2012/02/01

Euskaltegiaren 25.urteurrenaren aurkezpena egin dugu Ordizian

Goiztiri AEK Euskaltegiak 25 urte bete ditu 2011-2012 ikasturtean eta urteurrenaren aurkezpena izan zen atzo Ordiziako D'Elikatuz interpretazio zentroan. Bertan bildu ziren gaur egun euskaltegiko irakasle eta ikasle direnak, eta baita 25 urte hauetan irakasle eta ikasle izandako zenbait lagun ere.

Euskaltegiko zuzendaritzako kide den Karmele Santoyok hartu zuen hitza lehenbizi. Euskaltegiaren sorreran zerikusia izan zutenek egindako lana nabarmendu zuen, eta lehengoen eta oraingoen arteko soka-lanari eman nahi izan zion garrantzia. Horretaz gain, 25.urteurrenarekin batera euskaltegiak jaso duen oparia ere izan zuen hizpide: lokal berria.

Beñat Garmendiak, euskaltegiko irakasle eta lokalaren obraren arduradunak, lokal berria Behe Nafarroa kalean, Lukusin plazaren ondoan, izango dela aipatu zuen, eta maiatzaren bukaerarako prest izango dela.

Maria Luisa Gorrotxategi irakasleak, urteurrena dela-eta, otsailetik ekainera izango diren kultur ekintzak azaldu zituen. Otsailaren 22an talo ikastaroa izango da, Arriarango Intxaurpe elkartean. Martxoan Erregea eta Bufoia ikuskizuna egingo dute Seguran, Ander Lipus aktoreak eta Aitor Sarriegi bertsolariak. Apirilean, berriz, Napoka Iriaren kontzertua izango da Beasainen, eta maiatzean bakarrizketak Legorretan. Amaitzeko, ekainean lokal berria ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, eta afaria ere antolatuko dugu urteurrena mahaiaren bueltan ospatzeko.

Urteurrena dela-eta logotipo lehiaketa antolatu dugu, eta lehiaketa irabazlea Mikel Ruiz de Azua Eguren aramaioarra izan da. Berak azaldu duenez, logotipoko geziak eboluzioa, prozesua edota hazkuntza irudikatu nahi du. Gezi honen bitartez, 25 urteetan landu diren aspektu eta esfortzuak baloratu nahi ditu, eta urte bakoitzeko fruitua zirkulu baten bidez transmititu. Horregatik, gezia 25 zirkuluz osaturik dago, urteak pasa ahala gero eta zirkulu handiagoak direnak, gero eta gehiago garelako eta izango garelako.
Aurkezpena bukatzeko, urteurrenerako egindako abestia aurkeztu genuen. Black Jiko taldeak egin du doinua, eta Iñaki Apalategi bertsolariak letra. Behean duzue abestia eta abestiarekin egindako bideoa. Gozatu!
Lehen eguneko lotsa (basque reggae feat. Iñaki, Jiko & Leire) by Goiztiriaekgoierri

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina