Interneten gastronomiari buruz euskaraz jarduteko txoko baten beharra zegoela ikusita, webgunea sortu du Xoraturikan enpresak. Sukaldean euskaraz bizi ahal izatea, eta euskararen erabilera sustatzea da orrialdearen helburua. Mila errezeta baino gehiago daude atari honetan, eta guztiak euskaraz. Sukaldaritzarekin lotutako hiztegia ere jarri dute martxan, eta hura aberasteko asmoa dute pixkanaka-pixkanaka. Gastronomiaren inguruko albisteak ere sartuko dituzte, berrikuntzak, azokak, jaiak eta horrelakoak aipatuz.
Jendearen parte hartzea ere kontuan hartu dute, eta erabiltzaileek errezeta horiek egin, argazkia atera eta webguneko blogean zintzilikatzeko aukera izango dute. Sariak lortzeko parada ere izango dute webguneko partaideek; lehen hamar errezetak jartzen dituztenen artean bi lagunentzako otordua zozketatuko dute, eta gauza bera egingo dute lehen 50 argazkiak zintzilikatzen dituztenen artean ere. Horretaz gain, Facebook, Twitter eta Berriketan sare sozialetan ekarpenak, iritziak eta kritikak egiteko aukera izango da, besteak beste.
Sartu, eta hasi errezetak euskaraz prestatzen!
Irakurri albistea Berria egunkarian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina