2012/03/01

Hainbat kultur ekitaldi izango dira Goierrin asteburuan

Asteburu betea izango da Goierrin kultur jarduerei dagokionez. Hasteko, Garazi Kamiok Igartza Sariaren bidez argitaratu duen 'Beste norbaiten zapatak' liburua aurkeztuko du 19:00etan Beasaingo Igartza jauregian. Aurkezpenean, Kamioz gain, Xabier Mendiguren editorea, eta Beasaingo Udaleko eta CAFeko ordezkariak izango dira. Ipuinez osatutako liburu honetan hainbat istorio aurkituko ditu irakurleak: lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika-ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luzea egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama, bizilagunari mandatu bitxi bat eskatzen dion agurea, 30 urte lehenagoko ikasle garaiko pasadizoak aztoratzen duen gurasoa... Bihar, berriz, 'Ipar haizearen kontra' antzezlana izango da 22:15ean Beasaingo Usurbe antzokian. Itziar Atienza eta Joseba Apaolaza aktoreak Leoren eta Emmiren paperean ariko dira. Leok ezagutzen ez duen Emmiren e-posta jaso du, neskaren hankasartzearen ondorioz, eta Leok erantzun egin dio gizalegez. Emmiri erakargarria iruditu zaio bien arteko mezu trukaketa, eta, denboraren poderioz, bien arteko elkarrizketa jarraia bihurtuko da. Elkar aurrez aurre ezagutzeaz hitz egiten dutenean, ordea, ezinegonak gainditzen ditu, eta atzeratu egiten dute hitzordua. Larunbatean, Jon Sarasuaren 'Letez kantuberbetan' emanaldia izango da Ataungo Herri Antzokian, 19:00etan. Xabier Lete izango du gogoan, eta oiartzuarraren kanta batzuk jo eta abestuko ditu, abestiei buruz ere solas eginez. Ekitaldia Ordiziako, Lazkaoko, Ataungo eta Segurako Liburu Azoketako arduradunek antolatu dute, kultur ekintzak urteko beste garai batzuetara ere zabaldu nahian. Larunbatean bertan, Beasainen 'Euskaraz bizi eguna' izango da bertako Euskal Herria Euskaraz taldeak antolatuta. Pilota partidak izango dira 18:00etan Nafarroa Etorbideko pilotalekuan: Ion Diez-Iraeta / Urteaga-Rodriguez eta Goikoetxea / Mendia (4 t’erdian). Pilota partidak amaitzean, 20:00ak aldera, trikipoteoa egingo dute Mikelaren eta Urdangarin trikitilariekin, eta, 21:30ean, bertso-afaria izango da plaza azpian Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Beñat Iguaran bertsolariekin. Afarirako txartelak aurrez erosi behar dira Irizar, Arrano eta Basakana tabernetan, 12 eurotan. Egunean bertan 15 euro balioko dute.

2012/02/29

Giro ederra sortu dute ikasleek sagardotegiko irteeran

Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteko kideak, Mintzalagunak eta Goiztiri AEK-ko ikasleak Ataungo Urbitarte sagardotegian izan ziren joan den ostiralean, urteroko legez. Hasieratik giro alaia sortu zen guztien artean, eta euskaltegiko ikasleek euskaraz hitz egiteko aukera izan zuten klasetik kanpo. Entzumena eta mintzamena praktikatzeko abagunea ondo probestu zuten ikasleek, eta belarriak eta mingaina zorroztu zituzten, umore onez. Hitz egiteaz gain, afari ederra egin zuten, sagardoz lagunduta. Gainera, dantzan eta kantuan ere aritu ziren, Gaintzako eta Zaldibiako trikitilari bikote gaztearen eskutik.
Goiztiri AEK-ko ikaslea txuleta ebakitzen.
Goiztiri AEK-ko ikasleak eta Mintzalagunak giro onean.
Euskaltegiko ikasle eta irakasleak berriketan. Trikitilarien inguruan kalejiran, sagardotegi kanpoan.

2012/02/27

Talo ikastaro jendetsua izan da aurtengoa ere

Talo ikastaroa izan zen joan den asteazkenean Arriarango Intxaurpe elkartean, eta 90 bat lagun bildu ziren. Segurako talogileek taloak egiteko prozesua erakutsi zuten, eta ikastaroko parte hartzaileei taloak egiten irakatsi zieten. Talogileek orea egin ondoren, mahaietan banatu eta parte hartzaileek taloak egin zituzten talogileen aholkuei jarraituz. Ondoren, erretzera eraman zituzten, eta, ondo erretakoan, hirugiharrez, txistorrez, txokolatez edo gaztaz bete zituzten taloak. Amaitzeko, bakoitzak norberak egindako taloa dastatu zuen. Ikastaroan izandakoek aipatu dutenez, "gustura eta giro onean" aritu ziren talo-jardunean. Hona hemen prozesua argazkitan:
Segurako talogileak orea egiten. Ikastaroko parte hartzaileak taloa egiten, Segurako talogileen azalpenen laguntzaz. Intxaurpe elkarteko kideak, eta AEK-ko irakasle eta ikasleak taloak eta gainerakoak erretzen. Taloa erre ondoren, barrualdea jakiz betetzen. Taloa prestatutakoan, dastatzen.

2012/02/22

Gastronomiaz aritzeko webgune berria sortu dute euskaraz

Interneten gastronomiari buruz euskaraz jarduteko txoko baten beharra zegoela ikusita, webgunea sortu du Xoraturikan enpresak. Sukaldean euskaraz bizi ahal izatea, eta euskararen erabilera sustatzea da orrialdearen helburua. Mila errezeta baino gehiago daude atari honetan, eta guztiak euskaraz. Sukaldaritzarekin lotutako hiztegia ere jarri dute martxan, eta hura aberasteko asmoa dute pixkanaka-pixkanaka. Gastronomiaren inguruko albisteak ere sartuko dituzte, berrikuntzak, azokak, jaiak eta horrelakoak aipatuz.
Jendearen parte hartzea ere kontuan hartu dute, eta erabiltzaileek errezeta horiek egin, argazkia atera eta webguneko blogean zintzilikatzeko aukera izango dute. Sariak lortzeko parada ere izango dute webguneko partaideek; lehen hamar errezetak jartzen dituztenen artean bi lagunentzako otordua zozketatuko dute, eta gauza bera egingo dute lehen 50 argazkiak zintzilikatzen dituztenen artean ere. Horretaz gain, Facebook, Twitter eta Berriketan sare sozialetan ekarpenak, iritziak eta kritikak egiteko aukera izango da, besteak beste. Sartu, eta hasi errezetak euskaraz prestatzen! Irakurri albistea Berria egunkarian.

2012/02/21

Boiseko euskara ikasleek maitasun gutunak bidali dizkiete munduko beste ikasle batzuei

San Balendin eguna izan zen joan den astean, eta, egun hori probestuz, Estatu Batuetako Boise hiriko euskara ikasleek maitasun gutunak idatzi zituzten klasean. Ondoren, munduko beste euskara ikasle batzuei bidali zizkieten. Oinarrizko mailako ikasleek Boise State University-ko ikasleei bidali zizkieten gutunak, erdi mailakoek Australiakoei eta goi mailakoek Europako hainbat ikasleri: Londreskoei, Erromakoei, Bartzelonakoei, Euskal Herrikoei... Gutunik jaso ez baduzue ere, baduzue eurei erantzuteko aukera. Horretarako sartu Euskal Kulturaren orrialdean, eta informazio gehiago, gutun batzuk eta helbidea topatuko dituzue.