Auzolana da Korrikaren ardatzetako bat, eta elkarlanean aritzen gara KORRIKA Kulturalerako ere. Datozen estreinaldiak ere mota horretakoak izango dira: martxoaren 7an estreinatuko da Ez dok hiru taldearen Euskal musikaren benetako istorioa antzezlana Arriaga antzokian, Bilboko Loraldia jaialdiarekin elkarlanean. Euskal kulturaren erakusleiho den jaialdi horretan izango dira Kukai dantza-taldeko lagunak ere, Oskara plazara ikuskizunaren emanaldiarekin.
Loraldia jaialdia martxoaren 7tik apirilaren 8ra egiten den festibala da eta, KORRIKArekin egiten ari den elkarlana dela-eta, Korrika Bilbotik igarotzen den egunean, apirilak 6, ekitaldirik ez antolatzea erabaki dute antolatzaileek.
KORRIKA Kulturalaren bitartez, KORRIKA bitartean egiten duen esfortzu ekonomiko eta militantearen zati bat itzuli nahi dio AEK-k euskal gizarteari. Zenbait estreinaldi izan dira azken asteotan KORRIKA Kulturalaren egitarauan: Kepa Junkera & Sorginak taldearen Maletak ikuskizuna, Kukai dantza-taldearen Oskara plazara, Erradikalak gara bertso- eta ipuin-ikuskizuna...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina