2012/06/13

Bitxi ederrak sortu dituzte bitxigintza ikastaroan


Bitxigintza ikastaroa izan zen maiatzaren 31n eta ekainaren 7an Beasainen, Asmuberen egoitzan. 19 lagunek parte hartu zuten Goiztiri AEK-k antolatutako ikastaroan. Leire Barandiaran beasaindarra izan zuten irakasle eta kafe kapsulekin belarritakoak, lepokoak, eraztunak eta paparrekoak egiten irakatsi zien parte-hartzaileei.


Lehenengo saioan Barandiaranek kapsulak lantzeko prozedura azaldu zien. Azalpenak entzun bezain laster, parte-hartzaileak fin-fin hasi ziren lanean, eta hainbat motatako eraztunak,lepokoak eta belarritakoak egin zituzten. 

 


Bigarren saioan, berriz, era askotako paparrekoak egin zituzten. Horretaz gain, irakasleak bitxikeria moduan kapsulekin egindako giltzatakoa erakutsi zien. Lehenengo saiora joan ezin izan zutenek belarritakoak egiteko ere probestu zuten bigarren egun hau. 



Eredua ikasi ondoren, ikasleek euren irudimena erabili zuten eurek nahi zituzten bezalako bitxiak sortzeko. Ikastaroa bi ostegunetan izan zenez, hainbat lagunek egindako bitxiak jantzi zituzten, eta dotore-dotore joan ziren pintxo-poteora.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina