21. KORRIKA apirilaren 4tik 14ra ibiliko da euskal errepideetan zehar, Garestik Gasteiza, euskararen aldeko aldarria eginez. Baina ez da soilik Euskal Herrira mugatuko; izan ere, azken urteetan bezala, aurten ere KORRIKAREN lekukoa nazioarteko txoko guztietara iritsiko da.
AEK eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, KORRIKA txikiak eta egitarau bereziak antolatuko dira nazioarteko hainbat unibertsitate eta Euskal Etxetan.
Tartean, bigarren aldiz antolatu da dagoeneko abian den bideo-lehiaketa. Mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidali dituzte bideo formatuan. AEKren YouTubeko kanalean jarri ditugu ikusgai; eta ikusleek gustukoenen alde bozkatzeko aukera dute, Klika eginaz, jakina!
“Atsegin dut” gehien dituzten bi bideoek (kategoria bakoitzeko batek) irabaziko dute: munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoen artean bozkatuenak eta nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik jasotako bideo bozkatuenak. Irabazleek udan Euskal Herriko barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izango dute euskararen ikaskuntzan sakondu eta Euskal Herria ezagutzeko.
Apirilaren 7a bitartean bozka daitezke bideoak, sartu AEKren YouTube kanalean, ikusi eta aukeratu zure gogokoena!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina