2018/06/04

Ordiziako toponimia eta historia ezagutzen

Ordiziako ikasleek herria hobeto ezagutzeko aukera izan dute Belen Maizaren eskutik. Herriko hainbat txokoren izenaren jatorria ezagutu dute eta baita historia ere, bide batez.


Joan den asteartean, goizeko taldeetako ikasleak izan ziren Maizarekin herriko ibilbidea egiten. Bilorditik, Oreja parketik, abiatu ziren eta Barrenara doan aldapan ere geldialdia egin zuten Txakurtxulori buruz hitz egiteko. Barrenara jo zuten jarraian, eta bertan Barrenakoen historia kontatu zien Maizak. Ondoren,  D'Elikatuzeko etxera egin zuten bisita eta handik sindikatua dagoen tokira joan ziren, Txerrikale deiturikoa. Garai batean, han garaje handi bat omen zen eta kotxe bat izaten omen zen, emakumezko batena. Oso aurreratua zen emakume hura bere garairako: kotxearen konponketak berak egiten zituen eta udan Urbiara joaten zen artzainei laguntzera. Hau dela eta, 'La dama de Urbia' deitzen zioten.


Hurrengo geldialdia Pratxuelan egin zuten, Garagartza plazara bidean. Bertan,  herriko harraska-lekua zegoen. Arropak garbitzeko tokia zuten hura baina,horretaz gain, funtzio soziala ere betetzen zuen, emakumeek euren kontuak kontatzeko aprobetxatzen baitzuten bilgune hura. Garagartza plazan, ganadu plazan, upeltegia izan zela kontatu zien Maizak. Plaza hartan, arotzak lan egiten zuten tokiak omen zeuden, eta beste hainbat gremiotakoak ere bai. Goialdean, mendialdean, ikastetxeak zeudela ere aipatu zuen Maizak.

Hurrena, azoka-plazan izan ziren ikasle eta irakasleak. Noiz eraiki zen plaza kontatu zuen Belen Maizak. Oilo-kaletik Dorreara jo zuten gero. Dorreako etxearen jabea Torre-Tagleko markesa izan zen eta bere etxea herriari utzi zion baina baldintza batekin: hezkuntzari lotutako kontuetarako erabiltzea. Orduz geroztik, hor izan dira arte eta ofizio eskola, hizkuntza eskolak, lehenengo musika eskola...Dorreako etxean, lehen euskaltegia genuen tokian, amaitu zuten ibilbidea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina