2017/03/16

Korrika Nepalen

KORRIKAren irismena mundu mailakoa da, eta gero eta herrialde gehiagotan dute gure lasterketa erraldoiaren berri. Horien artean Nepal, Samsara Elkartea eta Alex Txikon alpinistari esker.

Izan ere, Txikon kirolari lemoarrak Everest mendian egin duen azken espedizioan KORRIKAri eskaini nahi izan dio babesa. Behe Kanpalekutik jaitsi aurretik, bera eta kideak 20. edizioko petoekin agertzen diren argazki batzuk argitaratu ditu, mezu batekin batera: «Euskarak ez duelako mugarik, 5250 metrotatik ere euskararen alde!», sare sozialetan aditzera eman duen moduan.


Halaber, Samsara Nepaleko Garapenerako Lankidetza Elkarteak ere lagundu nahi du KORRIKA Nepalen ezagutzera ematen. Kideek batez ere umeekin lan egiten dutenez, haurrak izango dira, hain zuzen, antolatu dituzten korrikaldien ardatza. Bina hitzordu ipini dituzte: lehenengoa martxoaren 18an, Lalitpur hirian; eta bigarrena 25ean, Nuwakoten.


AEK-k bi egitasmoak eskertu nahi izan ditu, KORRIKAren mezua munduan barrena zabaltzen laguntzeagatik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina