2012/10/30

Udazkeneko sukalde errezeta aurkeztu dugu Bixi-bixi irratsaioan


Urteroko ohiturari jarraituz, Segura irratiko Bixi-bixi irratsaioan parte hartu dugu Goiztiri AEK-koek euskaltegien tartean. Gorka Olazabal irakasleak udazkenerako aproposa den errezeta proposatu zuen, euskarazko www.sukaldean.com webgunetik hartuta. 


Segurako EBPNaren barruan Segura Irratian asteazkenero egiten den irratsaioa da Bixi-bixi eta bere helburua eskualde mailako euskararen sustapena bultzatzea da, Segura abiapuntutzat hartuta.

Entzun Bixi-bixi Goierriko Hitzaren webgunean eta gozatu!

2012/10/24

Euskara irakasle izateko ikastaroa datorren astean hasiko da

AEK-k euskara irakasle izateko ikastaroak antolatzen ditu eta hurrengoa datorren astean hasiko da. Urriaren 31tik abenduaren 21era egingo dute ikastaroa eta konbinatua izango da, hau da, aurrez aurreko bost saio izango dira --- urriaren 31n, azaroaren 16an, 23an, 30ean eta abenduaren 10ean--- eta on-line egin beharreko jarduerak e-gelaren bidez. Aurrez aurreko saioak 09:00etatik 13:30era izango dira.



Ikastaroaren prezioa 340 eurokoa da.

Informazioa gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak e-posta bidali behar du e-idazkaritza@aek.org helbide elektronikora. Bestela, berriz, 639 440 615 telefono zenbakira deitu. Eman izena urriaren 26a baino lehen!

2012/10/23

Kontseiluak manifestazioa egingo du abenduaren 1ean

Euskaraz bizitzeko dugun nahia nabarmendu eta kalean argi eta garbi uzteko asmoz, manifestazioa deitu du Kontseiluak abenduaren 1erako, Donostian. Euskara normalizatzeko hizkuntza-politiketan aldaketa kualitatiboak egin behar direla azpimarratuko du.


Manifestazioa iragartzeko agerraldia hilaren 30ean egingo dute Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean.

2012/10/22

Euskara, elkarbizitzarako giltza


Lorea Agirre kazetari eta EH Bilduko zerrendakideak euskarari buruzko iritzi artikulua argitaratu zuen Berrian joan den ostegunean, urriak 18. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia dela-eta, Urkulluk Andoaingo Kilometroetan egindako adierazpenak hartu ditu hizpide eta abiapuntu. Hementxe duzue Agirreren testua. Irakurri eta eman zuen iritzia!



2012/10/18

Gogotsu hasi dute ikasturtea ikasleek


 

Urriaren lehen egunean hasi genituen euskara klaseak eta hirugarren aste honetan, jada martxa hartuta, gogotsu ari dira lanean ikasleak. Batzuk zenbakiak ikasten ari dira, beste batzuk idazlanak egiteko moduak ezagutzen, besteak atariko probekin borrokan edota aspaldiko partez euskaraz irakurtzen...Guztiak komunikaziorako bidea jorratzen, baina bakoitza bere bidean murgilduta eta pausoz pauso aurrera egiten. Zorte on denei zuen ibilbidean! Eutsi horri!







2012/10/11

Aktoreek ere bat egin dute Berriaren kanpainarekin

Euskal Aktoreen Batasunak eta Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak bat egin dute Berriaren 'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin. Sudur gorria jantzi eta bideoa grabatu zuten maiatzaren 19an Berriaren Andoaingo erredakzioan, herriko Katramila antzerki taldearekin batera. Euskal aktoreek Berriako langileen eguneroko jarduna antzeztu zuten eta sudur gorria jantzi zuten euren gogoa eta ilusioa adierazteko. 

Hona hemen emaitza!




Irakurri albistea Berrian.

2012/10/09

Ordiziako mintzalagun egitasmoan izena eman daiteke urriaren 15era arte

Mintzalagunean parte hartu nahi duenak urriaren 15era arte, astelehena, du izena emateko aukera. Horretarako Hitzaro Kultur Elkartera edo gure euskaltegira, Goiztirira, jo behar duzue epea amaitu baino lehen.

Mintzalaguna egitasmoa euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da. Egitasmo honek hainbat helburu ditu: euskara hobetzea, gehiagotan erabiltzea, euskaraz bizitzea, normalizazioaren alde egitea, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzea...

Astean behin biltzen dira, ordubetez, egunerokotasunean euskaraz aritzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak. Paseoan, kafetegian. parkean edo edozein lekutan elkar daitezke, eurek nahi dutena euskaraz egiteko. Asteroko hitzorduaz gain, noizean behin herriko beste mintzalagun taldeekin ere egiten dituzte irteerak, afariak, kirol ekintzak...

Informazio gehiago nahi izanez gero, Hitzaro Kultur Elkartera deitu, 943 162 366 telefono zenbakira, edota e-posta bidali hitzaro@gmail.com helbidera.