2015/02/21

Bertso Korrikaren barruko saioa izango dugu hilaren 25ean Ordizian

Bertso Korrika ekimenaren barruan saio berezia izango da Ordizian otsailaren 25ean: II.Atera herriarteko bertsolari txapelketako finalisten errebantxa. Gabiriako taldeak irabazi zuen Atera txapelketako finala eta, oraingoan, Zumarraga-Urretxukoak saiatuko dira norgehiagokan gailentzen. Ekitaldia 18:30ean hasiko da Ordiziako euskaltegian eta herriko hainbat tabernetatik jarraituko du, poteoa eta bertsoa uztartuta. Ordiziako bertso-ekitaldia Goierriko Bertso Eskolak eta Goiztiri AEK euskaltegikook antolatu dugu.



Bertso korrika Ordizian from Goiztiri AEK euskaltegia

Bertso Korrika bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak pasa den 2013ko Korrika edizioan abiatu zuten ekimena da eta aurten ere jarraipena eman zaio. Herrietan Korrika girotzeko osatu den bertso zirkuitua da, nagusiki ostatu edo tabernetan egingo dena.

Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita. 

Prestakuntza saioa euskaltegian 

Euskara ikasle askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, bertsolaritzaren inguruko nozioak eta saioan zer topatuko duten, aurrez lantzen dute euskaltegian, bertso-eskolako gai-jartzailearen eskutik. 

Guk joan den asteazkenean egin genuen lanketa, Ainhoa Mujikaren eskutik. Saioaren hasieran, bertsoa zer den azaldu zuen eta baita bere ezaugarriak ere. Errima lanketa ere egin genuen, hitz bat proposatu eta ikasleek errimarako balio zuten hitz sorta osatu zuten guztien artean. Ondoren, Triste bizi naiz eta kantaren doinua eta letraren zati bat ere ikasi zuten jolas baten bidez. 

Jarraian, otsailaren 25eko gai proposamenak egin zituzten ikasleek taldeka jarrita: errimak, objektuak, gaiak eta pertsonaiak. Azkenik, Sustrai Colinak 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Mauleko kartzelako saioan egindakoa ikusi eta entzun genuen. 
Euskaltegikook prest eta irrikaz gaude, beraz, asteazkenerako. 
     Eta zu? Etorriko al zara? Animatu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina