2016/05/31

Motibazioari buruzko saioa Ordizian

 

Goizeko eta iluntzeko taldeetako ikasle eta irakasleak Ordiziako D'elikatuzen elkartu ginen maiatzaren 24an motibazioaz aritzeko. Lehenik eta behin, Korrika 16rako egindako Bidaia intimoak dokumentala ikusi genuen.


Dokumentalean lau pertsona ageri dira, lau istorio, beraz. Batetik, euskara txikitan galdu eta gerora berreskuratu zuten bi lagun: Mixele lapurtarra eta Jesus Mari ermuar-gasteiztarra. Bestetik, kanpotik etorritako bi lagun : Rami tuareg-a eta Tereixa galiziarra, amodioak eta Ruper Ordorikaren kontzertu batek Euskal Herrira ekarritakoak, hurrenez hurren.

 

Ikus-entzunezkoaren ondoren, mokadutxoa egin genuen eta dokumentalean aipatutako kontuei buruz aritu ginen solasean. Jarraian, ikasleak taldeka antolatu genituen. Nola? Gelaren alderdi banatan lau pertsonaien izenak jarri genituenez, ikasle bakoitzak norekin identifikatu zen erabaki zuen eta haren izendun papertxoa zegoen tokira gerturatu zen.


Hala, hiru edo lauko taldetxoetan bildu ginen eta ikasketa prozesuaren hainbat alor izan genituen hizpide: euskara ikasten noiz hasi ginen, non eta nola ikasi dugun, arazoei nola aurre egin diegun, nola sentitzen garen orain, erabileraren garrantzia, norekin hitz egiten dugun euskaraz....


Gertutasun handiko elkarrizketa goxoak izan genituen eta talde ezberdinetako ikasleak hobeto ezagutu eta eurekin norberaren kezkak, sentipenak eta abar partekatzeko aukera izan zen, beste batzuk ere antzeko egoeretan daudela sentitzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina