2014/12/17

Hainbat ekintza izan ditugu Beasaingo Liburu Azokan



Abenduaren 12tik 14ra izan da zabalik XXV.Beasaingo Liburu eta Disko azoka, Goiztiri euskaltegikook antolatuta. Liburu eta diskoen salmentaz gain, nahiko egitarau betea izan dugu aurtengoan. Ostiral goizean Olentzeroren marrazki lehiaketaren sari banaketa izan zen eta gaztetxo eta senitarteko ugari bildu ziren plaza azpian.


Arratsaldean, hileroko literatur tertulia egin zuten hamabost bat lagunek, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburua ardatz hartuta.


Larunbat goizean, Goierriko bertso eskolako bertsolariak aritu ziren kantuan Aitor Calvillo gai-jartzaile zutela eta, jarraian, trikitilariek euren saioa eskaini zuten. 


Arrastian, berriz, literatur solasaldia egin zen hiru beasaindar idazle gazte bertan zirela: Irati Goikoetxea, Unai Baztarrika eta Mikel Alvarez. Euren azkeneko lanen inguruan solastu ziren: Andraizea narrazio liburua, Ezinbestean poema liburua eta Finlandia atalkako nobela. 


Ondoren, musikari buruzko tertulia izan zen Mikel Alvarezek gidatuta. Igor Alustiza, Xabi Mujika eta Unai Cuadrado herriko gazteek parte hartu zuten bertan. 


Mila esker azokan erosketak egin edota ekintzetan parte hartu zenutenoi. Datorren urtean berriz izango gara elkarrekin eta, bien bitartean, jarraitu musikaz eta literaturaz gozatzen!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina