2013/10/02

Izan supermintzalaguna!

2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoa abian da eta horren berri emateko kanpaina dibertigarria egin dute aurtengoan. Egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten “supermintzalagunak” omendu nahi ditu aurtengo kanpainak. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak esan bezala, “ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira”.



Mintzalaguna egitasmoa euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da. Egitasmo honek hainbat helburu ditu: euskara hobetzea, gehiagotan erabiltzea, euskaraz bizitzea, normalizazioaren alde egitea, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzea...

Astean behin biltzen dira egunerokotasunean euskaraz aritzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak. Paseoan, kafetegian. parkean edo edozein lekutan elkar daitezke, eurek nahi dutena euskaraz egiteko. Asteroko hitzorduaz gain, noizean behin herriko beste mintzalagun taldeekin ere egiten dituzte irteerak, afariak, kirol ekintzak...


Ordizian mintzalagun izateko interesa baduzu, eman izena urriaren 30a baino lehen Hitzaro elkartean edota Ordiziako AEKn. Hitzaro elkartean 09:00etatik 13:00etara eman dezakezu izena 943 16 23 66 telefonoan edota hitzaro@gmail.com helbidera idatzita. AEKren kasuan Nafarroa Beherea kaleko euskaltegira jo dezakezue, 943 88 91 74 telefonora deitu edota ordizia@aek.org helbidera e-posta bidali.

Animatu eta izan supermintzalaguna!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina