Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Gasteizko Europa jauregian, kultur emanaldien zikloa hasiko den lekuan bertan. Kepa Junkerak eta Sorginek emango dute zikloko lehen kontzertua, Europa jauregian bertan, otsailaren 9an. Asier Amondo Korrika arduradunak eman du Korrika Kulturalaren berri. Horren bitartez, euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen “ahaleginaren eta lan militantearen atal txiki bat” eskaini nahi diote bueltan. Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan du Amondok. Gainera, Korrika Laguntzaile txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute Korrika Kulturalaren emanaldietan.
Estreinaldien artean, Kepa Junkera & Sorginak taldearen “Maletak” ikuskizunaz
gain, bestelako emanaldiak ere izango dira Korrika Kulturalean: Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikote artistikoak (Tartean Teatroa), zenbait musikarirekin bat eginda, “Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa” errepasatuko dute taula gainean; azken edizioetako arrakasta errepikatu nahi dute Bertsokorrika bertso-emanaldi sortarekin, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean; Kukai dantza-taldeak ikus-entzunezkoa eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu du, “Oskara plazara”izenekoa; Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak “Erradikalak gara” ikuskizuna ekarriko dute; eta, nola ez, Pirritx Porrotx eta Marimotos pailazoen “Tipi-tapa, Korrika!” ikuskizun koloretsua.
Korrika aplikazioa
Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS eta Android gailuetarako.
Korrikaren jaia
Otsailaren 11n Korrikaren urtemuga-festa ospatuko dutela gogoratu du Amondok, eta euskaltzale eta Korrikazale guztiak Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu ditu. Izen-ematea korrika.eus webgunearen bitartez egin daiteke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina