2012/04/23

Bertsomovieda lehiaketako sariak banatu dituzte



Arrano Kultur Elkarteak antolatutako Bertsomovieda lehiaketako sari-banaketa izan zen joan den ostiralean Beasaingo Igartza jauregian. Beasaingo alkatea den Koldo Agirre, Unai Baztarrika Euskara eta Kultura zerbitzuburua, eta IƱaki Apalategi eta Aitor Sarriegi antolatzaile taldeko kideak izan ziren bertan. Parte hartzaileen kopurua eta lanen kalitatea nabarmendu zituzten antolatzaileek.

Sari nagusia bi lanen artean banatu zuten: 'Bertso Road Movie' eta 'Urpeko bertsoak'. Epaimahaiak bi lanen kalitate altua eta orijinaltasuna azpimarratu zituen, eta oso lan ezberdinak izanik, azkenean saria erdibana egitea erabaki zuten (lan bakoitzaren egileei 450na euro). 'Bertso Road movie' lanaren egileen ordezkari gisa, Alex Areizagak eta Jokin Muruak jaso zuten saria. Jon Martin bertsolari oiartzuarrak eta Igor Arruabarrenak eskuratu zuten sariaren beste zatia.


 
Bertso onenak dituen bertsomoviearen saria, berriz, 'Intxaur ondotik Intxaurpera' lanarentzat izan zen. Bideoko hiru bertsoek auzoaren izaera, garai bateko intxaurrondoaren figuratik abiatu eta gaur egungo bilguneetara egoki eta txukun islatzea saritu nahi izan zuen epaimahaiak. 300 euroko saria jaso zuten Arriarango Intxaurpe elkarteko kideek.


Publikoaren saria 'Bertso Road Movie' lanarentzat izan zen, 523 bozka jaso ondoren. Ataungo Urbitarte sagardotegian 15 lagunentzako otorduaz gozatuko dute  gabiriarrek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina