2019/03/16

Elkarrekin sortzen

Korrika Kulturalaren barruan, Enkarguz emanaldia izan genuen ostiralean Beasainen. Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak hainbat abesti sortu dituzte elkarrekin eta prozesu hori jendaurrera eramaten dute orain saio honen bidez.


Lehendabizi, abestia sortzeko gai proposamenak eskatu zizkiguten Igartza jauregian bildu ginenoi. Guztiak jaso eta mutiko batek gaietako bat atera zuen saskitik. Kapitain pilotu izan zen egokitu zen gaia eta hori ardatz hartuta, abestiaren tonua eta ildoa zein izango zen erabaki genuen guztion artean. Hitz gako batzuk ere hautatu genituen Egañaren gidaritzapean eta Alberto de Abajok pantailan ipini zuen guztia txukun-txukun jarrai genezan.

Hau guztia pentsatu bitartean, Zabalak doinua landu zuen lehendabizi eta baita errepika ere. Haren metrikari jarraituz, arbelean leloaren letra osatu genuen. Jarraian, estrofako metrika ere eman zigun Zabalak eta letra jarri genion. Amaitzeko, sortutakoa abestu genuen Zabalak prestatutako musikaren laguntzaz.

Ederra izan zen abesti baten sorkuntza bertatik bertara bizitzea eta geure aletxoa jartzea prozesu horretan. Hau bizitzeko aukera baduzue, ez galdu!

1 iruzkin:

  1. Ederki! Zer egin daiteke entzuteko? Non dago entzungai?

    ErantzunEzabatu