2014/06/30

AEK .eus domeinua erabiliko duten aitzindarien artean

Joan den larunbatean .eus domeinua erabiltzen hasiko diren lehen 92 aitzindariak zein izango diren jakinarazi zuten. 92 horien artean denetarik aurki daiteke: 9 enpresa pribatu, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta kulturgintzaren esparruko 46 erakunde. Euskal kulturgintzako erakundeen artean dugu AEK ere. 



Aitzindarien fasearen ondoren, abiarazte aldia etorriko da. Aldi honetan mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Fase hau irailaren 16tik azaroaren 18ra izango da. Tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean.


2014/06/20

Azterketak prestatzeko ikastaroak udan

HABEren B1,B2 edo C1mailako azterketak prestatu nahi al dituzu? Eskaintza hauxe dugu irailerako:

Orduak: 40
Prezioa: 66 €
Noiz hasi: irailaren 2an
Noiz bukatu: irailaren 30ean
Egunak: astelehenetik ostegunera
Ordutegia: 15:30etik 18:00etara
Izen-ematea: uztailaren 2ra arte.



Aurrez aurre ezin baduzu, berriz, on-line ikastaroak ere badaude:

  • Euskalduntzearen mailak(B1(1.maila),B2(2.maila)edota C1(3.maila). Azterketak prestatzeko ikastaroak.
        Uztailaren 1etik irailaren 26a (100 ordu). 334 €.

  • Hobekuntza ikastaroa. 3. maila/C1 gaindituta dutenentzat. Euskara maila hobetzeko edota hurrengo ikasturtean 4. maila egin nahi duten lagunentzat egokia. Uztailaren 1etik irailaren 26a (100 ordu). 334 €.

Irailean
 

  • C2 azterketa prestatzeko ikastaroa.  40 ordu. 200 €.
  • Hasierako mailetarako BOGA ikastaroak ere eskainiko ditugu.


Izena emateko:

Goierriko Goiztiri AEK Euskaltegia
Telf.: 943 88 91 74(Ordiziako euskaltegia) / 
943 88 91 74 (Beasaingo euskaltegia)

Animatu eta gozatu uda euskaraz!


2014/06/19

Banatu ditugu txiste lehiaketako sariak

Azken urteetan ohitura bihurtu dugu txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa eta Ordiziako Mintzalagunen jaia uztartzea eta halaxe egin dugu aurten ere. Joan den asteartean, ekainak 17, egin genuen ekitaldia eta giro goxo eta umoretsuan egon ginen. Lehendabizi, 'Erdaldun berrien kluba' izeneko antzezlana izan genuen Olatz Pagaldai aktorearen eskutik. Euskaldun zaharrek gaztelaniarekin izaten dituzten arazoez modu teraupetiko eta umoretsuan aritu zen eta bertaratutako guztiak barrez jarri zituen Pagaldaik. 


Jarraian, XXIII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa izan genuen. Hauexek izan dira aurtengo lehiaketako irabazleak:

1. saria: Idoia Lizarralde. 


 2.saria: Nagore Etxezarreta.



3.saria: Ordiziako iluntzeko B1 taldea.


 Azpiko dokumentuan dituzue irakurgai hiru txiste sarituak:


Gogoratu datorren urtean ere izango dugula lehiaketa, beraz, hasi txiste edota pasadizoak biltzen eta jarraitu euskal umorea sortzen eta gozatzen!


Ederki pasa dugu ikasturte amaierako irteeran



Ikasturtea behar bezala agurtzeko, irteera egin genuen joan den ostiralean. Zeraingo Aizpea meategietara egin genuen bisita eta bertako paisaiaz eta ondare kulturalaz gozatzeko parada izan genuen. Interpretazio zentroa ikusi genuen lehendabizi eta meategiak nola funtzionatzen zuen ikasi genuen. Datu historikoak eta garai hartan erabiltzen zen tresneria ere ezagutu genuen lehen solairuko erakusketan.


Ondoren, labeak ikustera joan ginen eta toki hartatik inguruko pasaia ere behatu genuen, lekuaren garrantziaz eta garai hartan egiten zen ustiapenaz jabetzeko.



Labeen goialdean ibili eta gero, behera jaitsi ginen eta galerietara jo genuen. Atetik sartu eta pasabide estu eta baxuetan barna ibili ginen. Bertako freskura somatu genuen sartu eta berehala, eta paretetako mineralak ere ikusi genituen.


Gauza berriak ikusi eta ikasita, autobusean igo eta Segurara joan ginen. Herriko plazan potea hartu eta solasean aritu ginen gustura, harik eta afaltzeko garaia iritsi zen arte.Afalondoren, euskal kantu ezagunen bilduma atera eta kantuan aritu ginen. Jatetxeko beste afaltiarrek ere astindu zituzten ahots kordak gurekin batera. A zer ahotsak, alajaina!


Ikasturtea giro alaian agurtu genuen elkarrekin eta ez gara triste jarriko, datorren urtean ere izango dugu-eta irteera, afari eta kantu gehiago! Ez al da ala?

Argazki galeria

2014/06/16

Bihar izango dugu txiste lehiaketako sari banaketa


Mintzalagunen ikasturte amaierako jaia eta txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa izango dugu bihar, ekainak 17, Ordiziako Barrena kultur etxean, 18:30ean. 

Ekitaldia hasteko 'Erdaldun berrien kluba' antzezlana izango dugu, Olatz Pagalday aktorearen eskutik. Erdaldunberrien inguruko umorezko antzezlan dibertigarria eskainiko digu Pagaldayk.


Jarraian, XXIII. Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako sari banaketa egingo dugu. Hiru sarituak zein diren jakingo dugu eta saridunek euren txisteak kontatu edo irakurriko dituzte.

Ekitaldiaren amaieran, berriz, mokadutxoa egiteko aukera izango du nahi duen orok. 

Animatu eta inguratu Barrenara!

2014/06/12

Makrobiotika: orekaren sekretua



Makrobiotikari buruzko saioa egin genuen atzo TtiKlik elkargunean eta kontu berri asko irakatsi zizkigun Garbiñe Etxanizek. Makrobiotikaren filosofia zein den azaldu zigun eta orekak duen garrantzia nabarmendu zigun. 


Otordua prestatu zuen elkarguneko sukaldean eta hau izan zen menua: barazkiekin egindako zopa, arroz integrala lekekin eta txitxirio humusa. Janaria prestatzen zuen bitartean partaideok egindako galderak erantzun zituen: zertan oinarritzen den makrobiotika, zer jatea komeni den eta zenbatero, barazkiak nola ebaki behar diren...


Hainbat kontu berri ikasi genituen eta gehiago jakiteko gogoz geratu ginen. Gai honi buruzko liburu ugari daude eta, horretaz gain, Garbiñek berak ere badu webgunea eta aholkularitza ere ematen du. Badakizue, beraz, nora jo gehiago jakin nahi izanez gero.

Argazki galeria

2014/06/11

Ostiralean egingo dugu ikasturte amaierako irteera



Konturatzerako ekaina iritsi zaigu eta datorren astean emango diogu amaiera urrian hasitako ikasturteari. Bukaera ona izateko eta ikasturtean zehar egindako kultur ekintza guztiak borobiltze aldera, irteera antolatu dugu Zeraina. Bertan Aizpeako meategia bisitatuko dugu, hau da, interpretazio zentroa, labeak eta galeriak. Ordu eta erdi inguruko bisita izango da eta txoko berezi hartaz gozatzeko parada izango dugu. Bisitaren ondoren, Segurara joango gara afaltzera.


Autobusa antolatu dugu irteerara joateko. Hauxe izango da autobusak egingo duen ibilbidea:

17:30ean Ordiziako tren geltokian
17:45ean Beasaingo Zaldizurretako biribilgunean (trena dagoenean)
17:55ean Idiazabal eta Segurara joateko bidegurutzean
18:05ean Segurako sarrerako biribilgunean
20:00ak aldera Zeraindik Segurara
00:00etan itzulera Seguratik

Afariaren prezioa 15 eurokoa da eta hauxe izango da menua: entsalada mistoa,  oilaskoa patatekin, postrea eta kafea. 

Irteera irekia da eta nahi duen orok parte har dezake. Interesa duenak Beasaingo euskaltegira (943 88 93 40) edota Ordiziako euskaltegira (943 88 91 74) deitu behar du ekainaren 12a baino lehen.

Animatu, ederki pasako dugu eta!

2014/06/09

Makrobiotikari buruzko saioa izango dugu bihar

Gero eta garrantzia gehiago ematen diogu elikadurari eta ohartu gara ahotik sartzen dugunak berebiziko garrantzia duela gure gorputzaren funtzionamenduan eta gure ongizatean. Makrobiotika korronte filosofikoa da eta elikadurari du bere ardatzetako bat. Filosofia honi buruz gehiago jakiteko asmoz, makrobiotikari buruzko saioa egingo dugu bihar, ekainak 10, Beasaingo TtiKlik elkargunean, 18:30ean. Garbiñe Etxaniz beasaindarra izango dugu irakasle lanetan. Gauza berriak ikasteko prest gaude!



Poziktivity


Egilea  2014ko ekainak 04,Asteazkena
 
Gaizka Amondarain
Pozik egon behar dudala diote baina ez naiz erabat happy. Ez nabil horrenbeste crying ere. Ingurukoari erreparatzen diot noizean behin, nothing more. Ez nuke beti angry agertu nahi eta halere, euskararen egoerari buruz herri honetan zerbait esaten den bakoitzean, baldekada water burutik behera labaindu izan balidate bezala geratzen naiz azkenaldian, zur eta ur. Ez baitago lurrik hemen guztiontzat. Eta uretan dagoenari beti egingo zaio nekezagoa arnasa hartzea. Irlaren bat harrapatu beharko nuke atseden hartzeko, arnasguneren batera joan bizitzera denbora batez. Azpeitira edo, apur bat goxotzeko, berotan sartzeko, ernegua lausotzeko. Gaurkoa luze joango baita, I know.
 
Lurra, berez, landu nahi duenarentzat izatearen aldekoa naiz. Baina lurra kendu dizun horri zurea dena exijitzea justizia ekintza soila da. Eta hizkuntzei buruz hitz egiteko ekologia hainbeste aipatzen den honetan, jakin nahi nuke nola berreskuratu behar ditugun gure berezko basoak (pagadiak, hariztiak eta abarrak) bidean pinudiren batzuk bota gabe. Argudio ekologistei arrazoi ekonomikoak gehitzen badizkiegu gainera; pinuek gaur egun ez dute inor aberasten, elebakar izateak ere ez.
 

Nik ez dut inor konbentzitzen ibili nahi, nik ez dut inor seduzitu nahi. Are gutxiago hizkuntza erakargarri bihurtzeko zereginetan denbora galdu. Nik nire hizkuntza erabili nahi dut bizi naizen inguruan eta hori legez bermatuko didan norbaitek horretarako erabakiak hartzea behingoz. Ausardia apur bat epeltasuna nagusitu den diskurtsoan. Sentitzen dut batzuengatik, baina euskara politikari lotuta bizi izan da azken mendeotan. Horrela da, hau borroka politiko bat da. Terreno horretan sartzea saihestu nahi duena ere, barruan dago, gerrirainoko lokatzetan.
 
Txapela kentzeko modukoa da euskararen alde gizarte mugimenduetatik herri honetan egin den lana. Ematen du tesi eta doktoretza lanetarako asuntoak. Txapela ordea, ez dugu erabat eranzterik lortu. Batzuk, eta ez beti hangoek, nahiago gaituztelako horrela; azken erreserbetako jagole txintxo, ikergai liluragarri, estatistiken baitan diluiturik, pailazo sudurra jantzita bada hobe. Eta gu amua irensteko bezain buruarin, kontsentsu zale. Gure hizkuntzak behar duen estatusa erdaraz eroso bizi denarekin adostuko dugulakoan. Bitartean, EAEko parlamentuan euskararen aldeko alderdiak (hor dago koska eta zalantza) %70a direnean.
 
Azken zurrumurruek diotenez, euskararen erabilerak bultzada bat behar du herri honetan. Arazoa detektatu omen dugu orain. Ezagutzan emandako aurrerapausoa ez da nolanahikoa baina. Pozik egoteko moduan gaude. Egonean gaude eta ez gara ari. Hezkuntza, komunikabideak, kultur jarduna, administrazioa, Osakidetza, erreserbetako sukaldea, gure kaleen soslaia… ez du kanpaina batek konponduko. Ez ginen ba hain inozoak bihurtuko egun batetik bestera. Zerk ematen digu beldurra? Guk guretik gehiago izan dezagun norbaitek beretik kendu beharko duela onartzeak?
 
Hizkuntza politika eraginkorragoak bultza ditzakeena marketin hutsera dedikatzen denean, seinale txarra. Azken 30 urteotan egindakoaren balantzea egiten badugu, erantzukizuna ez baita konpartitua. Sentitzen dut baina Baztarrikaren gabineteari nik beste zerbait eskatzen diot gaur eta hemen. Aldaketarako tresnak beraiek dituztelako, ez nik. Dena ez baitago gure esku, asko egon zitekeenean.

2014/06/05

Ekaineko lehiaketa


Hilabete honetako galdera: Zein urtetako txisteak bildu ditugu txiste eta pasadizo idatzien lehiaketako liburuxkan?

Saria: Kashbad taldearen 'Arrakalak' diskoa, Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra sinfonikoaren diskoa, Korrika 18ko kamiseta eta diru-zorroa.




 



Parte hartzeko azken eguna: ekainak 18.















Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia idatzi, mesedez.