Euskararen aldeko ekimenaren 22. edizioa 2021. urtean izango bada ere, Europako hainbat tokitan Korrika oinarri hartuta sortu diren zenbait ekimenen txanda izango da aurten.
Egutegian, lehendabiziko hitzordua LA PASSEM da, okzitanieraren aldekoa. Apirilaren 30ean abiatuko da haren bigarren edizioa, eta maiatzaren 3an Angelura iritsiko da, Bokaletik Euskal Herrira sartu ostean.
Maiatzean, halaber, KORRIKAren “ahizpa” garrantzitsuena etorriko da: AR REDADEG, bretoieraren alde. Gau eta egunez Bretainia zeharkatzen duen korrikaldia Euskal Herrikoaren isla da, lekuko, mezu sekretu eta guzti. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Maiatzaren 23an bukatuko da
Guingamp hirian, eta, ohi bezala, Euskal Herriko ordezkaritza ere han izango da. Izan ere, hainbat tokitan autobusak antolatzen dituzte hara joateko.
Geroxeago, maiatzeko azken igandean, SPROCHRENNER! ekimenaren ordua izango da, Alsazian. KORRIKAren ahizpa berri hau —aurtengoa lehen edizioa da— maiatzaren 31n abiatuko da, eta 340 kilometro egingo ditu: Alsazia hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, Bale herritik Wissembourgera.
Egutegian zehaztuta ez badago ere, galestarrek iragarri zuten aurten RAS YR IAITH ekitaldiaren hirugarren edizioa egingo dutela. Beraz, galesaren alde ere aterako dira errepidera.
Amaitzeko, 2018ko maiatzaren 5ean zabaldu zen Kemperreko adierazpena gogoratu nahi dugu, zeinetan EUROKORRIKA osatu zen, hizkuntzen aldeko lasterketen sare europarra, alegia. Hauexek sinatu zuten: KORRIKA (euskara), Euskal Herria: Correlingua (galiziera), Galizia; Correllengua (katalana), Katalunia; Course Lingua (okzitaniera), Aran Harana; La Pasem (okzitaniera), Biarno; Redadeg (bretoiera), Bretainia; Ras yr Iaith (galesa), Gales; Rith (irlandera), Irlanda; eta Sprochrenner (alemana), Alsazia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina