2010/12/21

Segurako urteko azken literatura-tertulia oso ondo joan zen.

Oso ondo joan zen urteari amaiera emateko Seguran egin zuten azken literatura-tertulia. Oraingo honetan, 7.ena, jada, liburu azokaren antolaketarekin bat egin eta Segurako egitarauaren barruan sartu zuten, gainera, ekimena. Oraingo honetan Andoni Etxeberria eta Aitor Ugaldek argitaratu berri duten “Beti Alai Aste Ta Jai” liburua aitzakia egin zuten tertulia eta ia 20 lagun inguratu ziren kultur etxe berrira. Ordu eta erdiko saioa izan zen, solasaldi aberatsa, oraingoan, literatura-tertuliako taldekoez gain beste hainbat herritarren parte hartzea ere izan baitzen. Aurrena liburuaren egileek liburuaren nondik norakoak azaldu zituzten eta ondoren bertaratuek hartu zuten hitza. Pasadizoak, argazki kuriosoak, emakumeak pilotan, garai bateko erreboteari buruzko daturik aurkitu al zuten, herri arteko txapelketak, Martin Alustiza, Xabier Imaz, afizionatuak, marronismoa, pilotaren etorkizuna… denetarik hitz egiteko parada izan zen. Egun Segurako pilota eskola eta oro har, Segurako pilotaren etorkizunaz hitz eginez amaitu zen aipatu tertulia. Martxo amaiera aldera izango da 8. saioa.

2 iruzkin:

  1. Zer da marronismoa?

    ErantzunEzabatu
  2. Marronismoa? Garai batean (XX.mendeko 60-70 hamarkadetan) profesionaletara pasatzea asko kostatzen zitzaien pilotariei. Arrazoia bestela ere lana egiten zutela eta batera ezinak zirela ia eguneroko lana eta profesional partidak (Bergara, Eibar...). Beraz, gehienak afizionatuak ziren eta askok eskura kobratzen zituzten jokatutako partidak. Federazioari hori ez zitzaion batere gustatzen eta jakinez gero zigortu egiten zituzten pilotariak. Profesionalak izanda ere askotan gehiago kobratzen zen ezkutuan arituta, iragarritako partidua jokatuta baino. Beraz, ulertuko duzuenez pilotari askok nahiago zituen eskura ordaintzen zitzaizkien partidu horiek. Gainera, federazioak ez zuen uzten egun berean neurkea bat baina gehiago jokatzea eta pilotari batzuk egunean bi eta 3 jokatutakoak ere baziren. Horri deitzen zaio marronismoa. Salatari handienak kazetariak beraiek izanten ziren, gainera, eta Federaziokoak egunkari bidez jakiten zuten euren pilotari batek beste herriren batean partida jokatu zuen ala ez. Marronismoa egiteagatik pilotari askok jaso zuten zigorra. Tertulian bertan Luli Telleriak esana: "partida ofiziala nuen Donostian eta aurretik, goizean, beste partida bat jokatutzekoa nintzen. Kobratu beharrekoa arratsaldekoa zen, baina Federaziokoak nonbait enteratu ziren goizean ere jokatu nuela partida bat eta arratsaldekoa jokatuz gero zigorra ezarriko zidatela esan. Egun horretan arratsaldean jokatu gabe geratu nintze, eta kobratu gabe, noski!". Marronismoa zer izan zen argiago azaltzen dute "Beti Alai Aste Ta Jai" liburuan egileek.

    ErantzunEzabatu