Beasaingo 26. Euskal liburu eta disko azoka egin genuen asteburuan Gernika pasealekuan. Eguzkia lagun izan genuen asteburu osoan eta jendea gerturatu zen azokara ostiraletik igandera. Liburu eta diskoen salmentaz gain, hainbat ekitaldi izan ziren azoka gunean.
Ostiral goizean Gabonetako kartel lehiaketaren sari banaketa egin zen. Ander Kortaberriak irabazi zuen eta Maddi Urteaga, Irene Dominguez eta Amets Zurutuza ere saritu zituzten.
Arratsaldean, Irakurle taldeko kideak bildu ziren Uxue Alberdiren 'Aulki-jokoa' liburuari buruz hitz egiteko.
Jarraian, Maddi Noguera ataundarraren musika emanaldia izan genuen. Gozatu ederra hartu zuten bertaratutako guztiek.
Larunbat goizean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi izan genituen bisitan. Umeek musuak, besarkadak eta gozokiak jaso zituzten.
Arratsaldean, Largabistaren tailerra izan genuen eta umeek euren marrazkiez apaindu zuten ekitaldietarako karpa txikia.
Ondoren, Maider Agirrek Bihotzero liburua aurkeztu zuen Irati Goikoetxearen gidaritzapean. Liburuko ilustrazioen egile den Idoia Beratarbide ere marrazten aritu zen aurkezpenean bertan.
Igande goizean Beasainen 400.urteurreneko bideo grabaketa egin zuten Igartzan. Arratsaldean, berriz, Kantujira taldekoak aritu ziren kantuan eta gerturatu ziren herritarrak gustura aritu ziren entzuten eta txalo jotzen. 19:00etan amaiera eman genion 26. Euskal liburu eta disko azokari.
Mila esker azokan erosketak egin edota ekintzetan parte hartu zenutenoi.
Datorren urtean berriz izango gara elkarrekin eta, bien bitartean,
jarraitu musikaz eta literaturaz gozatzen!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina