2014/06/19

Ederki pasa dugu ikasturte amaierako irteeran



Ikasturtea behar bezala agurtzeko, irteera egin genuen joan den ostiralean. Zeraingo Aizpea meategietara egin genuen bisita eta bertako paisaiaz eta ondare kulturalaz gozatzeko parada izan genuen. Interpretazio zentroa ikusi genuen lehendabizi eta meategiak nola funtzionatzen zuen ikasi genuen. Datu historikoak eta garai hartan erabiltzen zen tresneria ere ezagutu genuen lehen solairuko erakusketan.


Ondoren, labeak ikustera joan ginen eta toki hartatik inguruko pasaia ere behatu genuen, lekuaren garrantziaz eta garai hartan egiten zen ustiapenaz jabetzeko.



Labeen goialdean ibili eta gero, behera jaitsi ginen eta galerietara jo genuen. Atetik sartu eta pasabide estu eta baxuetan barna ibili ginen. Bertako freskura somatu genuen sartu eta berehala, eta paretetako mineralak ere ikusi genituen.


Gauza berriak ikusi eta ikasita, autobusean igo eta Segurara joan ginen. Herriko plazan potea hartu eta solasean aritu ginen gustura, harik eta afaltzeko garaia iritsi zen arte.Afalondoren, euskal kantu ezagunen bilduma atera eta kantuan aritu ginen. Jatetxeko beste afaltiarrek ere astindu zituzten ahots kordak gurekin batera. A zer ahotsak, alajaina!


Ikasturtea giro alaian agurtu genuen elkarrekin eta ez gara triste jarriko, datorren urtean ere izango dugu-eta irteera, afari eta kantu gehiago! Ez al da ala?

Argazki galeria

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina