Oso ordu gutxi falta da 21. KORRIKAk bere ibilbideari ekin diezaion eta AEK-k Etxepare Institutuarekin elkarlanean antolatutako bideo lehiaketak baditu bi garaile.
Euskal Etxeetako bideoen artean, La Platako (Argentina) Euskal Etxean euskara ikasten dabilen Enzo Dameliok irabazi du 1.470 “gustuko dut” jasota.
Irakurletzen artean, berriz, Mexiko Hiriko (Mexiko) UNAM unibertsitateko ikasleak gailendu dira 1.122 botorekin. Mexikarrek saria irabazten duten bigarren aldia da, duela bi urte ere eskuratu baitzuten.
Munduko zenbait txokotatik bidalitako 29 bideo jaso dira aurten eta bi astez egon da irekita bozkatzeko epea. Bi irabazleek (UNAMekoek euretako bat aukeratu beharko dute saria baliatu dezan) udan AEKren barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izango dute, euren euskara landu eta Euskal Herria ezagutu dezaten.
KORRIKAren 21. edizioa apirilaren 4tik 14ra ospatuko da Euskal Herrian zehar, baina euskararen aldeko mezua mundu osora zabaltzea ere bada ekimen honen asmoa, KORRIKA Munduan programaren bitartez. Lehiaketaz gain, mundu osoan zehar 30 Korrika baino gehiago antolatuko dira 20 herrialde ezberdinetan Euskal Etxeei, Etxepareren irakurletzei eta zenbait lekutako euskal komunitateei esker.
Egin Klika HEMEN lehiaketan parte hartu duten bideo guztiak ikusteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina