2012/02/02

Bertsoa eta irudia elkartzen dituen lehiaketa martxan da Beasainen

Bertsomovieda izeneko lehiaketa jarri du martxan Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak. Bertsomovie-a bertsoak dauzkan bideo bat da, eta nahikoa da bi elementu horiek, irudia eta bertsoa, uztartzea. Bideoak gutxienez bertso bat izan beharko du, eta euskaraz izango da.

Edozein pertsona, talde edo koadrilak har dezake parte, eta adinari eta bizitokiari dagokionez ere, ez dago mugarik. Gainera, nahi adina bertsomovie aurkez daitezke.

Bideoak martxoaren 24ra arte aurkez daitezke. Sari banaketa apirilaren 20an izango da Beasainen, baina aldez aurretik jakinaraziko dira lehiaketako irabazleak, hedabideen bitartez. Hiru sari izango dira: epaimahaiaren saria (900 euro), epaimahaiak aukeratuko duena; bertso onenen saria (300 euro), epaimahaiaren iritziz bertso maila onena duen bideoari emango zaiona; eta ikusleen saria (450 euro inguruan baloratutako saria), webgunean bozka gehien biltzen dituen bideoarentzat. Parte hartzeko interesik baduzue, klikatu hemen lehiaketako oinarriak ikusteko. Animatu, eta parte hartu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina