2014/06/09

Poziktivity


Egilea  2014ko ekainak 04,Asteazkena
 
Gaizka Amondarain
Pozik egon behar dudala diote baina ez naiz erabat happy. Ez nabil horrenbeste crying ere. Ingurukoari erreparatzen diot noizean behin, nothing more. Ez nuke beti angry agertu nahi eta halere, euskararen egoerari buruz herri honetan zerbait esaten den bakoitzean, baldekada water burutik behera labaindu izan balidate bezala geratzen naiz azkenaldian, zur eta ur. Ez baitago lurrik hemen guztiontzat. Eta uretan dagoenari beti egingo zaio nekezagoa arnasa hartzea. Irlaren bat harrapatu beharko nuke atseden hartzeko, arnasguneren batera joan bizitzera denbora batez. Azpeitira edo, apur bat goxotzeko, berotan sartzeko, ernegua lausotzeko. Gaurkoa luze joango baita, I know.
 
Lurra, berez, landu nahi duenarentzat izatearen aldekoa naiz. Baina lurra kendu dizun horri zurea dena exijitzea justizia ekintza soila da. Eta hizkuntzei buruz hitz egiteko ekologia hainbeste aipatzen den honetan, jakin nahi nuke nola berreskuratu behar ditugun gure berezko basoak (pagadiak, hariztiak eta abarrak) bidean pinudiren batzuk bota gabe. Argudio ekologistei arrazoi ekonomikoak gehitzen badizkiegu gainera; pinuek gaur egun ez dute inor aberasten, elebakar izateak ere ez.
 

Nik ez dut inor konbentzitzen ibili nahi, nik ez dut inor seduzitu nahi. Are gutxiago hizkuntza erakargarri bihurtzeko zereginetan denbora galdu. Nik nire hizkuntza erabili nahi dut bizi naizen inguruan eta hori legez bermatuko didan norbaitek horretarako erabakiak hartzea behingoz. Ausardia apur bat epeltasuna nagusitu den diskurtsoan. Sentitzen dut batzuengatik, baina euskara politikari lotuta bizi izan da azken mendeotan. Horrela da, hau borroka politiko bat da. Terreno horretan sartzea saihestu nahi duena ere, barruan dago, gerrirainoko lokatzetan.
 
Txapela kentzeko modukoa da euskararen alde gizarte mugimenduetatik herri honetan egin den lana. Ematen du tesi eta doktoretza lanetarako asuntoak. Txapela ordea, ez dugu erabat eranzterik lortu. Batzuk, eta ez beti hangoek, nahiago gaituztelako horrela; azken erreserbetako jagole txintxo, ikergai liluragarri, estatistiken baitan diluiturik, pailazo sudurra jantzita bada hobe. Eta gu amua irensteko bezain buruarin, kontsentsu zale. Gure hizkuntzak behar duen estatusa erdaraz eroso bizi denarekin adostuko dugulakoan. Bitartean, EAEko parlamentuan euskararen aldeko alderdiak (hor dago koska eta zalantza) %70a direnean.
 
Azken zurrumurruek diotenez, euskararen erabilerak bultzada bat behar du herri honetan. Arazoa detektatu omen dugu orain. Ezagutzan emandako aurrerapausoa ez da nolanahikoa baina. Pozik egoteko moduan gaude. Egonean gaude eta ez gara ari. Hezkuntza, komunikabideak, kultur jarduna, administrazioa, Osakidetza, erreserbetako sukaldea, gure kaleen soslaia… ez du kanpaina batek konponduko. Ez ginen ba hain inozoak bihurtuko egun batetik bestera. Zerk ematen digu beldurra? Guk guretik gehiago izan dezagun norbaitek beretik kendu beharko duela onartzeak?
 
Hizkuntza politika eraginkorragoak bultza ditzakeena marketin hutsera dedikatzen denean, seinale txarra. Azken 30 urteotan egindakoaren balantzea egiten badugu, erantzukizuna ez baita konpartitua. Sentitzen dut baina Baztarrikaren gabineteari nik beste zerbait eskatzen diot gaur eta hemen. Aldaketarako tresnak beraiek dituztelako, ez nik. Dena ez baitago gure esku, asko egon zitekeenean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina