2015/12/04

Beasaingo liburu eta disko azoka nobedadez beteta


Durangoko azoka izango dugu asteburu honetan eta Goierrikoak ere ate-joka ditugu. Beasainen 26. Liburu eta disko azoka antolatuko dugu Goiztiri AEK euskaltegikook. Ezin ahaztu, noski, Beasaingo Udalaren, Mirentxu liburu-dendaren eta herriko beste zenbait eragileren laguntza, ezinbesteko baitugu ekitaldia burutu ahal izateko.


Aurtengo edizioan bi aldaketa nabarmen ditugu: alde batetik, data eta, bestetik, tokia. Azoka abenduaren 18, 19 eta 20an izango da eta Gernika pasealekuan jarriko dugun karpan bilduko ditugu aurtengo nobedade nagusiak. Urteroko ohiturari jarraituz, produktu guztiek %15eko deskontua izango dute, Beasaingo Udalari esker.

Aurkezpena datorren astean

Egitarauaren barruan, Irakurle taldearen saioa, musika, liburu aurkezpena, Irrien Lagunak eta beste hainbat kontu izango ditugu. Xehetasun guztiak abenduaren 9an, 11:00etan, emango ditugu Ordiziako Barrena jauregian. Goierriko bost azokak elkarlanean dihardugu aspalditik, 'Azokak batzen gaitu lelopean', eta datorren astean agerraldia egingo dugu azoka bakoitzaren berri emateko.

Herritarren laguntza zaintzarako

Azokan, jendea artatzeko txandak egin ohi ditugu baina itxita dagoen ordu-tarteetan ere zaintza lana egin beharko dugu. Horretarako, elkarteetako kide zein herritarrei eskatu nahi genieke laguntza. Inor prest balego, bidal dezala e-posta beasain@aek.eus helbidera edota 943 88 93 40 telefono zenbakira deitu abenduaren 11 baino lehen.


Azokak batzen gaitu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina