2017/10/11

Euskararen kriseilua Ordizian


 
Euskararen Kriseilua proiektua jarriko du martxan Ordiziako Udalak. Euskararen erabilera sustatzea du helburu proiektuak eta Ordiziako familiei zuzendutako proposamena da; euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena. Joseba Aranburu zinegotziak, Euskararen Topagunea elkarteko ideiaren sortzaileak eta Ordiziako ikastetxeetako ordezkariek aurkeztu dute egitasmoa. Gipuzkoan egitasmoa burutuko duen lehenengo udalerria da.


Hizkuntza su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du Euskararen Kriseilua egitasmoak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau. Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako. Kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. ‘Denok partekatzen dugu hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura’, esan dute.

Bi gonbidapen egiten zaizkie proiektuaren hartzaileak diren 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei:

  • Lehenik euskararen sua bizirik mantentzea, Euskararen Kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea.
  • Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. www.kriseilua.eus webgunearen bidez egin ahal izango da hausnarketa hori, bertan proposatzen den galdetegia erantzunez. Horren baitan familia bakoitzari erabilera sustatzeko dagozkion erronkak azalduko zaizkio.

Etxez etxe ibiliko da Euskararen kriseilua urrian hasi eta abendura arte. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko jai bat egingo da.

Euskaren Kriseiluan parte hartzeko, www.ordizia-euskaraz.eus webguneko galdetegia edo ikastetxean banatuko den izen-emate fitxa bete beharko dira urriaren 23a baino lehen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina