2011/10/28

Mintzalaguna egitasmoa aurkeztu dute Beasainen

Mintzalaguna egitasmoaren berri eman zuten atzo, 18:30ean, Beasaingo Igartza jauregian. Egitasmo honen helburua herritarrengan euskaraz hitz egiteko ohitura sortzea da. Horretarako, astean behin biltzen dira taldekideak toki jakin batean mintzapraktika egiteko. Koldo Agirre alkateak Beasainen"herritarren erdia baino gehiago euskalduna dela" nabarmendu zuen eta beste zenbaitzuk "ulertu ere egiten dutela". Hori dela-eta, hitz egiteko pausoa ematen lagundu nahi die herritar horiei Beasaingo Udalak, Udal Euskaltegiak eta Goiztiri AEK-k.

Antolatzaileez gain, Igartza jauregian bildu ziren ikasturte honetan mintza-jardunetan parte hartuko duten lagunak. Aurreko urtetan mintzalagun izandako batek bere esperientziaren berri ere eman zuen. Horren ondoren, diapositiba bat erakutsi zuten egitasmoaren berri emateko. Azkenik, askaria izan zuten eta taldeko argazkia atera zuten jauregiaren kanpoan.

Mintzalagunean parte hartu nahi dutenek badute oraindik aukera. Interesa duenak Beasaingo AEK-k Urbialde plaza azpian duen egoitzara, Udal Euskaltegiak Jose Migel Iturriotz kalean duenera edo Beasaingo Euskara Sailera jo dezake.

Mintzalaguna Beasain 2011-2012

Irakurri albistea Goierriko Hitzan.

Ikusi albistea Goierri Telebistan.

2011/10/27

Mintzalaguna egitasmoaren aurkezpena izango da gaur Beasainen

Beasaingo Igartza jauregian aurkeztuko dute gaur Mintzalagun egitasmoa arratsaldeko sei eta erdietan. Egitasmo honen helburua herritarrei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da, euskara erabiltzeko ohitura hartzea, alegia. Horretarako herritar horiek euren egunerokotasunean euskaraz hitz egiten duten lagunekin elkartuko dira astean ordubetez taldeak aukeratutako tokian. Beasaingo Udalak, Udal euskaltegiak eta Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak antolatzen dute egitasmo hau. Mintzalaguneko iazko partaideak. (Irudia: Goierriko Hitza)

2011/10/24

Zaindu maite duzun hori

Ruper Ordorikak ostegunean aurkeztuko du disko berria, 'Hodeien azpian' izenekoa, eta abagune hau aprobetxatuz bere kanta ezagun bat dakarkigu hona. Saia zaitezte bideoa ikusiz eta entzunez letraren hutsuneak betetzen. Gozatu!

2011/10/19

Euskara ikasleentzako beste aholku bat dugu

E-uskaltegia online zerbitzuko lagunek hirugarren bideoa prestatu dute ikasleei laguntzen jarraitzeko. Hauxe duzue 'zen' aholku berria: Hasi, beraz, igeri egiten!

2011/10/17

Goierriko Kastako lanak Goiztiri AEK-ko blogean argitaratuko dira


Goierriko Kasta eta Goiztiri AEK euskaltegia lankidetzan ariko dira ikasturte honetatik aurrera. Urritik hasi eta ikasturte amaierara arte hilero-hilero Goierriko Kastako kideren baten testua argitaratuko dugu blog honetan.
Goierriko Kastako hainbat lagunek hartuko dute parte martxan jarri berri dugun proiektu honetan. Iker Zaldua, Juan Mari Apaolaza, Joseba Zubizarreta eta Irati eta Ekaitz Goikoetxearen testuak izango ditugu blogean, besteak beste.
Hilabete honetako testuaren egilea Iker Zaldua Zabalua dugu. Euskal Filologiako ikasketekin batera beste hainbat ikasketa egin zituen Gasteizen. Euskal Filologiakoak amaituta besteekin jarraitzen du oraindik. Bitartean itzultzaile gisa lan egiten du, aurretik irakasle izan ostean. Denbora librean idatzi egiten du eta Goierri Irratian literaturari buruzko hitz-aspertuak edo aspertzeko moduko hitzak kalakatzen ditu.

2011/10/14

Bertsoa eta kantua izango dira gaur Beasainen eta Ordizian

Gaurko eguna kultur jardunaldiz josita dugu Goierriko bi herri jendetsuenetan. Beasainen bertsoa izango da ardatza: 'Bertsolari ' filma estreinatuko dute 19:30ean Usurbe Antzokian eta 22:30ean, berriz, bertso saioa izango da. Bertan izango dira kantuan Sebastian Lizaso, Julen Agirre, IƱaki Apalategi, Sustrai Colina, Jon Maia eta Julio Soto.

Ordizian, berriz, kantu jira egingo dute 19:30ean eta ondoren afaria. Eztarriko ahots kordak findu nahi dituenak badu aukera gaur Ordizian! Animatu, beraz, ekitaldi hauetakoren batean edo gehiagotan parte hartzen!

2011/10/11

Hiri hartan izan zen

Mikel Markez musikariak bere azken diskoa kaleratu du eta 'Hiri hartan izan zen' abestia da aurkeztutako lehena. Bideoan EƱaut Elorrieta musikaria eta Uxue Alberdi bertsolaria ditu kantulagun musikari oreretarrak. Badaukagu abestiaren letra, baina osatu gabe. Ea gai zareten hutsuneak betetzeko bideoa ikusiz eta entzunez!

2011/10/10

Aholkuak euskara ikasleentzat

E-uskaltegia online zerbitzuak gomendio batzuk eman nahi dizkie ikasleei ikasturte hasieran. Horretarako pare bat bideo 'zen' prestatu dituzte, zailtasunei soseguz aurre egin ahal izateko. Hauxe da lehenengo aholkua:
Hiztegiarekin arazoak dituztenentzat ere badute konponbidea: Egin kasu eta animo!

2011/10/05

Euskara salbatuko al da diruari eta lanpostuei lotuta?

Benito Lertxundi elkarrizketatu dute Noticias taldeko egunkarietarako, udazkenean hasiko baita disko berria grabatzen. Beste zenbait konturen artean ondorengo hau aipatu du musikariak:

"Gure kultura, hizkuntza, salbatzeko, politika da bide bakarra. Zer egiten dute estatu independienteek? Beren kultura inposatu. Euskara dirua eta lanpostuekin lotu, eta ikusiko duzu nola salbatuko den. Elebitasunaz zentzurik gabe hitz egiten da askotan. Herri honetan ez dago elebitasunik, ezinezkoa da 24 orduz euskaraz bizitzea, bai ordea gaztelaniaz. Hizkuntza bat derrigorrezkoa da eta bestea aukerazkoa. Hau lasai asko esaten da, eta ez dakit nola ez diren lotsatzen."

Argazkia: Dani Blanco

Zer iritzi duzue honetaz? Eman zuen iritzia!

Irakurri albistea Argia aldizkarian.

2011/10/03

Gaur hasi dute ikasturtea Goiztiri AEK-ko ikasleek

Urriko lehen astelehenean gogotsu eta irribarretsu agertu dira ikasleak ikasturteko lehen klasera. Goizean goiz nagiak ateratzeko beharra izan dute astelehena astintzeko, baina laster hasi dira ikasturterako helburuak eta eginkizunak zehazten: ikasi beharrekoak, kultur ekintzetan egin beharrekoak,klasetik kanpora hartu beharreko konpromisoak... Ikaskideekin berriketaldia egiteko parada ere izan dute, noski. Iazko ikaskideak agurtu dituzte eta elkarri udan egindakoaren berri eman diete. Ikasle berriei, berriz, ongietorria egin diete euren artera. Prest dira, beraz, eguneroko lanari heltzeko. Guk hitza emango diegu eurek erabil dezaten. Hemendik aurrera astindu, beraz, axota eta mingaina! Animo eta zorte on!

Idiazabalgo bertso saiorako sarrerak zozketatuko ditugu

Abian jarri genuen apirilean Goiztiri AEKren blogaren lehiaketa. Hilabetero galdera bat proposatuko dizuegu eta blogaren eskuinean ondorengo irudian klikatuta ikusi ahal izango duzue: Hilabete honetako galdera:
Hilabete honetako galdera:
  • Zein bertsolari goierritarrek du TXAPI ezizena?
Saria: Idiazabalen urriaren 30ean izango den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saiorako bi sarrera zozketatuko ditugu asmatzaileen artean.
Azken eguna: urriak 27.
Bidali zure erantzuna gure helbidera: goierri@aek.org