2012/05/29

Giltzapean

Goierriko Kastako Jon Ordoñez beasaindarrak sortu du hilabete honetako testua gure blogean argitaratzeko. Giltzapean du izena, eta aurkitu ezin den giltza batek ematen dio haria. Irakurri eta gozatu!

Jon Ordoñez beasaindarra da eta 35 urte ditu. Kazetaritza ikasi zuen, eta prentsan egin du lan batik bat. Goierritarra aldizkarian hasi zen lanean, kronikagile, eta 1998an Euskaldunon Egunkarian sartu zen lanean, 2003an itxi zuten arte. Urte horretako ekainetik Berria egunkarian ari da lanean, eta une honetan edizio digitalean dabil. Irakurtzea beti gustatu izan zaio, eta azken urteetan hasi da zer edo zer idazten, hasieran berarentzat eta orain Goierriko Kastarako. Iaz Ordiziako Kimetz elkarteak antolatzen duen idazlan lehiaketa irabazi zuen.




2012/05/28

Pertsonaia ezkutua



Beasaingo goizeko taldeak pertsonaia ezkutuaren jokoa prestatu du. Hementxe nor den asmatzeko arrastoak:
  • Gipuzkoarra zen.
  • XVIII. mendeko pertsonaia izan zen.
  • 9 seme-alaba eduki zituen.
  • Zirtolaria zen; bere pasadizoak ezagunak dira.
  • Txisteak asko gustatzen zaizkio, baina berak lanik egin ez.


    Ba al dakizue nor den?  Ba, idatzi azpian iruzkinen atalean!

2012/05/23

Udako online ikastaroetan izena eman daiteke

Uda garai aproposa izaten da gainerako hilabeteetan denbora ezagatik bazterrean utzitako jarduerak egiteko, eta hori dela-eta, euskarazko ikastaroetan murgiltzeko aukera izango da. HABEren 2. eta 3.mailak prestatzeko 100 orduko online ikastaroak antolatuko dira uztailaren 2tik irailaren 29ra, eta prezioa 327 eurokoa da.    




HABEren 4.maila prestatzeko, berriz, irailean 40 orduko ikastaroa izango da, irailaren 3tik 28ra, eta 200 euro ordaindu beharko dira. 


Horretaz gain, glotodidaktikako ikastaro konbinatua ere bada, irailean eta urrian. Online bidezko jarduna eta aurrez aurreko bost saio izango dituzte parte hartzaileek, guztira 100 orduko ikastaroa. Irailaren 7tik azaroaren 1era izango da, eta prezioa 327 eurokoa da.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo izena emateko, e-posta bidali e-idazkaritza@aek.org helbidera edota 639 440 615 telefono zenbakira deitu.

2012/05/15

Talo marokoar eta mexikar ikastaroa egin dugu


Ordiziako gaztelekuan 16 lagun elkartu ziren joan den astean, maiatzak 8,talo marokoarrak eta mexikarrak egiten ikasteko. Euskaltegiko hiru ikasle -marokoarra, mexikarra eta sahararra- aritu ziren irakasle lanetan.  Gaztelekuan bildutakoek Eliana mexikarraren azalpena jaso zuten lehenik. Talo mexikarra nola egin azaldu zuen, osagaiak zeintzuk ziren zehaztu zuen lehendabizi, eta ondoren prozedura guztia erakutsi zuen. Taloei tortita deitzen diete mexikarrek eta betegarriari fajita.
Bestalde, Anbarka sahararrak eta Meryem marokoarrak beren taloa nola egin azaldu zuten; osagaietatik hasi eta prozedura osoaren berri eman zuen. Lehenik talo mexikarrak jan zituzten, eta gero besteak, azken hauek gozoz beteak baitziren -txokolatez eta mermeladaz-. Eta nola ez, tea ere hartu zuten. Irrintzi artean eman zioten amaiera ikastaroari.



Bideo gehiago Youtubeko gure kanalean.

2012/05/10

Lip Dub-a grabatu dute Bertso Eskolen Egunean

Igandean, maiatzak 6, kolore gorriz margotu zuten Zumaia, Bertso Eskolen Eguna ospatu baitzuten. Lip Dub-a grabatu zuten goizean 300 neska-mutilen artean, eta arratsaldean bertso-trama osatu zuten Josu Goikoetxea gai-jartzaileak eta Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi bertsolariek. 

Azpian duzue Zumaiako ikur den olagarroa erabiliz sortu duten bideoa. Ikusi eta gozatu!

2012/05/09

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa martxan da


XXI. Txiste eta Pasadizo lehiaketa martxan dago jadanik eta umore gosez gaude euskaltegian aurtengo testuen zain. Euskaraz idatzitako lanak izan behar dute lehiaketara aurkeztutakoak, batuan edo euskalkian. Horretaz gain, parte-hartzaileek 16 urtetik gora izan behar dute. Parte hartzeko interesa duenak goierri@aek.org helbidera bidal ditzake idatziak, edo posta arruntez bidali Goiztiri AEK Euskaltegia P.K. 116, 20040 Ordizia helbidera. Maiatzaren 22rarte izango da zabalik lanak bidaltzeko epea.

Aurreneko hiru txiste edo pasadizo onenek jasoko dute saria, eta euskaltegiko ikasleak arituko dira epaimahai lanetan. Hauek izango dira sariak: Kyros 7110 Tableta, Urbitarte sagardotegian bost lagunentzako afaria eta Zeraingo Oiharte nekazalturismoan egonaldia. 

Parte hartu eta jar gaitzazu barrez!

2012/05/08

Hamabosgarren zen aholkua

E-uskaltegia online zerbitzuko lankideek beste bideo bat prestatu dute, zen aholkuei jarraipena emateko. Bideo honetan modan zer dagoen eta zer ez erakutsi digute, eta uzta ona eta oparoa jasotzeko lanabes egokiak erabiltzea zein garrantzitsua den gogorarazi. Ikusi eta ikasi!

2012/05/07

Gure logotipoaren egileak lortu du martxoko lehiaketako saria

Martxoko lehiaketako irabazlea Mikel Ruiz de Azua aramaioarra izan da. Ruiz de Azua gure 25.urteurreneko logotipoaren egilea da, eta gure lehiaketako parte-hartzaile fin bihurtu da. Aramaioarrak 'Bidaia intimoak' dokumentalaren DVDa, liburua eta Kokein taldearen diskoa eskuratu ditu. Azpiko argazkian ageri dira sariak, irabazlearen eta bere iloba Eñauten eskuetan. Zorionak eta jarraitu lehiaketan parte hartzen!


2012/05/03

Mihiluze saioan izan dira euskaltegiko ikasle eta irakasleak

EITBren euskarazko Mihiluze saioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten atzo, asteazkena, Beasaingo eta Ordiziako goizeko taldeek eta baita zenbait irakaslek ere. Lehiaketako bi saio bereziren grabazioan parte hartu zuten ikusle gisa. Laster 1000 saio egingo dituzte, eta aste horretan programan izandako lehiakide onenak arituko dira nor baino nor. Lehiakide horien artean bi bikote goierritar izango dira, eta grabazioan ez zuten babes faltarik izan Goiztiri AEK-koen aldetik. Saio hauek ekainaren 4tik 7ra emango dituzte telebistan, eta aste horretako lehen bi egunetan agertuko dira euskaltegiko kideak publiko artean. 


Mihiluzeko platoan ibili ziren ikasleak, eta Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleak ere ezagutu zituzten.


Grabazio tartean hamaiketakoaz gozatu zuten, eta goiz pasa ederra egin zuten Miramonen. Ikusle gisa ondo pasa zuten arren, Kike Amonarrizek lehiatzera joateko gonbita egin zien ikasleei. Hurrengoan izango al dugu Goiztiri AEK-ko lehiakiderik? Nork daki, agian bai!