentitzen eta euskal munduan sartzen lagundu diela. Izan ere, bada Euskal Herrian mundu aberats bat euskaraz mintzo dena, euskara jakin ezean ezezaguna dena askorentzat. Beraz, euskara ikasi ahala mundu berri bat zabaltzen zaigu, parez pare, gure inguruan: gure eskualdean, herrian zein auzoan.

Askok diote, halaber, euskara jakiteak lan-aukera gehiago edo hobeak ekarri dizkiela. Euskara bada baliagarria, beraz, lanpostu bat lortzeko.

Beste batzuek agertu dute euskara ikasteak integratuago sentitzen lagundu diela; esate baterako, herri euskaldun batera bizitzera joan direnean.

2017/11/17

Abenduan hilabeteko ikastaro trinkoak Foruko barnetegian

Hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten den ingurunean murgiltzea bezalakorik. Hori dela eta, egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen dizugu Foruko barnetegian: euskaraz gosaldu, bazkaldu eta afaldu; euskara eskolak jaso; eta, ordu libreetan, euskara hutsean bizi.

AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dizu, urritik ekainera, barnetegian ikasteko aukera. Hilabete edo gehiago (120 orduko ikastaroak) egin dezakezu Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.



Abenduko ikastaroa: azaroaren 27tik abenduaren 22ra izango da. Maila guztiak! Datozen hilabeteotan ere aukera gehiago izango duzu. Ikusi hemen.

Prezioa: 536 euro, eskolak, egonaldia eta otorduak barne.

Informazio gehiago eta izen-emateak: gernika@aek.eus // 946 253 596

2017/11/15

Ikasturte honetarako eskaintza

Hauxe da Goiztiri AEK euskaltegian 2017/18rako dugun eskaintza. Ikasturtea urrian hasi bazen ere, badira orain dela gutxi sortutako taldeak ere. Interesik baduzu, eman izena lehenbailehen gure euskaltegietan


2017/11/13

Auskalo taldearen aurkezpena

Ordiziako Auskalo taldeko kideek euren buruaren aurkezpena egin dute. Barre ere egin dute bideoa grabatzerakoan. Ondo pasatu dutenik ezin ukatu!



2017/11/10

Errigoraren saskiak eskatzeko azken egunak




Azaroaren 14an, asteartean, amaituko da Errigoraren saskiak eskatzeko epea, beraz, egin lehenbailehen eskaera gure euskaltegian.

2017/11/09

Azaroko AIZU! aldizkaria kalean


Hilabete honetan Aitor Arregi eta Jon Garaño ikus ditzakegu AIZU!-ren azalean. Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko (Loreak, 80 egunean...) kideak dira. Handia film luzea zuzendu eta Donostiako Zinemaldian estreinatuta, Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinemaren Irizar saria jaso zituzten. Duela gutxi iritsi da filma pantaila handira, eta beste zinemaldi batzuetako bidean ere sartu da.

421. alean, hainbat gai jorratu dituzte testigantza, erreportaje eta albiste laburretan: Gure Zirkua, emakumeen oztopoak futbolean, 'Navarrorum' erakusketa, euskara ikasteko trikimailuak... AIZU!-ko lagunak Ane Irazabal kazetariarekin ere mintzatu dira, Arin-arin atalean.

Gaurtik aurrera, AEKren ikasleek esku artean izango dute. Izan ere, AIZU! aldizkaria doan jasotzea AEKren ikaslea izateak daukan abantailetako bat da. Etxean jaso nahi duenak harpidetza egin dezake.

On egin!

2017/11/08

Irakurriz gozatu

... eta gozatuz ikasi!

Euskaltegietako ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, AEK-kook neguko irakurle kanpaina jarri dugu aurten ere abian. Horri esker, AEKren ikasleok hainbat liburu eta hiztegi, zenbait mahai-jolas... merkeago eskuratzeko aukera izango duzue.


Liburuetan ezagutuko dituzu lekuak, pertsonak, istorioak eta sentimenduak: poza, beldurra, barrea, harridura... Murgilduko zara letren itsaso batean, eta hantxe gozatuz euskara ikasiko duzu, euskara ikasten ari zarela ahaztuta.

Ikusi katalogoa hemen

Eskaerak egiteko epea azaroaren 25ean amaituko da. Eskaera egiteko prozedura hau jarraitu:
  • Azken orriko pdf-a bete.
  • Eskatutakoari dagokion ordainketa egin, euskaltegiaren izena ipinita.
  • Eskaera-orria eta ordainketa-agiria irakasleari eman.
  • Kontuz! Epea amaitu ondoren ez da eskaerarik onartuko nahiz eta ordainketa egina egon.

Oharra: eskaintza AEKren ikasleentzat da soilik

2017/11/07

Azaroko lehiaketa

 
Hilabete honetako galdera: Zenbat saski mota eskaini ditu Errigora egitasmoak udazken honetako kanpainan?

Saria:  Abenduan Goierrin egingo diren liburu eta disko azoketako batean erabiltzeko 50 euroko bonua.
Parte hartzeko azken eguna: azaroak 30.

Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687

Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez.



Lehiaketaren laguntzaileak:

2017/11/06

Ukenduen ikastaroa jubilatuekin



Ordiziako jubilatuek ukenduen inguruko saioa egin zuten eta giro ederrean aritu ziren ikasten. Bertan ikasitakoaren lagina ere bidali digute:

Errezeta orokorra
  • Litro bat olio
  • 200 gramo belar
  • 75 gramo argizari
  1. Infekzioetarako ⇨ Berbena belarra, zaingorria, intsusa eta huntza
  2. Hezurretako minetarako ⇨ Erromeroa, olioa eta argizaria. 

Praktikan jartzea besterik ez duzue!


2017/11/02

Adarra taldea


Ordiziako Adarra taldeak ere bidali du aurkezpen bideoa. Ea zer iruditzen zaizuen!