2017/10/26

Errigorako saskiak: zubigintzan eta herrilanean


Auzolana, herri-lana, zubigintza. Horiek dira Errigora egitasmoaren kanpaina berriaren goiburuak. Nafarroa hegoaldeko euskara eta nekazaritza bultzatzeko ekimena elkartasunean eta elkarlanean oinarritzen da. Urtez urte zabaltzen doan proiektua da, eta kopuruak ere gorako bidean doaz. Iazko udazkeneko kanpainan 14.000 saski banatu zituzten, eta 175.000 euro bideratu zituzten euskalgintzako proiektuetara. Aurtengo udaberrian berriz, 85.000 litro olio banatu dituzte, 208.000 euroko laguntza lortuz.

Gaurtik azaroaren 14ra bitartean izango da martxan Errigoraren udazkeneko kanpaina berria. «Zubiak eraiki eta gurutzatu» nahi dituztela diote arduradunek: herrialde ezberdinetako herritarren arteko zubiak, lurraren eta euskararen artekoak eta nekazarien eta euskaltzaleen artekoak.




Bi saski ezberdin

Pasa den urteko ErrigoraGo kanpainan produktuen eskaintza zabaltzeko apustua egin zuten, eta aurten ere bi saski mota jarriko dituzte aukeran, zuria eta beltza, 50 euroren truke bakoitza. Azpiko irudian eta esku-orrian ikus dezakezue kaxa bakoitzak zer produktu dituen. 


Saskiak gure euskaltegietan eska ditzakezue, bai Beasaingoan eta baita Ordiziakoan ere. Azaroren 14a da eskaerak jasotzeko azken eguna, eta banaketa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina