2015/02/26

Bertsoak, pintxoak, petoak eta poteak

iritzia: 


Saio berezia izan genuen asteazkenean Ordizian Bertso Korrikaren barruan: II. Atera txapelketako finalisten arteko errebantxa. Gabiriako taldea eta Zumarraga-Urretxukoa aritu ziren bertsotan nor baino nor. Taldeen arteko lehia estua izan zen baina, azkenean, gabiriarrek irabazi zuten oraingoan ere. Gabiriako taldea Jokin Muruak, Aratz Igartzabalek eta Mikel Asurabarrenak osatu zuten eta Zumarraga-Urretxukoa, berriz, Asier Sasietak, Maialen Akizuk eta Beñat Torresek. 


Ordiziako euskaltegian eman genion hasiera bertso-peto-poteo ibilbideari, ikasle eta irakasleok geuk egindako Korrikako petoa jantzita genuela.  Euskaltegi barruan mokadutxoa jan eta kanpoaldera irten ginen hasierako agurrak entzuteko. Entzule izateaz gain, epaimahaiko lana ere egin genuen; geldialdi bakoitzeko saioan gehien gustatu zitzaigun taldearen aldeko botoa eman genuen besoa jasota. Hona hemen hasierako bi agur:





Handik aurrera hasi zen bertsoen, pintxoen, petoen eta poteen arteko uztarketa. Lehenengo, geltoki pareko tabernara jo genuen eta han bertsolariak atakan jarri zituen Ainhoa Mujika gai-jartzaileak: ligatu ezinda batzuk eta zortzi oin bihurrirekin beste batzuk.





Handik Garagartza plazara joan ginen eta Beñat Torres eta Jokin Murua pertsonaia ezaguna asmatzeko jolasean aritu ziren. Maialen Akizu eta Mikel Asurabarrena, berriz, gustura aritu ziren bertsotan, eskutik helduta.


Barrena ingurura jo genuen ondoren, eta objektu batzuk izan zituzten eskuetan kanturako: iratzargailua eta 10 euroko billetea. Lurrikarak ere harrapatu zituen sei bertsolariak eta une horretan zertan ari ziren kontatu behar izan zuten.


Azken aurreko geldialdian Rajoy eta Pedro Sanchezen paperean kantatu zuten Jokin Murua eta Beñat Torresek: pintxo-potean elkartu ziren Pablo Iglesiasen aurkako estrategia prestatzeko. Umorea izan zen nagusi saioan baina gai serio baten inguruan ere abestu behar izan zuten Aratz Igartzabalek eta Maialen Akizuk.


Plaza izan zen azkeneko geltokia. Bertan euren ametsak kontatu zituzten eta puntukako lanean ere aritu ziren, i bokala duten hitzak erabili ezinda. Lan zaila izaki, bertsolari batzuk azkar geratu ziren jolasetik kanpo. Ariketa hauen ondoren ikasleek euren bozka eman zuten eta gabiriarrek berdinketa lortu zuten hirugarren puntua jasota. Bukaerako agurrek erabaki zuten irabazlea eta Gabiriako taldekideek eskuratu zuten garaileen petoa.





Han ez zen garaile eta galtzailerik egon, ordea. Guztiok izan ginen irabazle, bertso saio ederra entzun, sabela bete eta, eguraldia lagun ez izanda ere, giro ederrean egon baikinen. Ez al da hala?


Korrikako argazkien erakusketa izango da Beasainen larunbatetik aurrera

iritzia: 
Goierrin Korrika Kulturalaren barruan egingo diren ekintzen artean Korrikako argazkien erakusketa izango dugu Beasaingo Usurbe aretoan otsailaren 28tik martxoaren 8ra. Erakusketa 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik baina euskaltegi, ikastetxe eta bestelako taldeek beste ordutegi batean joan nahi izanez gero, eskaera egin eta erakusketaren ateak  zabalduko dira.



Erakusketa euskaltegiko ikasleekin batera prestatu dugu. Izan ere, eurek egin dute argazkien aukeraketa eta berauek itsastea.




Animatu eta gerturatu Korrika argazkien erakusketara!

Erosi Korrika 19ren kilometroa!

iritzia: 
Korrika 19ren kilometroa erosi nahi al duzu? Korrikaren ibilbideko zati batean lekukoa eramateko aukera izango duzu eta, horretaz gain, gizartea euskalduntzen jarraitzeko hauspoa emango duzu. Kilometroa erosi nahi baduzu, jarri harremanetan zure herriko Korrika Batzordearekin.

 
Animatu eta erosi kilometroa!

Korrika 19ko peto dotoreak egin ditugu

iritzia: 


Otsailaren 25eko Bertso Korrika ekimenerako prestaketa lanetan aritu gara aste honetan eta Korrika 19ren petoak margotu eta prestatu ditugu. Ikasle eta irakasleok bildu eta, Korrikako musika entzunez, petoak margotu ditugu hatzak eta koloretako margoak erabilita. 


Emaitza dotore askoa izan da. Zer iruditzen zaizue zuei? Oso peto politak, ezta?



2015/02/24

"Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara" manifestazioa larunbatean Donostian

iritzia: 


Datorren larunbatean, otsailak 28, manifestazioa egingo da Donostian Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Gipuzkoa plazatik eta Bulebarrean amaituko da. Hizkuntza-politiketan azken aldian Estatuen zein Nafarroako Gobernuaren bidez jasandako injerentziak salatzea eta hainbat administrazioetako arduradunek aurrera egiteko hartu duten determinazioa txalotzea da mobilizazioaren helburua.

spota-ots28 from Euskararen Kontseilua on Vimeo.





Animatu eta parte hartu, euskahaldun!

2015/02/21

Korrika Lagun martxan izango da hilaren 23tik aurrera

iritzia: 
 

Korrikak bi helburu nagusi ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegietan eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Korrika 19 honetan jasotako dirua AEK-k Euskal Herri osoan dituen gau eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko dugu.

Datozen asteetan, hilaren 23tik aurrera, Korrika Lagun jarriko da martxan Goierrin eta herrietako Korrika Batzordeetako kideak diru-ekarpen eske pasako dira taberna, denda, enpresa eta bestelako komertzioetatik. Azpian agertzen den gutuna jasoko duzue bertako jabe edota langileek, alde batetik euskaraz eta beste aldetik gaztelaniaz idatzia. Gutuna bertan utzi eta egun batzuk pasa ondoren, diru-ekarpena jasotzera pasako dira.





Zuek ere gure hizkuntza bultzatzeko eta sendotzeko kezka eta nahi bera izango duzuelakoan, diru-ekarpena egiteko zuen borondatea eskertuko genuke, bakoitzak ahal duen neurrikoa. Aldez aurretik, eskerrik asko zuen harreragatik.

Korrikako mus txapelketa Ormaiztegin

iritzia: 
Gaur Korrikako Mus Txapelketa jokatuko dute Ormaiztegiko kultur aretoan. 15:45ean izango da izen-ematea eta 16:15ean hasiko da jokoa. Ekin musari, euskahaldun, ondo pasa eta zorte on!


Hurrengo Korrika Batzordeak

iritzia: 


Hauxek dira Goierriko herrietako Korrika Batzordeen hitzorduak:
  • Olaberria: otsailaren 23an, 18:00etan, udaletxean.
  • Legorreta: otsailaren 23an, 19:00etan, udaletxean.
  • Beasain: otsailaren 24an, 18:00etan, udaletxeko areto txikian (batzar aretoaren ondoan).
  • Ordizia: otsailaren 26an, 18:00etan, Barrenako 8.gelan.
  • Lazkao: martxoaren 2an, 18:00etan, udaletxean.
  • Segura: martxoaren 2an, 18:30ean, kultur etxean.
  • Zegama: martxoaren 3an, 19:00etan, kultur etxean.
  • Ataun: martxoaren 4an, 18:00etan, udaletxean.
  • Ormaiztegi: martxoaren 4an, 18:30ean, udaletxean.
  • Idiazabal: martxoaren 6an, 18:00etan, udaletxean.

Animatu eta parte hartu, euskahaldun!

Otsaileko AIZU aldizkaria euskaltegian dugu jada

iritzia: 


Hotzaldi betean, bero-bero iritsi berri zaigu inprentatik otsaileko AIZU! aldizkaria. Elurrak ez du zuritu hilabete honetako azal koloretsua... Bertan, Aiora Zulaika (Pirritx), Joxemari Agirretxe (Porrotx) eta Mertxe Rodriguez (Marimots) ikus ditzakegu. Sudurgorriak herriz herri dabiltza, baita Korrika Kulturalean ere, Txo mikmak txikia ikuskizunarekin eta Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin elkarlanean.




Arin-arin atalean, AIZU!-ko lagunak David Doblas saskibaloi jokalariarekin mintzatu dira. Bestalde, erreportajean hainbat gai jorratu dute:Harrien artetik ernatu da gaztelua; Karena: haztegia eta plaza eta Ekitaldi berezia Nafarroan AEK eta Korrika babesteko.

AEK-ko ikasleek euskaltegian jasoko dute. Etxean jaso nahi duenak harpidetza egin dezake.

Bertso Korrikaren barruko saioa izango dugu hilaren 25ean Ordizian

iritzia: 
Bertso Korrika ekimenaren barruan saio berezia izango da Ordizian otsailaren 25ean: II.Atera herriarteko bertsolari txapelketako finalisten errebantxa. Gabiriako taldeak irabazi zuen Atera txapelketako finala eta, oraingoan, Zumarraga-Urretxukoak saiatuko dira norgehiagokan gailentzen. Ekitaldia 18:30ean hasiko da Ordiziako euskaltegian eta herriko hainbat tabernetatik jarraituko du, poteoa eta bertsoa uztartuta. Ordiziako bertso-ekitaldia Goierriko Bertso Eskolak eta Goiztiri AEK euskaltegikook antolatu dugu.



Bertso korrika Ordizian from Goiztiri AEK euskaltegia

Bertso Korrika bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak pasa den 2013ko Korrika edizioan abiatu zuten ekimena da eta aurten ere jarraipena eman zaio. Herrietan Korrika girotzeko osatu den bertso zirkuitua da, nagusiki ostatu edo tabernetan egingo dena.

Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita. 

Prestakuntza saioa euskaltegian 

Euskara ikasle askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, bertsolaritzaren inguruko nozioak eta saioan zer topatuko duten, aurrez lantzen dute euskaltegian, bertso-eskolako gai-jartzailearen eskutik. 

Guk joan den asteazkenean egin genuen lanketa, Ainhoa Mujikaren eskutik. Saioaren hasieran, bertsoa zer den azaldu zuen eta baita bere ezaugarriak ere. Errima lanketa ere egin genuen, hitz bat proposatu eta ikasleek errimarako balio zuten hitz sorta osatu zuten guztien artean. Ondoren, Triste bizi naiz eta kantaren doinua eta letraren zati bat ere ikasi zuten jolas baten bidez. 

Jarraian, otsailaren 25eko gai proposamenak egin zituzten ikasleek taldeka jarrita: errimak, objektuak, gaiak eta pertsonaiak. Azkenik, Sustrai Colinak 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Mauleko kartzelako saioan egindakoa ikusi eta entzun genuen. 
Euskaltegikook prest eta irrikaz gaude, beraz, asteazkenerako. 
     Eta zu? Etorriko al zara? Animatu!

2015/02/19

Denok Korrikara, ukelelearen erritmora!

iritzia: 
Korrika Kulturalak hiru lehiaketa dauzka abian: bideo lehiaketa, bideokoplarena eta abestiaren bertsioarena.

Abestiaren bertsioaren lehiaketan, euskahaldunek edizio honetako Korrikaren kantaren musika bere estilora egokitu behar dute, letra bere horretan mantenduz.

Jo Ukeleleak ere parte hartu du eta bere lana #eushaldun guztiokin partekatu nahi izan du. Gozatu, ukelelearen doinuarekin eta martxoaren 19tik 29ra... denok Korrikara!

Korrika, bikoteka eta euskaraz!

iritzia: 

Hilabete besterik ez da falta 19. Korrika hasteko eta, motorrak berotzeko, Donostiako AEK-k hirugarren urtez binakako lasterketa antolatuko du martxoaren 8rako, 10:30ean. Lasterketa honetan korrikalari euskahaldunek binaka parte hartu beharko dute: mutil-mutil, neska-neska edo neska-mutil. Modalitate bakoitzeko lehenengo hiru bikoteentzako sariak izango dira.
  • Luzera: 6,25 km
  • Irteera eta helmuga: Bulebarrean, Bretxa parean.
  • Prezioa: 20 euro bikoteko, aldez aurretik. Sariak partaide guztientzat.
Hasi Korrikarako prestatzen. Jantzi zapatilak eta parte hartu AEKren III. binakako lasterketan, euskahaldun!

2015/02/17

EGA taldekoen kantak

iritzia: 
Ordiziako iluntzeko EGA taldekoak kanta bana ekartzen hasi dira klasera eta hauexek dira aurreko astean ekarri zituzten bi kantak. Ibanek Kortaturena ekarri zuen eta Olatzek Zea Maysena.





Gustatzen al zaizkizue abestiak? Zein gustatzen zaizue gehiago eta zergatik?

Hilaren 27an egingo dugu sagardotegira irteera

iritzia: 


Hitzaro euskara elkarteak eta Goiztiri euskaltegikook Ataungo Urbitarte sagardotegira irteera antolatzen dugu urtero eta hilaren 27an izango da aurtengoa. Hitzaroko bazkideek, Mintzalagunek eta euskaltegiko ikasle eta irakasleok  hartuko dugu parte irteeran eta baita beste zenbait herritarrek ere.


25 euroko kostua du afariak eta hauxe izaten da menua: bakailao-tortilla, bakailaoa, txuleta eta, postrean, intxaurrak eta gazta. Horretaz gain, afalondoren, trikitilarien saioa izaten da eta guztiok dantzan aritzen gara.


Gainera, autobusean joateko aukera ere izango da. Autobusa Ordiziako tren geltokitik abiatuko da 20:30ean eta Beasaingo Zaldizurreta kaleko biribilgunean (trena dagoena) geldituko da 20:45 aldera. Handik Ataungo Urbitarte sagardotegira joango gara eta gaueko hamabiak aldera itzuliko gara.

Irteeran parte hartu nahi baduzu, eman izena euskaltegian otsailaren 24a baino lehen. Animatu!

2015/02/13

Goierriko kirolariak ere euskahaldun

iritzia: 


Guk erosi dugu Korrika arropa, eta zuk?

Korrika 19ri buruzko unitate didaktikoa

iritzia: 
Gero eta gutxiago falta da Korrika 19ri hasiera emateko eta atzo aurkeztu zuten Xan Airek, Euskal Herriko Ikastolen izenean, eta Asier Amondok, AEK-Korrikarenean, elkarlanean egindako unitate didaktikoa. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eman zuten ikastetxeek erabili ahalko duten material bilduma.

Unitate didaktikoa adin tarte guztietako ikasleei zabaldutako (haur hezkuntzatik 18 urtetara) eta 10 egunerako prestatutako Korrikari buruzko materiala da, Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna. Helburua euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da, AEK-k antolatutako Korrika ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartarazteko. Horretarako, Korrika 19ren mezua, kanta eta bideoklipa ditu eta Korrika Txikirako prestaketa egitera gonbidatzen dira adin-talde guztiak. Horrez gain, jarduera desberdinak dituzte unitate didaktikoan, adin tarteen araberakoak.


Irakasleei Korrika Txikiak antolatzen eta prestatzen laguntzeko baliagarria izateaz gain, Korrikaren alde egiten duten lan handia eskertzeko modu bat da. Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta Korrikaren nahia, espiritua eta filosofia da ordainetan zerbait ematea.

UNITATE DIDAKTIKOA JAITSI

Ipuin klasikoen jarraipenak

iritzia: 

Ordiziako iluntzeko EGA taldeko hiru ikaslek ipuin klasiko bana hautatu dute eta euren jarraipena asmatu dute. Idatzitako testuak azpiko dokumentuan bildu ditugu eta, orain,zuek bozketa egingo dugu onena zein den erabakitzeko. Gehien gustatu zaizuenari 3 puntu eman behar dizkiozue, hurrengoari 2 eta azkenari puntu 1. Irakurri testuak eta iruzkinetan adierazi ipuin bakoitzari zenbat puntu eman dizkiozuen. Has dadila lehiaketa!


2015/02/12

Pintxoak egin, deskribatu eta jan

iritzia: 


Ordiziako eguerdiko taldeko ikasleek pintxoak prestatu dituzte, errezetak lantzen ari direla aprobetxatuz. Prestatu bakarrik ez, eurek egindako pintxoa ere deskribatu nahi izan dute bideoan. Hori bai,etzanda egin dute aurkezpena eta burua okertu beharko duzu bideoa ikusteko. Ea zer iruditzen zaizuen!



Gustatu al zaizkizue pintxoak?

Taloak eta giro goxoa

iritzia: 

Talogintza tailerra egin genuen otsailaren 10ean Arriarango Intxaurpe elkartean eta 80 bat lagun bildu ginen bertan. Ohiko moduan, Segurako talogileek orea nola egin erakutsi zuten eta, ondoren, mahaietan banatu eta bakoitzak bere taloa egiteari ekin zion. 



 

Batzuek itxura dotoreagokoa egin zuten eta beste batzuek ez hainbeste, baina horrekin gehiegi kezkatu gabe, sutara eraman eta jakirekin batekin bete ondoren, solasean eta giro goxoan aritu ginen jaten. Gehiagorako gogoz geratu bazarete, lasai, datorren urtean ere aukera izango duzue eta!



Argazki gehiago hemen.

2015/02/11

Zaindu maite duzun hori

iritzia: 
Ordiziako goizeko A2 taldekoek abestiak lantzen dituzte astero eta hauxe da aste honetarako aukeratutako abestia: Ruper Ordorikaren 'Zaindu maite duzun hori'.





Gustatu al zaizue? Zer sorrarazten dizue abesti honek?

Musika eta bertso ikuskizuna izango da gaur Seguran

iritzia: 


Gaur 'Bat-batean, munduko musikekin bertsotan' emanaldia izango da Seguran, 18:30ean, Botikaxar aretoan. Laiotz Herri Eskolaren kultur astearen eta Korrika Kulturalaren barruan antolatu da ekitaldi hau. 

Emanaldi hau bertso saioa da baina baita musika eta kantu saioa ere. Hitz bakoitzak bat-batekoak izaten dira, lekura eta unera egokituak. Musika doinuak, aldiz, aurretik hautatuak dira: sanba, sona, tangoa...Oskar Estanga eta Jon Martin bertsolariak arituko dira Seguran. 


Goierriko Bertso eskolak urtero ekitaldi bereziren bat egiten du taldea duen herriren batean. Azken urteetan, esaterako, Ataunen, Lazkaon eta Zaldibian egin dute eta aurten Seguran bertso eskola martxan jarri denez, bertan egitea erabaki dute. Saioaren helburua gazteen artean bertsozaletasuna bultzatzea da.

Animatu eta parte hartu!

2015/02/10

Aste honetako Korrika aurkezpen eta batzordeak

iritzia: 
 

 Hauxek dira herrietan lotuta dauden hurrengo hitzorduak: 
  • Idiazabal. Otsailaren 10ean, 18:30ean, kultur etxean.
  • Ordizia. Otsailaren 11n, 18:00etan, Barrenako 7.gelan.
  • Itsasondo. Otsailaren 11n, 19:00etan, udaletxean.
  • Zaldibia. Otsailaren 11n, 19:40an, kultur etxean.
  • Olaberria. Otsailaren 12an, 17:30ean, udaletxean.

Korrika arroparen desfilea egin dugu Donostian

iritzia: 

Korrika 19ren desfilea egin genuen joan den larunbatean Donostian. Hainbat AEKidek eta zenbait senidek parte hartu zuten modelo lanetan. Zuzeneko musika ere izan zen, Korrika 19ren kanta jo baitzuten ekitaldian bertan. 


Gogoan izan Korrika arropa Beasaingo Herri Dendan duzuela salgai, ostiraletan, 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Animatu eta izan euskahaldun arropa!

2015/02/09

Otsaileko lehiaketa

iritzia: 

Hilabete honetako galdera: Nondik sartu eta nondik aterako da Korrika 19 Goierrin?



Saria: martxoaren 18an Ordizian egingo den eskualdeko Korrika afarirako 5 txartel.
Parte hartzeko azken eguna: otsailak 28.
Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.


Lehiaketaren laguntzailea:
                                 

2015/02/06

Korrika Kulturalaren inguruko material bilduma

iritzia: 
 

Korrika Kulturala ere martxan dugu eta menuan hainbat kontu ditugu: antzerkia, musika, bertsolaritza, ardo dastaketa...Korrika Kulturala ikasleekin lantzeko material bilduma kaleratu berri du AEKren Didaktika sailak eta hementxe duzue eskuragarri.

2015/02/05

Agate Deuna bezperan kantuan aritu dira Ordizian

iritzia: 
 
Urteroko ohiturari jarraituz, AEKren euskara klaseak jasotzen dituzten jubilatuak kopla kantari atera ziren Urdanetako ikasleekin eta jubilatuen abesbatzarekin. Aurtengoan, ordutegi berean klasea izaten duten beste bi ikasle talde ere batu dira ekimenera. 


Lukusain plazatik atera ziren eta, ondoren, Barrena ingurura jo zuten eta, azkenik, Barrendain plazan amaitu zuten kopla-kanta. Ez dakit lurra esnatzerik lortu zuten baina gustura ibili ziren, behintzat, euskaraz kantuan eta giro politean.

Korrikaren arropa desfilea eta Gosariak ikuskizuna Donostian

iritzia: 
Korrikaren inguruan antolatutako hainbat ekitaldi izango dira otsailean eta martxoan eta Donostian bi hitzordu ditugu: Korrika arroparen desfilea eta Gosariak ikuskizuna.

 

Donostiako euskahaldunek Korrikako arropa desfilea antolatu dute larunbaterako, otsailaren 7rako. San Juan kalean (Bretxa ondoan) izango da, 11:30ean. Hori bai, eguraldi txarra egiten badu, Bretxa barruan egingo dute, lehenengo solairuan.Musika zuzenean eta giro bikaina asteburuko hotzari aurre egiteko!

Bestetik, Gosariak ikuskizuna ere izango da otsailaren 13an, 22:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Sarrerak 9 eurotan daude salgai Donostia Kultura webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Kultur Etxeko leihatilan ere salduko dira emanaldia hasi baino ordubete lehenago. Animatu eta izan Gosariak euskahaldunaren parte!


AEK eta Korrika Tribuaren Berbak saioan

iritzia: 
Euskararen txikitasunaren handitasunaz arituko dira gaurko ETB1eko Tribuaren Berbak saioan. Euskara erreferente edo eredu den alorretako kideekin mintzatuko da Kike Amonarriz: Garabideko Ander Bolibar eta Maddi Iñarra, Andoni Egaña, Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Kontseiluko Paul Bilbao eta  AEK-ko Mertxe Mugika eta Korrikako arduradun Asier Amondo.


                
Zoritxarrez agur esan beharko diogu euskararen inguruko saioari. Izan ere, gaur eskainiko dute azken programa, 22:15ean. Tribuaren Berbak saioa bera ere erreferentea izan da euskaldunontzat. Tribuaren Berbak ere euskahaldun!

2015/02/03

Izan Korrika Laguntzaile!

iritzia: 


Korrika Laguntzailea kanpainak martxan jarraitzen du. Korrika diruz laguntzen dutenek, 12 euroren truke, Laguntzaile direla adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izateko txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa eskuratuko dituzte.
Korrika Laguntzaile izan nahi duen orok gure euskaltegian egin dezake eskaria.  Internet bidez ere egin daiteke. 

AEKri eta Korrikari laguntzeko modua

AEK-k 1980an lehenengo Korrika antolatu zuenetik, 18 Korrika eta 34 urte igaro badira ere, herria euskAHALduntzen jarraitzeko laguntza behar du, inoiz baino gehiago.

Urteek aurrera egin badute ere, helduen alfabetatze eta euskalduntzerako dauden diru-laguntzak ez dira nahikoak. Iparraldeko eta Nafarroako ikasguen egoera larria da, eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru-laguntza politika oraindik ere ez da nahikoa.

Prest da Korrikaren mugikorrerako aplikazioa

iritzia: 
Korrika sakelan izan dezakezu, nahi izanez gero. Euskararen aldeko lasterketa non dagoen, zein abiadurarekin datorren, zauden lekura iristeko zenbat denbora falta den...Hori guztia jakin ahalko duzu Korrikaren aplikazioa zure mugikorrean instalatzen baduzu.

Hauxe topatuko duzu, besteak beste, aplikazioan:
  • Egoera pantaila: Korrikaren unean uneko egoera eskainiko duen pantaila nagusia, alegia. Ibilbidea, lekukoaren kokalekua denbora errealean eta norberarena ezagututa, Korrikarekiko distantzia zein den eta beste hainbat kontu ezagutzeko parada izango duzu.
  • Korrika kulturalaren agenda:  Korrikaren inguruan antolatzen diren kultur ekitaldiei buruzko informazio guztia biltzen duen agenda.
  • Argazki lehiaketa: Korrikak irauten duen egunetan (martxoaren 19tik 29ra) Korrikarekin loturiko argazkirik onenek saria izango dute.
Akting enpresak garatu du Korrikaren sakelako telefonoetarako aplikazioa eta Google Store (Android) zein App storetik (Apple) deskarga daiteke, doan. 

Deskargatu Korrikaren aplikazioa eta izan euskahaldun!