Hilabetetako prestaketen ondoren,
atzo aurkeztu genien herritarrei 2012-2013 ikasturtetik aurrera erabiliko dugun
euskaltegi berria. Arratsaldeko zazpiak aldera ireki genituen euskaltegiko
ateak eta bertako azpiegiturak erakutsi genizkien bertara inguratutako guztiei.
Ehun lagun inguru elkartu ginen inaugurazio-ekitaldian. Euskaltegiko
arduradunen azalpenak jasotzeaz gain, euskaltegiko jardunari buruzko
argazki-sorta ikusi ahal izan zuten.
Ekitaldiko unerik hunkigarriena
euskaltegiaren kanpoaldean bizitakoa izan zen. Alde batetik, euskaltegiko
zuzendari den Karmele Santoyok eskerrak eman zizkien bertaratutakoei zein urte
hauetan guztietan bidelagun izandakoei. Ondoren, Mertxe Mugikak argi utzi zuen
zein den AEKren helburua: “Krisiak
krisi, AEK-k bere misioan esaten duena berretsi nahi dugu hemen eta orain, hau da, lanean jarraituko dugula Euskal Herri euskalduna lortu
arte. Nahiz eta non-nahi entzuten diren hotsek gauza onik iragarri ez, guk gure lanean eta eginkizunean sinesten dugu”. Goiztiri AEK-k “giza nahiz baliabide materialak jarri
dituela” nabarmendu zuen eta orain elkarlanaren txanda dela. Mugika ikasleei
zuzendu zitzaien bereziki, haien ikasteko nahia eta grina nabarmenduz.
Ekitaldia amaitzeko oturuntza izan zen.
Bertaratutakoen artean zeuden,
hala nola, AEKko ikasleak eta irakasleak (baita ikasle eta irakasle ohiak ere),
AEKko hainbat arduradun, horien artean, Mertxe Mugika kordinatzaile nagusia,
Oskar Elizburu eta Helios del Santo Artezkaritza Kontseiluko kideak eta Borja
Arbelaitz Gipuzkoako koordinatzailea; Ordiziako Udaleko ordezkariak, Igor
Eguren alkatea eta hainbat zinegotzi eta teknikar; Hitzaro euskara elkarteko
lagunak eta euskalgintzako eta politikagintzako hainbat kide: Andoni Sarriegi,
Dionisio Amundarain, IƱaki Murua, Karmele Aierbe, Andoni Zubeldia eta Paul Bilbao, besteak beste. Maizpideko eta
Beasaingo Udal euskaltegiko kideak eta hainbat herritar ere inguratu ziren.
Lokal berria, ikasturte berrirako
Behe Nafarroa eta Zuberoa kaleen
artean dago kokatua euskaltegi berria eta sarbidea Behe-Nafarroa kaletik du.
Garai batean “Txakurtxulo” izenez ezagutzen zen lekuan, gaztetxearen atzean,
dago kokatuta.
154 metro koadroko azalera du,
ezaugarri hauekin: hiru ikasle gela, tutoretza gela edota jarduera anitzetarako
gela, irakasle gela, harrera lekua eta bi komun.
Behin atzo lokala inauguratuta
irailean 2012-2013 ikasturteari bertan emango diogu hasiera.
Ordiziako Udalarekin hitzarmena
Era berean, inaugurazio ekitaldia
baliatu genuen Ordiziako Udalarekin hitzarmena jendaurrean sinatzeko. Igor
Eguren Ordiziako alkateak eta Mertxe Mugika AEKko koordinatzaileak izenpetu
zuten. Hitzarmenaren bidez euskaltegi
berriko jarduera anitzeko gelaren erabilera herritarrei irekia izatea adostu
zen, beti ere euskaraz egindako ekimenak badira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina