2014/01/30

Euskal esaera zaharrak emotikonoen bidez irudikatuta

Azkenaldian sarean bueltaka ibili dira Whatsappeko emotikonoak erabiliz irudikatutako euskal esaera zaharrak. Goizeko EGA taldekoak esaerak zeintzuk diren asmatzen saiatu dira eta guztien arrastoa ateratzea lortu dute. Orain zuei luzatu nahi dizuete igartzeko gonbita eta eurek esango dizuete asmatu duzuen ala ez. Animo eta ekin lanari!



2014/01/28

Talo ikastaroa izango dugu otsailaren 11n

Urteroko ohiturari eutsiz, talo ikastaroa egingo dugu otsailaren 11n, 18:00etan, Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileek taloak nola egiten diren irakatsiko digute eta partaideek ikasitakoa praktikan jarriko dute, ahalik eta talorik itxurosoenak egiteko asmoz. Ondoren, norberak eginiko taloak dastatzeko aukera izango da, txistorraz, txokolateaz, gaztaz edo hirugiharraz lagundua. 


Talo ikastaroan parte hartu nahi duenak otsailaren 7a baino lehen eman behar du izena. Helduek (12 urte baino gehiagokoek) 4 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 2 euro. Aldez aurretik, txartelak erostea ere komeni da, egunean bertan txartela erakutsi beharko baita sarrera. Aurrez hartzea ezinezko duenak, egunean bertan erosi beharko du.

 - Izen-ematea eta txartelen erosketa:

 Beasaingo euskaltegia. Urbialde plaza 7,behea. 943 88 93 40.
 Ordiziako euskaltegia. Nafarroa Beherea,1. 943 88 91 74
                                  E-postaz: beasain@aek.org / ordizia@aek.org                                        
   
                                              Animatu eta parte hartu talo ikastaroan!

2014/01/27

Asmatu esaera zaharren amaierak!

Goizeko EGA taldeko ikasleak esaera zaharrak lantzen aritu dira azkenaldian eta blogeko ikasleen txokoa aprobetxatu nahi izan dute zuei jolas hau proposatzeko: esaera zaharren amaierak asmatzea. Gelako Sara eta Nerea izan dira kamera aurrean jartzen ausartu direnak.  Bideoan zuei esaeraren esanahia azaldu dizuete eta baita esaldiaren hasiera ere. Ikusi bideoa!



Beraz, hauek dira osatu beharreko esaeren hasierak:

1.  Ezina...
2. Alferrik da ura joan...
3. Bururik nekatzen ez duenak...
4. Astoak mandoari...

Ea asmatzeko gai zareten! Bota zuen erantzunak!

Bertso-kantu ikastaroa egingo dugu ostegunean

Euskal musikak eta bertsoak lotura handia izan dute aspalditik. Bertsolari askok egin dituzte musikarientzako letrak eta musikari batzuek bertsoak ere hartu dituzte musikatzeko. Hori kontuan hartuta, Mikel Artola bertsolariak bertso ezagun batzuk ekarriko dizkigu ostegunean, hiru lau doinu ikasi eta kantuan jarduteko. Hasi eztarriak trebatzen!

2014/01/22

Autoikaskuntza eta B2 maila prestatzeko ikastaroa

Urtea hasita euskara ikasteko erronka jarri al diozu zure buruari? Bada, oraintxe duzu aukera paregabea: otsailetik ekainera B2/PL2ko azterketa prestatzeko ikastaro trinkoa edo autoikaskuntza ikastaroa.

B2 mailako ikastaroa 

- 132 ordu, otsailaren 6tik ekainaren 19ra
- Astearte eta ostegunetan, 09:00etatik 13:00etara edo 14:00etatik 18:00etara.
- Prezioa: 229€.



Autoikaskuntza
Klasera etortzeko astirik ez baduzu, berriz, autoikaskuntzaren aukera daukazu.
- 100 ordukoa da, ekainera arte.
- Etxean lanak egin, 15 egunean behin tutoretza pertsonalizatua euskaltegian eta astero ordu eta erdiko mintzapraktika aurrez aurre autoikaskuntzako beste ikasleekin. 
- Prezioa: 334 €.



Ikastaro hauetakoren batean izena eman nahi izanez gero, urtarrilaren 31ra arte duzu epea zabalik. Bizkor ibili, beraz!

2014/01/17

Hainbat kultur ekitaldi izango dira asteburuan Goierrin

Urtarrilaren hirugarren asteburua ere ekitaldiz betea dator Goierrin. Musikaren alorrean, Bide Ertzean taldearen kontzertua izango da gaur gauean Zaldibian, 22:15ean. Legazpin, berriz, Orhien taldeak joko du bihar gaztetxean.


Ikus-entzunezkoek ere izango dute lekua gaur Ordizian: Barrura begirako leihoak eta Fermin Muguruzaren No more Tour. Aurtzaka dantza taldekoek Ataungo eta Goierriko dantzen saio berezia egingo dute bihar Herri Antzokian.

Animatu eta gozatu asteburu honetan euskarazko ekitaldiren batean!

Asteburuko agenda Goierriko Hitzan.

2014/01/15

Euskaltegiko taldeak ezagutzen



Urrian zabaltzen ditugu euskaltegiko ateak eta ikaslez betetzen dira ikasgelak. Pixkanaka-pixkanaka elkar ezagutzen dute ikasleek eta talde izaera hartzen hasten da ikasle multzoa, adiskidetasuna ere sortuz kasu askotan. Batzuek aurretik ezagutzen dituzte ikaskideak, aurretik elkarrekin euskaltegian ibili direlako edota euren bizimoduan topo egin dutelako uneren batean. Kasuak kasu, giro polita sortzen da ikasle zein irakasleen artean. 



Euskaltegiko taldeak ezagutu ditzazuen pixkanaka-pixkanaka argazkiak igoko ditugu blogean eta gure Flickr kontuan aurkituko duzue osatzen arituko garen bilduma. Lehendabiziko argazkiak dituzue bertan; ikasle berriak txertatzen doazen heinean talde argazkiak eguneratuko digutu eta bilduma handiagotu. Jo atea eta sartu ikasgelara taldeak ezagutzera!

2014/01/13

Bixi-bixi irratsaioan abenduko euskal ohituren berri eman dugu

Gabonetako oporren aurretik Segura Irratiko Bixi-bixi irratsaioan izan ginen euskaltegien tartean eta Goiztiriren kide den Aitor Calvillo Santo Tomas eta Olentzeroren inguruko ohiturez aritu zen solasean. Saioan parte hartu zuten Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegik ere Bertso Txapelketa Nagusiaren finalaz aritzeko. Entzun eta gozatu!



2014/01/09

Urtarrileko lehiaketa

 


Hilabete honetako galdera: zenbat antzezlan izango dira guztira Ordizian eta Beasainen antolatu den aurtengo Antzerki Garaian?

Saria: otsailaren 7an 'Euskararen espektakulue' bakarrizketa ikusteko bi sarrera. Ordiziako Herri Antzokian izango da, 22:15ean.
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf
2 olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Kalitate oneneko produktuak dira. - See more at: http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdNoticia=17798&IdHerria=16#sthash.WHvIb6xD.dpuf





Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2014/01/07

Euskaltegia martxan!

Oporretatik bueltan gara! Nagiak atera eta ekin diogu martxari berriz! Euskaltegiko ateak ireki ditugu eta ikasleak ere itzuli dira euskara klaseetara. 2014a ere urte euskalduna, edo ahalik eta euskaldunena, izan dadin arituko gara lanean. Guztion laguntza eta parte hartzea beharrezkoa izango dugu horretarako. Desiorik onenak zuentzat eta eman bizia euskarari! Urte euskaldun on!