2019/03/29

Iztueta baserrira bisita


Lazkaomendin dagoen Iztueta baserrian izan ginen joan den asteazkenean.  Esnea ekoitzi eta esnekiak, jogurtak eta izozkiak, egiten dituzte bertan. 


Bertara iritsi eta Ainitze Salak egin zigun ongietorria. Ikus-entzunezko bat ikusi genuen baserrian zer egiten zuten azaltzen zuena, familiaren jatorria eta abar. 




Ondoren, ukuilura egin genuen bisita. Ainitzek behien eguneroko bizimoduari buruz hitz egin zigun: noiz eta nola jezten dituzten, zer eta zenbat jaten duten, larrean zenbat egoten diren...Animalien ezaugarri eta bizi-motari buruz ere hitz egin zigun. Gainera, ikasleek hiztegia zabaltzeko aukera izan zuten Ainitzeren azalpenei esker: susaldi, ernaldi, urrixa, bigaia, jetzi, idiskoa, oritza...


Jarraian, kanpoaldera atera eta behiak ikusi genituen larrean. Han, azkeneko azalpenak eman eta barrualdera sartu ginen berriro baserrian egiten dituzten jogurtak eta izozkiak dastatzeko. Ez ginen, ez, atzera geratu! Zapore ezberdineko esnekietan koilaratxoak sartu eta gogokoena zein genuen aipatzen aritu ginen. Erosteko ere aprobetxatu zuten batek baino gehiagok.


Paraje ederrean ibili ginen, eguraldi eguzkitsuarekin eta bisita interesgarria izan zen oso. Asko ikasi genuen eta kalitateko produktuak dastatu genituen. Itzuliko gara, seguru!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina